Musika eta ni

2006 - 04 - 26

Solfeo irakasleari ez zitzaion gustatu amak Kontserbatorioan nire izena ematea azterketa egin ahal nezan. Irakaslea ez zen nitaz fidatzen, gazteegia omen nintzen, haren iritziz. Ez zen bere lanaz fidatzen, hobe esanda. Baina amak nigan konfiantza osoa zuen. Egia esan, ez zen niganako konfiantza bultzatu zuena ni azterketara bidaltzera, urte osoan zehar irakasle pribatuari ordaindutakoa amortizatzeko beharra baizik. Gauza da, arrazoi batek besteak baino pisu gehiago edukita ala ez, solfeo lehen kurtsoko azterketa egin behar izan nuela.

Sekulan ez dut eduki musikarako dohain berezirik, baina gaztetxo nintzenean gauzak memorizatzeko erraztasuna banuen, eta kortxea baten denbora tarte berean bi semikortxea sartzen direla ulertzeko gaitasuna ere. Beraz, azterketa egin eta amaren bozkariorako, oso nota ona atera nuen. Nire solfeo irakaslea harrituta geratu zen, ez zen bere lanaz fidatzen-eta.

Aitak erretzen ez bazuen ere, zigarro puru bat eman zidan hura ospatzeko, eta harez gero, solfeo kurtso bat gainditzen nuen bakoitzean, aitak puru bat ematen zidan erre nezan, errito moduan. Urteak joan, urteak etorri, kurtsoak gainditu bai, baina musikarako dohainik ez nuen eskuratu, akordeen neurriak osatzeko, transposiziorako kalkuluak egiteko eta harmonia ofiziala programatzeko teknika besterik ez nuen ikasi. Nire lehen solfeo irakaslea ez zebilen oker bere lanaz fidatzen ez zenean, musika azterketa gainditzeak ez baitu ziurtatzen hor musikaririk dagoenik.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter