Elur urtua

2010 - 01 - 18

 

Leku batzuetan elurrak

mila urte irauten du,

nire bihotzean, ordea,

ez da elurrik egoten,

eta ezusteko gau batean,

maluta zuriek ukitzen banaute,

etorkizun urtua dute,

etorkizun lurrindua.

Lur beroaren moduan

edo hego haizeak bezala,

nire bihotzak berehala

desegiten du elurra.

Ilbetearen biharamunean

2010 - 01 - 06

Eguzkitza 

Urmaela lehortu zen abenduko hasierako egun batean.

Ezustean, negu euritsua egin beharrean, sikatea egokitu zen lautadan. Erreken emaria agortuz joan zen, lur azpiko hezetasuna idortu, eta zelaietako azalerak hauts eremu zabalak bihurtu ziren. Uda beroaren ondoko giroan belarrek berpizteko aukerarik ez, animali txikiek egarria ezin jasan, lautada osoan bizitza zimelduz joan zen, azkenik urmaela erabat lehortu zen arte.

Noizbehinka zomorro batek zeharkatzen zuen harri mordo batetik enbor oker baterainoko bidea, aldian behin auskalo nondik iritsitako txori errari batek bizpahiru zirkulu osatzen zituen urmael lehorraren gainean moko hutsik berriro alde egiteko. Eguzkia altxatzen zen goizero ekialdetik, eta ezer gertatuko balitz bezala mendebaldetik ezkutatzea erabakitzen zuen arratsaldero, goibel.

Eta halako batean, ilbetearen biharamunean, hodei beltz batzuk agertu ziren hegotik, eta haiekin euria, eta haiekin erreken emaria, lurraren hezetasuna, lautadaren bizitza. Urmaela betetzen hasi zen.

Ez ziren egun asko behar izan zelaiak berdetzen hasteko. Orduan ikusi nuen artzaina mendietatik behera, artalde osoarekin eta bi zakurrekin, alai. Urtarrila zen ordurako, eta neguaren gordinena oraindik zegoen zain lautadan. Egurra egin beharko genukeen agudo, eguraldiaren gogorrari eutsi nahi bagenio.

Azken udarea

2009 - 11 - 25

 

Oraindik orain

azken udarea noiz iritsi zain,

frutontzia ipintzen dut

mahai gainean eta

hari begira geratzen naiz,

buru-belarri jarrita,

gorputza geldirik,

une soil hau

betikotasun bihurtu nahirik,

arreta azkenaurreko udarean,

isilik, erne, adi.

Leihoaren bestaldean garrasiak omen,

iskanbila kalean,

sarekadak, torturak, oinazeak,

agintarien muturreko eraso histerikoak

nik azkenaurreko udareari begira

isilik jarraitzen dudan bitartean.

Pintzelak hartzen ditut, eta oihala,

udare umotuaren kolore lizuna

betiko irudikatzeko.

 

Azken udarea frutontzitik

erortzen denean

lurraren kontra lehertuz,

orduan,

pintzelak utzi,

leihoa zabaldu eta

iskanbila guztien amaieraz

gozatuko dut.

 

"El veritable pintor és aquell que és capaç de pintar pacientment una pera envoltat dels tumults de la història", Salvador Dalí 

Urmaelera botatako harria

2009 - 10 - 27

Baigorri - Oteitza 

Ezin nuen gogoratu,

urmaelean uhin borobilak

geroz eta zabalago,

geroz eta urrunago

hedatzen zihoazen heinean,

ezin nuen gogoratu

harria

–hondo lohitsuan etzanda

egongo zen harria–

zertarako bota nuen,

zenbateko indarrez,

zein formatakoa zen

urmaelera bota berri

nuen harria,

ezin gogoratu nuena

uhin borobilak

geroz eta apalago,

geroz eta ahulago

desagertzen zihoazen heinean.

Lurrikara

2009 - 10 - 19

Baigorri 

Lurrikara batek astindu gaitu

etxea dardarka utziz

eta lanparak dantzan bortizki,

armairuetatik erori dira platerak

eta barazki poteak,

apaletatik liburuak, sabaitik igeltsua.

Ohe azpian sartu naiz

burrunbak izutzen ninduelarik,

nire besoetan bilduta

astindua noiz amaituko.

Zuk berriz, paretei eutsi diezu,

horrela eroriko ez zirelakoan,

irmo geratu zara

nahitaezko zutabe gisa,

eta lurraren ikarak

desitxuratu zaitu, hondatu,

eraikina hondatu digun moduan.

Egunak behar izan ditugu

etxea txukuntzeko,

baina nik dardarka jarraitzen dut,

eta zuk, pitzaturik.

Leros

2009 - 09 - 24

Leros 

Lerosera iristen zarenean, barkutik jaitsi eta bertan oina jartzen duzunean, badakizu hori dela lekua, horra iritsi behar zenuela laster edo berandu. Ontziak utzi zaituen lekuan bertan arrantzaleak ari dira sareak konpontzen. Kale bakar bateko herrixka itsasoaren ondoan, etxeak ur gardenetaraino eta zuhaitzak uretan bertan ia. Lasaitasuna, gazteez betetako taberna bakarrean ezik, eta herri gunetik aterata, badia inguratzen doan errepidea. Honelako beste zenbait golko dauzka Lerosek, historian zehar ekintza bortitzen lekuko isilak izen direnak, zibilizazio desberdinen altxor preziatuak. Baina gaur, ororen gainean urdina, eraikuntzetan, zeruan eta itsasoan. Aire eta ur gardenak. Motor txikia gidatuz irla pixkanaka deskubritzearen plazera. Entsaladak eta saganakia. Eta sekulako bainuak Egeoko ur gazi epeletan. Iritsi behar zenuen lekura heldu zara, Leros uhartera, eta berehala konturatu ere.

Leros 

…eta hala ere

2009 - 09 - 07

 

Lurrean eserita

bi hankak gurutzaturik

hutsunea eragiten buruan.

Oroimenak ezabatuta,

urteek utzitako uztak deuseztatu,

gogoetarik ez, distrakziorik ez,

niretzako izan zarena ahaztu

udako arratsalde sargori honetan,

nire oroitzapenetatik egotzi

zure aztarnarik ñimiñoena,

agur esan, musu iheskor bi

eta zure arima osoa ihesean,

goibel eta burumakur.

Lurrean eserita

bi hankak gurutzaturik

hutsunea eragin nahian buruan,

eta hala ere…

Haritzaren itzala

2009 - 09 - 03

 

Itzalak irudi lausotua

belardiaren gainean,

haritzaren adarrek

bide bihurrietako mapa

eskaintzen diete

larreko zomorroei

jarrai dezaten aurrera

eguzkiaren erasotik babestuta.

Denbora osoan

haritzaren geldotasunak

ziurtatzen du itzalak,

bide bihurriak,

belazean mugituko direla,

lekuz aldatu,

eta haiengan, zomorro isilek ere,

aurrera jarraituko dutela.

Zorte oneko izarra

2009 - 07 - 18

 

 

Zorte oneko izarrak

gidatzen nau, antza,

eta ni konturatu ez.

 

Lasaitasun osoa

nire barnean, ustez,

gauez eta egunez.

 

Hodeiak, enarak

2009 - 06 - 30

 

Hodei ilarak mendebaldetik

iluntze aldera,

eguzkiaren azken izpien

argia orekan.

 

Enarak, hain beltzak, presaka

urratzen airea,

udako gau geldo epelen

zarata eroa.

 

Begiak ixten zaizkidanean,

itxi, patxadaz,

badoazkit ere, ihesean

jazartzen nauten hodeiak.

HATSA

2009 - 06 - 23

 

 

MAITE DITUGUN OLERKARIAK

HATSA elkarteak antolatuta

Larunbata Ekainaren 27an

9h 1/4 elkartzea: Senpere-Larraldean

10etan Oinezko ibilaldia (Atxulegi Ainhoan)

Ordu batean bazkaria Zugarramurdin
(Bazkariarentzat izenak eman behar dira Ekainaren 24eko: hatsaelkartea@aol.com

4 etan: Larraldean, Josemari Zendoia-ren olerki irakurketa (Amuitz orri honetan idatzi ditudanetako batzuk, argazkiez eta musikaz lagunduta)

5 etan: Liburu aurkezpena :

  • Auxtin Zamora-ren “Zernahi izan eta ere”, Instinktozko hitz eta marraskiekin  lortua
  • Koldo Zubeldia-ren  “Antologia poetikoa 1984-2009”, tranze askotatik iraganda idatzia

Beraz, gonbidatuta zaudete

Hitzak eta loreak

2009 - 06 - 16

 

Loreak zimeltzeko jaiotzen badira

koloreak lehertu, usainak zartatu,

bizitzak eztanda udaberrian.

Loreak zimeltzeko jaiotzen baitira.

 

Hitzak isiltzeko asmatzen badira,

amodioak lehertu, ideiak zartatu,

hartu emanak eztanda gizaki aroan.

Hitzak isiltzeko asmatzen baitira.

 

Plastikozko loreak salgai txinoan,

plastikozko hitzak gure ahotsean.

Ariketa

2009 - 05 - 28

 

Ohitu egiten zara errutinara,

bat-batean dena desagertzen da

(batzuetan)

zenbaitetan dena borborka dago

(beste batzuetan)

eta aditzak sobera dauzkazu

(izan liteke)

eta gero dena duzu gehiegizko

(hala da)

eta ezin duzu errutinara ohitu

aldatzen direlako gauzak,

hurrengo esaldia esateko

hitz guztietatik bakarrik

inoiz ez eta haietatik

soilik ez paperera baina ezinezkoa

orriek mugak albo bietan,

eta goian, eta azpiko aldean,

orduan zentzurik gabeko esaldi luze bat,

ea nola, gabe ere idazle gorenak

ondoko esperimentu inkontziente bat

besterik ez,

gero kurtsorea

maiz esapideak

(ezabatuta hemendik aurrera).

Barnean: zirrara.

Izan

Goragalea

2009 - 05 - 19

 

Batzuetan goragalea etortzen zait

eta sabeletik indarra egitean,

koloreak ateratzen dira,

garbi garbiak.

Begiratzen dut

komun zuloan eroritakoa:

iruditzen zait

horiarekin batera

gorrotoa doala beheti,

ur itogarriak laranjatuak dira,

eta urdinak eztarria

urratu dit.

Gero dena ubeltzen da,

eta itxaropen izpi bat

etsaiaren etxean bertan

lehertu egiten da.

Orduan lasaitzen naiz,

kamamila hartu izan banu bezala.

Gardena.

Nirekin etorri

2009 - 05 - 10

 

Azala berdea zen,

baina horia izateko bidea zeraman,

altxorra zuria zen,

azal beltzaren azpian gordea.

Eta halere bagenekien

kolore bakarra marroia zela.

 

Ikasi genuen sukalde piztuetako

leihoetara begiratzen,

irakurri genuen gaitzari aurre egiteko

belarren zerrenda.

 

Lorezaintzako eskuliburu batean

paradisua aurkitzea bezala,

edota drogarik eraginkorrenak

vademecum zaharkituetan topatzea,

halakoxea izan zen bidaia,

halakoxea itzulera,

baina berandu egin zitzaigun

eta konturatzerako

irudi baten bila genbiltzan

gaueko azken orduan,

norabide jakinik gabe galduta.

Denboraren labirintoa

2009 - 04 - 30


Denboraren labirintoan

lortu behar duzun helmuga

une bat besterik ez da,

anabasatik askatuko zaituen unea.

Bidegurutze bakoitzean

ez dakizu aurrera jo,

edo egindako bidean itzuli,

edo ezkerretara joan, eskuinetara…

Ez dakizu non zegoen etorkizuna,

non ikusiko duzun alde egindako denbora.

Ezin duzu atzeman

etorkizuna eta iragana

inguratzen dituen pasabidea.

Ez zenekien bihar itsasoan bainatzen zarenik,

ez duzu jakingo atzo euripean bustitzen zarela.

Denboraren labirintoan ez dago denborarik.

Horregatik zaude hor galduta,

betidanik, betiko.

Horregatik zaude orain,

hori besterik ez dakizu orain.

Ito itzazu

2009 - 04 - 16

 

Entzun ezazu,

entzun, isiltasuna.

Entzun itzazu,

entzun, hotsak.

Ikus ezazu,

ikus, isiltasun beltza.

Ikus itzazu,

ikus, arratseko hotsak.

Ito ezazu,

ito, isiltasun beltz lehorra.

Ito itzazu,

ito, arratseko hots zakarrak.

Ez zaitzatela haiek ito,

ito itzazu ibai behera doan ur ozenetan.

Hizkien jarioa

2009 - 04 - 02

Baiona_Liburutegia

Txindurri ilarak egiten duen bezala oztopo bat jartzen dudanean, hizkien jarioa lekuz aldatu bai, baina ez da eteten.

 

Lurra harrotzen badut edota busti, sekulan ez naiz infinituraino iritsiko, haatik, nire ekintzaren mugaren bestalderaino iritsiko da txindurri ilara, lekuz aldatuta bai, baina ez etena. Hala hizkien jarioa…

Otea eta itsasoa

2009 - 03 - 24

Arrokaundieta 

Udaberria hastear dagoenean

itsasora erortzen diren amildegietan

otaloreak dirdiz egiten du

eta bere kolore horiak

ozeanoaren zilarra menderatu nahi du.

 

Itxaroten duzu belardian etzanda

ni argiari so egiten nagoen bitartean,

erakartzen nauen argitan geratzen bainaiz

neguko azken ilunabarretan,

gaurtik aurrera indartuko den argia delako,

berotuko gaituen kemena duelako.

 

Itxaroten duzu belardiko mahaietako batean eserita

nik nire baitan jarraitzen dudan bitartean,

begirada infinituan iltzatu baitzait,

nahigabearen mugan,

itxaropenaren beste aldean.

Itsasoko eszena

2009 - 03 - 20

 

Batera eta bestera ibiltze honetan, itsasoko eszena bat inprobisatzeko denbora besterik ez dut, arrunt eta soila: olatuek arinki kolpatutako arrokak, hondartza aldera hurbiltzen den txalupa urdina eta arrainen erraiak itxaroten duten antxetak.

Eta txaluparen arrastoa poliki desagertzen itsasoaren azaleran.

Arrantzaleen hitzak geruza urdinen artean barreiatzen dira.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter