Biribilgunea
eta zer geratzen da guzti hartatik?
Iristen naiz, bidea aurrera eginda, biribilgune batera.
Itxaron behar dut, itxaron behar dugu errepide beretik gentozen guztiak. Jatorri berdina eta antzeko iragana genuen, leku beretik gatoz, paisaia berberak ikusi ditugu bidean, oztopo berberei egin behar izan diegu aurre.
Orain, biribilgunean bidea utzi behar diegu honaino gure aurretik iritsi direnei, beste inguru batzuetatik zetozenei, haien etorkizuneko norabidea bilatu nahian dabiltzanei.
Hemen nago, pixkanaka aurreratzen, poliki ari naiz bidegurutzera iristen, noizbehinka geratzen da lekua gutakoren batentzat.
Azkenean ni ere sartu naiz korronte zirkularrean, eta ibai zabalago batek narama bueltaka, nire irtenbidea aurkitzen dudan arte. Horra iritsita baztertu egiten naiz bidearen zati berriari ekiteko. Eta orain pentsatzen dut: nondik nentorren ni? non daude nirekin batera zetozenak, oztopo berberak nirekin gainditu zituztenak? nortzuk dira nire oraingo bidaideak?
eta zer geratzen da guzti hartatik?
