Umetako tranbiak

2006 - 03 - 31

Garai hartarako Zaragoza hiri handia bihurtua zen, frankismoaren urte gordinenetan asfaltozko alfonbrak bailiran zabaldutako hiribideen erdian. Aurrerapen ekonomiko eta sozialaren ikur ziren kale zabal haiek auskalo zenbat miseria gordeko zituzten. Bistan zegoena, dena den, irudi ona emateko ikuskizuna zen: espaloi txukunen erdian, orduko harrotasun espainola eta gaurko nostalgia unibertsala gordetzen zuten seiszientos eta milkinientos eta haien tarteko tamainako autoak gora eta behera zebiltzan.

Bazebiltzan ere, kotxe kopuruak artean hala uzten baitzuen, koloretako tranbiak, lurzoruan sartutako burdinbide mehar paraleloen gainean. Gehienek bi bagoi zituzten, lehenbizikoak motorea zeraman, itxura hauskorreko pantografoa, gidariaren tokia eta bidaiarientzako eserlekuak, bigarrena soilik bidaiarientzako zen. Hiriaren erdigunean, asfaltoaren ordez oraindik galtzada-harria mantentzen zuten kaleetan, periferiatik zetozen tranbia-linea desberdinak elkartzen zihoazen, eta tranbien kopurua kaleetan handitzen. Geltokietan bi edo hiru tranbia egon zitezkeen aldi berean; handik ateratzean lehenak eskuinetara joko zuen, bigarrenak ezkerretara, eta ordurako egongo zen besteren bat haien lekua hartu nahian.

Han zihoan tranbia horia, triki-traka, Pilaricatik Deliciasera joan etorrian, eta bere barruan, sudurra kristalari itsatsita, jakinminez betetako umea denari begira. Deliciaseko linea 1971n desagertu zen, eta Zaragozako beste tren txikiek ez zuten asko gehiago iraun, aurrerantzean kotxe eta autobusek burdinbideak oztopatu zituzten-eta. Baina ume hura oraindik tranbia horian doa, denari begira, atzetik datozen tranbietan jendea sartu-irten azkarrean dabilen bitartean, trena betirako galtzeko beldurrez.

(Argazkia, AZAFT orritik hartua) 

 

Gure fantasmak

2006 - 03 - 30

Hotza ari du kalean, gure fantasmak dabiltza haizearen aurka uluka, gauean, ez dakitela non geratu, non hartu atseden, non epeldu arimak halakorik badute, ez dakitela nora joan, ez dakitela zenbat denbora geratzen zaien galdurik ibiltzeko haizearen aurka uluka, gauean… Baina gure fantasmak ez doaz elkarrekin, bakoitza bere aldetik dabil galdurik, bere haizearen aurka bere uluak saminduraz botatzen, bere kaleko hotza sufritzen bakarrik, auhenka. Etxe barrutik, negar-zotinak entzun ditzaket kale kantoietan gora, hotzak eragindako lurrunaren artetik gora, gau beltzera gora.

Bitartean, hitz hauek idazten dizkizut samin osoz, jakin dezazun egia, maitea, jakin dezazun husten ari naizela zugatik, ez naizela ezer, ez dudala non geratu, ez dudala gehiago bizi nahi, horrela bizitzea ez baita bizitzea, lagun  maitea, ezagutu duzun honen fantasma besterik ez naizela, zure kale kantoi hotzean uluka.

Olatuaren hutsunea

2006 - 03 - 28

Hitz zaharrek lehentasuna dute. Datozen egunotan hemen jarriko ditudan testuak lehenagotik idatzita ditudanak izango dira. Baina idaztea zer den ez ahazteko, zenbait hitz berri lotuko ditut oraingoan.

Udaberriaren argia izango da, epela, zinematik atera berria naizela edota lagunak agurtu beharra, baina hitz berriak lotu nahi ditut bata bestearen atzetik. Nori (zuri?) adieraziko diot (dizut?) zeruaren urdina bezain amaiezina den hutsune bat ari dela zabaltzen nire inguruan, nire barnean, nire azalean. Denbora behar dut eta inoiz ez dago denbora nahikorik. Denbora maitatzeko, denbora gauza politak entzun eta esateko, denbora alferkeria astintzeko, denbora alferkeria dastatzeko…

Olatu bat hondarrean lehertzen ikusten dudan bakoitzean, olatu horrek Virginia Woolfen samina arrastaka daramala iruditzen zait, eta olatuak lehertu aurretik sortzen duen hutsune mugikorra, neronek utzi diodan ezer ezaren zati bat dela uste dut.

 

Sakoneta

Gaur itsasoa zuri dago. Zumaiako San Telmotik abiatzen da Errotaberrira doan bidea, arroken gainean.

Gaur zerua urdin dago. Bide erdian kostaldea utzi eta Elorriagara iritsi gara.

Gaur mendia berde dago. Garo artetik heldu gara Sakonetara.

Gaur labarra grisa dago. Handik ikusi dugu trena pasatzen tunel batetik irten eta hurrengoan sartu aurretik.

Gaur mundua bakean dago.

Sakoneta

ZURRUNBILOA

2006 - 03 - 27

Irudiak datozkit burura,

itsasadar urdinaren gainean,

antxetak garrasika bezala.

Urduri, multzoka batzuetan,

besteetan banaka,

arroketatik zelaietara datozkit

ideiak garrasika.

Inguratzen dute nire burua,

gora eta behera dabiltza

oihu karrankariez lagunduta,

zurrunbiloan alde egiteko gero

itsas aldera, olatuen gainetik

antxetak, irudiak

nire ibaiaren bokalean

desagertuz garrasika.

 

Ez zara etorri

Ez zara etorri geratu ginen orduan, esan zenidan moduan, eta ez didazu hots egin, zure deiaren zain egon naizen bitartean. Baina bakarrik egonik ere, ez ezazu pentsa abandonatua sentitu naizenik.

Zurekin ez egoteak, batez ere zure zain nengoenean, pena eman badit ere, ez ezazu uste etsipenak jota utzi nauzunik. Badakigu biek zein tristea den elkarrengandik aldenduta egotea, zoritxarrez behin baino gehiagotan tokatu zaigulako hala izatea. Okerrago, badakigu zein latzak diren urtaro bakartiak, gure bizitzaren parterik handiena elkarren urrun egin behar izan dugulako. Badakigu ere nola asetzen diren gure bihotzak elkarrekin gaudenean, nola, bizi egarriz, alaitzen diren gure gorputzak garai zaharrak oroitzean. Horregatik zen hain garrantzitsua niretzako zu gaur garaiz agertzea, horregatik hain polita zu hurbiltzen ikustea, etorri izan bazina.

Baina esan bezala, etsipenak ez nau utzi hondoa jota. Aurki, gaur ez bada bihar, edota etzi, zure hurbilekoek behar ez zaituztenean, zure ganoragabeko betebeharrak burututa daudenean, berandu baino lehen, etorriko zara. Eta ni hemen egongo naiz, zure ondoan nire izana abandonatzeko.

 

EDUKIA

2006 - 03 - 26

Hartu dut metalezko pote txikia mahai gainetik. Ireki dut. Hezetasunak hartu du barruko tabakoa, eta hainbeste denbora igarota, usteltzen hasia da. Kiratsa dario. Sudurra potetik urrundu eta berehala itxi dut.

Hartu dut liburua apaletik. Ireki dut. Orri batzuk erori zaizkio: liburuen udazkena. Lizunak hartu ditu lotuta geratzen diren gainerako orri gehienak, eta letrak desagertu dira. Ezin da ezer irakurri. Azala itxi eta berehala utzi dut berriro liburua apalean.

Hartu dut ardo botila sukaldetik. Ireki dut. Edalontzian ardoa isurtzen hasi orduko ikusi dut galduta dagoela, ozpinduta, gardena desagertuta… Ardoa arraskatik behera bota, eta botila zakarrontzira eraman dut.

Hartu dut zure eskutitza postontzitik. Ez dut ireki. Bego bere edukia nire gogoan usteldu, lizundu, ozpindu gabe. Balio izango al du iruzurrak? Bada-ezpada, postontzian sartu dut berriro zure eskutitza.

 

(Olerki antzeko hau ElPutoJackTwist blogean onartu zidan bere jabeak, eta sekulako poza eman zidan, eskerrik asko, putojacktwist, asko ikasi dut zuregandik)

 

Burua galtzen

Ai! Burua galduko dut! …gorputza joaten zaidan bezala: gorputza zulora joaten zait, zulo umelera, behebarru bustian gorputz bustiekin elkartu eta nahasteko nire buruaz nazkatu arte, nire burua joana dudala dakidalako.
Baten izana ene pentsamenduan, bestearena ez dakit non, nire inguruan bueltaka, eta ni bitartean katakunba heze epelean gorputzaz gozatzera, burua kanpoan utzita.
Ai! Ez ote dut burua galdu!


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter