Ez dut lortu

2006 - 04 - 10

Atzo zugan gehiago ez pentsatzea erabaki nuen. Ez hainbeste pentsatzea, behintzat.
Ez dut lortu.

Nire insomnio tarteetan asmatzen ditut idazten dizkizudan hitzak. Hauetako asko ez dira bat-batekoak, logabeko ordu eta ordu askoren ondorioa baizik, ezin baitut lo egin zugan pentsatzen, zer esan nahi dizudan pentsatzen, zureak mindu gabe, nire sentimenduak adierazteko hitz egokiak bilatzen.

Ez dut zugan gehiago pentsatu nahi, ez maite ez zaitudalako, gehiago maite nahi zaitudalako baizik.
Ezin dut zugan hainbeste pentsatu, sugar hau nigan bizirik mantendu nahi badut.
Aspaldian ez nuela honelako pasiorik bizitzen, eta ez dut nahi honek ni hondatu, hondoratu, gainditu nazan.
Nahiago dut hura graduatu, denbora gehiagoz gozatu. Nahiago dut maitasunaz ez ase, berehalako ahalegin batean ez ahitu. Nahiago dut poz eta samin hau soseguz, patxadaz, lasaitasunaz dastatu.

Ez dut zugan gehiago pentsatu nahi, ez maite ez zaitudalako, gehiago maite nahi zaitudalako baizik.
Ez dut nahi zu hainbeste maitatzeaz, zuk ni maitatzeari uztea. Ez zaitut aspertu nahi. Ez dut zure abegia behartu nahi, lagun. Ezingo nuke zure nekea jasan, ez nuke nahi nire kemena mantsotu behar izan nuela ikustea.
Sugarra Ez dut nahi bolada honen amaiera, are gutxiago, amaiera goibela. Sugar hau denborak itzaliko du, ez baitago ezer betiere luzatuko dena. Baina ez dut nahi su hau bat-bateko garra izan dadin, une batez dena argitu eta suntsitu egiten duena ondoren indar beraz itzaltzeko. Nahiago dut su honek iraun dezan, bizitzak eman digun erregai guztia emeki-emeki agortu arte.

Atzo zugan gehiago ez pentsatzea erabaki nuen. Ez hainbeste pentsatzea, behintzat.
Ez dut lortu.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter