Ezer ezaren ukitua
Bartzelonan egon naiz egun hauetan. Metropoli handien artean eskuragarrien dudana, nire gaztetako ametsetan bizi izan nuen Bartzelona. Kale estuak, kale zabalak, lur azpiko trenen joan etorri jarraituak, jendez gainezka dena, bertako jendea, lanera etorritako kanpotarrak, hiriaz gozatzeko iritsitakoak,…
Hiri handienen artean gertukoen dudana, nortasuna biziberritzeko borroka etengabean dagoen hiria, gatazka isilak behin eta berriz errepikatzen dituena eta gatazka ahoberoak duintasunez konpontzen saiatzen dena.
Europa honetako beste hiriak bezala, espekulazioari aurre egin ezin diona, metro karratuaren balio erantsia esku gutxitan uzten duena, pertsona askorentzat bertan egotea mirakulu hutsa bihurtzen duena eta hainbat eta hainbatentzat zoritxarreko paradisu bilakatzeko arriskua duena.
Oraindik ere, bertara hurbildutakoak txundituta uzteko ahalmena duen unibertso txikia.
Oraindik ere, itsasoaren aurrean jarrita, ezer ezaren ukitua gerturatzen dizun hiri zoragarria.
