Hitzen espiralak

2006 - 04 - 30

Ezintasuna adierazten duten lerroak errepikatzea ergelkeria da, ezintasuna ez baita konpontzen lerro antzuekin. Baina askotan besterik ez da geratzen, ezintasunaren konponezina azalerazteko. Ba al dago beste egiterik?

Cognac on bat kristalezko kopa ederrean, garraztasun denak bere horretan jarraitzen duela usain gozoaz dastatzeko. Hozkirriaren aurka ibiltzea, artilezko txanoa jantzita, gorputzak sufritzen duen bitartean burua epel mantentzeko. Jendeari begiratu kalean, kontent egoteko aukera zein gaizki banatua dagoen ondo ikusteko.

Hitzak idatzi, haiek zer edo zer ebatziko dutelakoan, eragiketa matematikoek zenbakizko problemak ebazten dituzten bezala. Hitz multzo bat, orden egokian jarrita, soluzio bila. Hitz ederrak, edo itsusiak, haien osotasunak askatuko gaituen esperoan. Esaldi borobilak, edo eliptikoak, edo laukizuzenak, amaigabeko espiralak biran ipintzea: hori da idaztea.

Baina ezintasuna adierazten duten lerroak errepikatzea ergelkeria da. Zeroen aurretik zeroak idaztea bezain hutsa, zeroen ondoren zeroak idaztea bezain inozoa.

deribatu partzialak 

Hemendik begira

2006 - 04 - 28

Nik badut leku bat munduari begiratzeko.

Bertan egonik, mendebaldera jarrita, ekaitzak ikusten ditut hurbiltzen, haizeteak arrapaladan, galernak ezustean, tximisten izua nabaritzen dut, trumoien burrunbada, txingorraren mina…

Iparraldetik euria datorkit, hegotik suzko haizea, ekialdetik bafada izoztua.

Baina nire talaian, inora begiratu behar izan gabe, eguraldi bikaina egiten du maiz.

Zuentzako dut gordea leku bat nire babeslekuan.

 

Hemendik begira

Musika eta ni

2006 - 04 - 26

Solfeo irakasleari ez zitzaion gustatu amak Kontserbatorioan nire izena ematea azterketa egin ahal nezan. Irakaslea ez zen nitaz fidatzen, gazteegia omen nintzen, haren iritziz. Ez zen bere lanaz fidatzen, hobe esanda. Baina amak nigan konfiantza osoa zuen. Egia esan, ez zen niganako konfiantza bultzatu zuena ni azterketara bidaltzera, urte osoan zehar irakasle pribatuari ordaindutakoa amortizatzeko beharra baizik. Gauza da, arrazoi batek besteak baino pisu gehiago edukita ala ez, solfeo lehen kurtsoko azterketa egin behar izan nuela.

Sekulan ez dut eduki musikarako dohain berezirik, baina gaztetxo nintzenean gauzak memorizatzeko erraztasuna banuen, eta kortxea baten denbora tarte berean bi semikortxea sartzen direla ulertzeko gaitasuna ere. Beraz, azterketa egin eta amaren bozkariorako, oso nota ona atera nuen. Nire solfeo irakaslea harrituta geratu zen, ez zen bere lanaz fidatzen-eta.

Aitak erretzen ez bazuen ere, zigarro puru bat eman zidan hura ospatzeko, eta harez gero, solfeo kurtso bat gainditzen nuen bakoitzean, aitak puru bat ematen zidan erre nezan, errito moduan. Urteak joan, urteak etorri, kurtsoak gainditu bai, baina musikarako dohainik ez nuen eskuratu, akordeen neurriak osatzeko, transposiziorako kalkuluak egiteko eta harmonia ofiziala programatzeko teknika besterik ez nuen ikasi. Nire lehen solfeo irakaslea ez zebilen oker bere lanaz fidatzen ez zenean, musika azterketa gainditzeak ez baitu ziurtatzen hor musikaririk dagoenik.

HUTSUNEA

2006 - 04 - 25

Isilik egon zaitez, isilean, malkoak irtengo zaizkit zure ahotsa entzutean.

Mutu geratu, arren, beldurrak ezin baitu zure hitza jasan.

Aditzik gabeko esaldiak, doinurik gabeko soinuak.

Atxiki nazazu zure isiltasunean, lotu zure hutsunean, heldu zure gabezian.

Isilik egon, irudimenak zure hitzak sor ditzan.

Mutu geratu, nire baitan zure esaldiak amesteko.

Aska nazazu zuri lotuta geratzeko.

Beldurrak ezin baitu zure hutsa jasan.

Hitzek ezin baitute zure eza bete.

Irudimenak ezin baititu zure hitzak sortu.

Esaldiak ez baitira ezer aditzik gabe.

Ni ez bainaiz zu gabe.

Ni… zu… gabe.

Hutsunea 

Ezer ezaren ukitua

2006 - 04 - 22

Bartzelonan egon naiz egun hauetan. Metropoli handien artean eskuragarrien dudana, nire gaztetako ametsetan bizi izan nuen Bartzelona. Kale estuak, kale zabalak, lur azpiko trenen joan etorri jarraituak, jendez gainezka dena, bertako jendea, lanera etorritako kanpotarrak, hiriaz gozatzeko iritsitakoak,…

Hiri handienen artean gertukoen dudana, nortasuna biziberritzeko borroka etengabean dagoen hiria, gatazka isilak behin eta berriz errepikatzen dituena eta gatazka ahoberoak duintasunez konpontzen saiatzen dena.

Europa honetako beste hiriak bezala, espekulazioari aurre egin ezin diona, metro karratuaren balio erantsia esku gutxitan uzten duena, pertsona askorentzat bertan egotea mirakulu hutsa bihurtzen duena eta hainbat eta hainbatentzat zoritxarreko paradisu bilakatzeko arriskua duena.

Oraindik ere, bertara hurbildutakoak txundituta uzteko ahalmena duen unibertso txikia.

Oraindik ere, itsasoaren aurrean jarrita, ezer ezaren ukitua gerturatzen dizun hiri zoragarria.

Txipiroietan

2006 - 04 - 19

Mottora hartu dugu Patxik eta biok. Berak daki inguru honetan ontzia gidatzen, eta berak jarri du martxan. Goizeko seietan abiatu gara kai zaharretik, eta denbora gutxi barru Bidasoaren bokalea atzean utzi dugu, Higer aldera. Portu berriaren parean pasatzerakoan agertu zaigu itsaso zabala, Ondarraitz eta Dunbarriak, Biarritzeraino luzatzen den kostaldea.

Ezkerretara San Telmo utzi dugu, eta Jaizkibel mendiaren azken puntara hurbilduz, farolaren argia ikusi dugu egunsentiarekin borrokan, Amuitzera iritsi aurretik.

Itsasoa bare dago eta Patxik mottora darama arroka ingurura, trebezia handiz.

Atxamartak prestatu ditugu, eta haitzen artean uretara bota.

Txipiroiak hartzen egon gara kulunka etengabean, goiza osoz, noizbehinka kantari, amuak uretara erori zaizkigun arte, haitz handiaren ondoan. Orduan ulertu dugu Amuitz irlatxoaren izena: amu-haitza. Han geratu dira gure aberinak, baina ez gure gogoa, ezta txipiroiak ere.

Patxi pozik itzuli da portura txalupa beteta.

Ni oraindik alaiago, txipiroi baten antzera.

Bidasoa itsasoratzen
 

Berriro

2006 - 04 - 17

Berriro harriak udaberrirako joanean,
haitz beltzen aroa.
Elurra urtu zen bakardadearen garaian,
elur zuria.
Hodeiek estali zuten sumendiaren tontorra,
nik eguzkiaren epela jasotzen nuela
biluzik eta bakarrik.
Gaua iritsita, ordea, amodio ezkutuarekin jolasean
topatu nuen nire burua, nire gorputza,
belaunaldien arteko harreman isilean.
Harri beltzezko eremu mortuan
haize umeleko bolada iheskorrean
elur urtuaren magalean
itsaso beltzaren gainean
irudizko hutsunea itxuraz estaltzen
orain arte, negua berriz iritsi arte,
harri beltzezko hondartzak beste behin
zapaldu arte
eguzkiaren epela ostera jaso arte
apar zuriaren bakardadea irensten, berriro.

 

Bost jai egun

2006 - 04 - 13

Bost jai egun eta haietatik arratsalde bat zuentzako.

Bost jai egun eta haietatik bizitza oso bat niretzako.

Bost jai egun eta haietatik bostak madarikatzeko

ezagutu

zintuztedan

eguna,

otsailaren erdian,

maiatzaren amaieran,

edonoiz.

Ba al da ezer nahi bezala!

 

IRUDIAK

2006 - 04 - 11

Itsas ertzetik oinez noa

olatuen indarra, haizearen patxada:

ezinegona.

 

Ez dago inon, ez da ezer

baina gurekin dator denbora

etenik gabe.

Ezinegona -- Denbora

Haikuak aipatu zizkidan jacktwist madarikatuari 

Ez dut lortu

2006 - 04 - 10

Atzo zugan gehiago ez pentsatzea erabaki nuen. Ez hainbeste pentsatzea, behintzat.
Ez dut lortu.

Nire insomnio tarteetan asmatzen ditut idazten dizkizudan hitzak. Hauetako asko ez dira bat-batekoak, logabeko ordu eta ordu askoren ondorioa baizik, ezin baitut lo egin zugan pentsatzen, zer esan nahi dizudan pentsatzen, zureak mindu gabe, nire sentimenduak adierazteko hitz egokiak bilatzen.

Ez dut zugan gehiago pentsatu nahi, ez maite ez zaitudalako, gehiago maite nahi zaitudalako baizik.
Ezin dut zugan hainbeste pentsatu, sugar hau nigan bizirik mantendu nahi badut.
Aspaldian ez nuela honelako pasiorik bizitzen, eta ez dut nahi honek ni hondatu, hondoratu, gainditu nazan.
Nahiago dut hura graduatu, denbora gehiagoz gozatu. Nahiago dut maitasunaz ez ase, berehalako ahalegin batean ez ahitu. Nahiago dut poz eta samin hau soseguz, patxadaz, lasaitasunaz dastatu.

Ez dut zugan gehiago pentsatu nahi, ez maite ez zaitudalako, gehiago maite nahi zaitudalako baizik.
Ez dut nahi zu hainbeste maitatzeaz, zuk ni maitatzeari uztea. Ez zaitut aspertu nahi. Ez dut zure abegia behartu nahi, lagun. Ezingo nuke zure nekea jasan, ez nuke nahi nire kemena mantsotu behar izan nuela ikustea.
Sugarra Ez dut nahi bolada honen amaiera, are gutxiago, amaiera goibela. Sugar hau denborak itzaliko du, ez baitago ezer betiere luzatuko dena. Baina ez dut nahi su hau bat-bateko garra izan dadin, une batez dena argitu eta suntsitu egiten duena ondoren indar beraz itzaltzeko. Nahiago dut su honek iraun dezan, bizitzak eman digun erregai guztia emeki-emeki agortu arte.

Atzo zugan gehiago ez pentsatzea erabaki nuen. Ez hainbeste pentsatzea, behintzat.
Ez dut lortu.

Kartapazioko poemak

2006 - 04 - 08

Hara gehiagotan itzuli ez banaiz ere, oso gogoan dut gure azken urtea Lizeoan. Hura nolakoa zen adierazteko hiru hitz besterik ez dira behar: benetako lagunen aterpea. Edozein modutan, hango lagunak benetakoak izanik ere, ez zekiten nik ezkutuan olerkiak idazten nituela irakasleak aspertzen gintuen bitartean. Inor ez konturatzeko, olerkiak arkatzekin batera gordetzen nituen, eta etxera iritsita, karpeta batean sartzen nituen, “kartapazioko poemak” izenburupean. Hitz lotsati haietan amets egiten nuen, eta nire gogoetan agertzen zen lehen amodioa Suedian, edo munduko beste edozein lekutan, Afrikan zein Ameriketan, bizitzaren oihanean galdurik.

 

Gortinarik gabeko leihoak

2006 - 04 - 06

Hermann eta Hansen etxean leihoak daude, baina gortinarik ez. Hamburgeko Chemnitzstrasse kaleko etxeetan inork ez du gortinarik leihoetan.

Hermann Hamburg bertakoa da, Hans ondoko herri txiki batekoa. Aspaldian bizi dira elkarrekin, Sankt Paulin ezagutu zirenetik, duela hamaika urteko gau epel batean.

Hans berandu dator etxera, lan gehiegi egin behar baitu. Sukaldera sartzerakoan, Hermannek afaria prest dauka, arreta osoz egindako afaria.

Chemnitzstrassen, etxeko leihoetan zehar sukaldeak ikusten dira, gortinarik ez dagoelako. Hans eta Hermann alaiki ari dira afaltzen, eguneko gauza txikiei buruz kontu kontari.

Hansek musika jarri du eta dantzan hasi da, jauzika alde batetik bestera, mugimendu zoroz. Hermannek ezin dio barreari eutsi, leiho-ertzean eserita.

Hansek dantza egiten du Hermannen burutik bele beltzak uxatzeko. Hermannek barre egiten du badakielako ezingo lukeela lotara joan Hans dantzatan ikusi gabe.

 

BIDE BUKAERA

2006 - 04 - 03

Noiz amaituko da aro goibel hau?
Bide luze eta zuzenak etenik ez du,
aurrera jotzen du, alboan geratzen diren
zaborrak ahaztuta eskaleen eskuetan.

Bidea ez da inon hausten eta beti
doa harantz, eguzkia desagertzen den
alde ilunera, lurraren bukaera
sumatzen den kostalde ederrera.

Gelditu gabe doa nire arima
bi ertz amaigabeen erdian,
inora ez, bornerik gabeko lekura.

Garai tristea da hau, maitea,
bidearen bukaera gerturatu arren
ez zaudelako jada, nire zain, han.

 


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter