Xixela

2006 - 05 - 29

Xixela zara,
nire izaeraren alde gogorra leuntzen duen xixela.
Mailua batzuetan,
gehiegizko astinduak ematen dizkidazunean,
ez baita dena
ikusten den bezain laua,
askotan
erpin zorrotzak ezabatu behar baitira.
Mindu ere egiten nauzu
noizbehinka
zartada gogorrak jasan behar ditudanean,
astunegia zarenean,
nire sendotasunean kolpea jotzen duzunean.
Baina zuri esker
gozoagoa izaten ikasi dut.
Xixelkada bakoitzean
hobea bihurtzen da nire izaera,
hobea nire bizitza,
bere ertz latzenak desagerrarazten dituzu-eta.

xixela, allotz 

Koloreak

ZURIA
Ipar poloan lainorik ez dago, baina dena da lainoa baino zuriagoa, izotzezko eremu zabal eta mugagabean. Nire arima ere zuria da, pareta bezain laua, orri-papera bezain hutsala. Ezereza.

GORRIA
Ilunabarreko zeruaren kontra ikusten ditut esfera gorriak zintzilik. Zapiak ere deigarriak dira, leihoetan eskegita. Goialdetik oihua dator, ahaltsua, indarra adieraziz, baina ez da inoren oihua, guztion deiadarra baizik, bost puntako izarra.

BELTZA
Dena da trinkoa unibertsoan, izarrek utzitako zulo epelak eta 2001 filmean agertzen zen harri erregularra. Amaiezina testu honek eragiten didan hutsune zuzena.

URDINA
Zerua argi dago, hego haizeak hodei hotzak eraman ditu eta zabalgune garbiak agerian utzi. Galtza urdin ilunak jantzi eta festa giro alaiaz horditzera noa.

koloreak 

Triangelua

2006 - 05 - 25

Von Thunen jauna bere autoan sartu da, zigarroa piztuta. Motorea martxan jarri eta topatzen duen lehen kaletik behera dator.
Marco tabernan da oraindik, azkeneko gauzak jasotzen, txamarra jantzita. Afaria prestatzeko jakiak hartu ditu poltsa batean eramateko.
Ludovic etxean dago. Ez da egun osoan bertatik atera, buruko mina baitu, udaberriko alergiak eraginda, ziurrenik. Musika klasikoa jarri du mina arintzeko.

Von Thunen jauna haserre dator kotxean. Lan bat egin behar zioten gaur, eta morroia ez da agertu, madarikatua. Maitaleetako batekin saiatuko da haserrea baretzen, bere koipeaz haren gorputza estaltzen.
Marcok dei bat jaso du, oihuka ari zaio ahotsa telefonoaren bestaldean. Berehala egiten ari den guztia uzteko eskatu eta hitz zakarren jabeak bere nagusitasuna gogoratu dio, bere zain egoteko exijituz.
Ludovic pentsakor dago, eta gaur egin gabe utzi dituenak datozkio burura. Agindu zioten enkargu hura, prestatu behar zituen paperak, bere kuttunari erosi nahi zizkion loreak. Azken huts egite honek bakarrik eragiten dio arrangura.

Autoan datorren gizonari zigarroa itzali zaio, gaur bere ondasun beltza urritu zaio, negozio beltza geratu, arima beltza gehiago pozoitu. Poltsa batean afaria daraman gizonezkoak ez daki zer egin, nori kasu egin, ugazaba zikinari edo bere bihotzari. Buruko minez dagoen gizona, berriz, leihora atera da, haize pixka bat arnastera.
Leihotik ikusi du dena: aldapa zeharkatzen zegoen gizon puska, bere kuttuna, airean atera da, ziztu bizian zetorren autoak kolpatuta. Bere maite laztanak poltsan zeraman afaria asfaltoan hedatu da. Etxean arrosarik ez.

Udaltzainek triangelu gorria ipini dute aldapan.

Von Thunen jauna sua eskatzen ari da.

 

Hauskorrak

2006 - 05 - 23

Orain ez zaudela hemen, maitea,
bestelako beharrek eramanda,
etxeko egongelan zure arrastoa hutsa da.
Hor zabiltza, nonbait, ikasitakoa azaltzen.
Aste osoan zehar buruan izan dituzun fantasmak uxatzen.
Nire erruagatik pasa duzun infernua oraingoz ahazten.
Zure erruagatik pasa duzun sufrikarioa atzean lagatzen.

Nire laguntza nahikoa ez denean
ezin zaitut erortzen ikusi.
Zure gaztelua erortzen hasten denean
ezin naiz bertara sartu.
Bidelagunak topatzea zaila delako
ahaleginak egin behar ditugu
aurreiritziak bide bazterrean uzten.
Harri txingor batek ez dezala, arren,
airean arinki eskegita dagoen eta
balantzaka jarraitzen dugun
ibilbide hau oztopa.
Hauskorra baita dena inguruan,
hauskorrak loreak, hauskorrak harriak,
gu bezain ahulak zuhaitzak,
gu bezain arinak hodeiak.
Hartu harri txingorra eta gazteluko horma osatu,
hartu zuhaitzen enborrak eta geletako sabaiak indartu,
hartu loreak, maitea, eta etxe osoa apaindu
hodeien arintasunak zerua estaltzerik ez baitu.

nazar

Irekita (abierto)

2006 - 05 - 22

Ahaztuta neukan! Taberna berriak itsasora begiratzen du, gaur olatuak harro dauden honetan:

http://latabernadelmar.blogspot.com

gonbidatuta zauedete bertatik agertzeko inaugurazio ekitaldian.

Gizon bat paseoan

2006 - 05 - 21

Oraindik orain brindis bat egiten ari ginen tabernan, eta abiada hartu dut oihanartean barneratzeko. Halako batean, atzera pausu bat egiteko beharra sentitu dut, inguruari begirada bat bota ahal izateko. Topatzen ditudan egoerak deskribatzen hasi aurretik, nire sentimenduak jasota geratu baino lehen, une batez gelditu egingo naiz. Oro har, gauzak txukun daudela ikusten dut, baina ez da dena perfektua. Igande arratsaldean paseatzen dabiltzan pertsonak begiratzen ditut, eta batzuengan ezinegona sumatzen dut, besteak arratseko osteratxoa atseginez egiten duten bitartean. Atzean utzi ditudan lagunek nire beharra dutela sentitzen dut, aurrerago nire zain daudenen artega iristen zaidan bezala.

Paisaia aldatu egin da, hondartzaren gibelean lorez eta fruituz betetako soroak daude. Herrixkaren bazterretako ubideek eroritako adarrak daramatzate arrastaka. Eta turisten iragaitea dakusat, baserritarraren argazkia egitera geratzen direnean.

Orduan, nire gorputza nabaritzen dut igotzen, gutxinaka, globo baten antzera. Pixkanaka, azpialdeko eremuaren ikuspegia hobetuz doa. Ibilbide honen esanahia ulertzen hasten naiz, mendietan zehar gidatuko nauen basoaren trinkotasuna antzematen dut, eta nire oraina ikusten dut ere, hemen azpian, bere paisaiez eta jendeez osatua. Eta oraindik gertu, kostaldearen lerroa, eta olatu zuriak hondartzan poliki lehertzen, eta etxetxoak, eguzkiaren azken sugarrak jasotzen.

Taberna batean, badago jendea brindis bat ospatzen, eta ni han nago oraindik, eta ez dut handik alde egin nahi: horren ospakizun bilatua izan da, horren aurreikusia, horren galanta eta xumea. Baina brindis hori bukatu egiten da eta nihaur ikusten dut hemen azpian, bakarrik, geldirik eta pentsakor, aurrera jarraitzeko unearen zain. Urrutira begiratuz, nire gorpuzkera duen norbait erreparatzen dut, basoan galduta. Orain geratu egiten da, arratsaldeko zeruari begiratzen dio koloretako globo bat pasatzen ikusten duelarik, han goitik norbaitek agur egiten diola. Mundu osoa besarkatzeko gogoz besoak altxatu ondoren, eskerronez, idazten hasten da.

Bere koadernoan hitz hauexek jartzen ditu.

Hemendik haratago

2006 - 05 - 18

Duela ia lau hilabete, astebarruko gau beltz batean, ia hutsik zegoen plastikozko aisi leku erraldoi batean, zinema areto batera sartu nintzen nire lagunarekin, erabat hunkitu ninduen pelikula bat ikustera, Brokeback Mountain. Malkoen artean, ordenadore aurrean, film hari buruz interneten egon zitekeen edozer irensten hasi nintzen, eta horrela topatu nuen sentimenduz betetako ibai urdin bat, eta bertan idazten zuten pertsona maitagarriak.

Hauetako batek orri pertsonal bat ireki zuen, elputojacktwist izenekoa, eta bertan idatzitakoek ezinegona areagotu zidaten, hain hitz eder eta hunkigarriak baitziren hangoak. Halako batean, eta nire bizitzan lehen aldiz, hartara idazkiak bidaltzen hasi nintzen ni ere. Orri hartako jabeak animatu ninduen irakurtzen ari zaren blog hau sortzen, niretzako beste dimentsio batera jauzi egitearen antzeko saioa izan dena. Hemen argitaratutako zenbait gauza gaztelerara itzuli eta igortzen hasi nintzaion.

Bitartean lagunak egin ginen, hasieran e-lagunak, geroago, benetakoak. Ametsak konpartitu ditugu, eta testuak, abestiak, pelikula gehiago, eta baita adiskidetasun sakon bat ere. Gure poz eta tristezien berri eman diogu elkarri. Bizitza paraleloak egitera jolastu dugu.

Asteak joan, asteak etorri, bera aspertu da gezurrezko nortasunaz idazteaz, berea ez den papera jokatuz, eta osatzen dituen olerkiekin blog berri bat egiteko ideia bururatu zaio. Ez hori bakarrik, gonbidapena egin dit hemen idazten ditudan gauzatxoen gaztelerazko bertsioek bere olerkiak lagundu ditzaten.

Beraz, hemendik aurrera, Amuitz izeneko orri honetan topa ditzakezun hainbat gauza beste hizkuntza batean ere irakurri ahal izango dira. Hau guztiau ulertzen duzuenontzat, ezer berririk ez. Baina jende askok eskatu dit hilabete hauetan testu hauen beste bertsio bat, eta egokia iruditu zait haien nahia betetzea. Egokia, batez ere, nire ekarpenak edukiko duen konpainiagatik, ziur bainago Jose Luisen hitzen samurtasuna zuen bihotzeraino ere iritsiko dela. Hitzez eta irudiez betetako leku berri horren izena bihar emango dizuet, gaurkoz gure sekretua baita oraindik. Barkamena eskatu behar diot nire hezur eta haragizko lagunari, hilabete hauetan bestelako ni bat sortzen ikusten egon delako, harriduraz batzuetan, aspertuta besteetan.

Itsaso ondoko taberna

2006 - 05 - 17

Sormen fasean nago, lanpetuta, itsaso ondoko tabernan.

Bihar edo etzi zerbait berria sortuko da. Orri hau ulertzen duzuenontzat, gehiagarria, eta ulertzen ez dutenentzat, laguntza.

Atea

2006 - 05 - 15

Ate bat zeharkatu nahi dut, besta aldera pasa. Ez betirako, ordea, joan etorri ugariak egin nahi ditut atearen bi aldeen artean: orain han, orain hemen. Ate hau ez da jauregi baterako sarbidea. Ate honek ez du espazio itxi eta klaustrofobiko bat unibertso zabaletik bereizten, berdintasunean eraikitako gela paraleloak baizik. Pasabide hau ez da oztopo, adiskideak elkartzeko gunea besterik ez baita.

Ateak, beti hain iradokitzaileak. Zer banatzen du ate honek? Alde batera zein bestera aire gardena besterik ez dago. Orain eta hemen, bide arrasto bat sumatzen da aterantz hurbiltzen, aldapa gora. Atearen bestaldean noizbait eraikin bat egongo zen, gaur eroria: pareta baten aztarnak, dorre baten zutoin amildua. Beste garaiak. Orain eta hemen, jauregiak erori dira, eta haien hondakinen gainean belardi emankorrak sortu dira. Urrutian, itsasoa, zerua, haiek betikoak. Zeharkaezinak.

Atea 

Orbitan

2006 - 05 - 14

Erdi erdian babarrun alea dago eta bere inguruan kotoizko estalkia, blai. Haren inguruan biran gauza guztiak dabiltza, norabide kaotikoan bueltak emanez. Babarrun aleari zaina atera zaio, eta enborra izango dena ere. Pixkanaka mundura irtengo da landare berria.

Ernamuinetan dagoen alea da gauza guztien zentroa.

Gainerakoak, biran gabiltzan atomo zoroak gara, noizbehinka bide arruntak jarraituz, besteetan galduak. Sortuko denari babesa ematen, sortuko denaren agindupean. Eroak bezala, denari baietz esaten, baina erotuta egon gabe.

Sorkuntzaren mirariari jarraituz orbita berrietan egongo garela badakigularik, jainkoen sateliteak besterik ez gara, babo halakoak.

ilargia

Sorginduta nago

2006 - 05 - 12

Dena buruz behera, ispiluaren beste aldean.

Erotzen hasia nintzela uste nuenean,
konturatu naiz ezetz, ez nagoela burua galduta.

Ezkerra eta eskuina nahasiak, eskuina eta ezkerra bat eginak.

Beste norbaitengan bizitzen hasia nintzela uste nuenean,
konturatu naiz ezetz, beste norbaitek bizi nauela.

Dena hankaz gora, ispiluaren alde honetan ere.

Zigarroaren kea pareta zeharkatzen ikusi dudanean,

lantegiko zuzendaria eltxoa dela antzeman dudanean,

joan etorriak aurkako norabidean egiten egon naizenean,

etxe inguruko zozoek urrutiko hartzak direla esan didatenean,

une bat big bang erraldoian lehertu denean,

amaiera aspaldian izan zela jakin dudanean,

zerura erori eta amildegira igo naizenean,

ura izoztu eta izotza urtu direnean,

Orduan,

orduantxe bakarrik

asmatu dut:

sorginduta nago.

Buruz behera 

Hondartzan biluzik

Zure begietatik ikusten ari naiz. Nire begietatik ikusten duzu.
Eguzkiak goxo jotzen du, haizeak laztandu.
Aurten lehen aldiz maiatzaren bian bainatu nintzen Kantauri itsasoan, eta zu zintudan gogoan, noiz pasatuko ote zinen nire gainetik, atmosfera zeharkatuz, etxera aldera.
Gaur bigarrenik bainatu naiz. Gaurkoan desberdina izan da. Gaur zure gorputzean bainatu naiz, Ulia mendiko zuhaiztien babesean, itsaso pikatuan: haizearen ferekak ez nau ni ukitu, zu baizik.
Bitartean alegiazko bizitza amestu dut.

Gaztelako lautada zabalean erreka bat topatu dut eta aita maitagarriarekin egon naiz arrantzan. Ama irakurtzen dago zuhaitz baten aurka eserita. Jakin nahi dut zergatik udaberriko argiak ernetzen dituen loreak, halako batean, margarita handi hauek zirkunferentzia perfektu bat osatu arte. Jakin nahi dut zergatik hitzen jarioa erreka hau eta bertan bizi diren arraiak baino iradokitzaileagoa den. Dena ezagutu nahi dut, musikaren legeak, pinturaren emozioa, zenbakien erregelak, pentsamenduaren logika. Eta dena nire esku dago.
Nire herritik alde egin nahi dut gauza guzti horiek, eta baita mila gehiago ere, ikusteko, ikasteko, harrapatzeko. Nire herritik alde egingo dut ere mutil ederrak amesten ditudalako nire jolas erotikoetan, eta hori gaizki ikusita dago: hiri handian aske izango naiz gorputz lerdenak maitatzeko. Nire herritik alde egingo dut den dena ikasteko.

Hori guzti hori amets egin dut, amets honek luze jarraitzen duela jakinda. Baina oraingoz aztikeria eten beharko dut, hondartza honetatik joan behar dudalako, jantzita joan ere.

enano

2006 - 05 - 10

Zu iritsi zara mugara. Bizitza zaila, ziurrenik, zurea, oinaze askoz josia, indarrez aurre egindako oinazeak. Bizitza arriskutsua, egia eta gezurraren artekoa, labana zorrotzaren gainean dantzan. Galtzen ez den horietakoa izanik, gehiegitan galdua.

Zenbat gauza betirako oroimenean! Baina batez ere geratzen zaidan damua, okerren zeundenean kasurik egin ez izanaz. Zure deiak sinistu, sentitu ez izanaz. Jon, enano, hau ez ote gezurra!

Zure erbinudeak

erbinudea

Hemen duzue Amuitz

2006 - 05 - 08

Zeure itsasoan islatutako uhartea,
zeruetako eguzkiari
eta ozeano sakonari begira.

Babesik gabeko irla, moilarik gabea,
ezin nire txalupa bertan lotu
zeuregan atseden hartzeko.

Berde eta urdinen uharte bitxia,
gorri, horixka eta anbarrezkoa,
kresalak higatutakoa.

Ene irla, artxipelago osoa,
itsas korronteen artean
igeri arazten nauzuna.

Harkaitz malkarretako uhartetxoa
haizetearen aurka borrokan.

AMUITZ  (amu haitza)

Katu begiekin ametsetan

2006 - 05 - 07

Non aurkituko ditut zureak bezalako begiak?
Katua zara, hontza agian.
Zure begiradek txunditu naute.
Begi ilunak, sakonak.
Aurpegi osoa harrapatzen duten begiak dira zureak.
Esku gurutzatuen gaineko begirada.
Hatz luzexken arteko begiak.
Aurrez aurreko begirada, zeharka iltzatzen dena lepoa apur bat okertuz.
Bekainak gora eta behera, betile beltzak deiadarka.
Eta irribarrea, airean geldirik.
Eta berbaren argitasuna.
Lotsarik ez, noski, osoa, erabatekoa baitzara, nortasun indartsu hori, eta zure zalutasunean, ikaragarria.

Orain desagertu zara. Nire atzean zaude eta ez zaitut ikusten. Baina zure begiek iltzatuta jarraitzen dute nire lepatzean. Zure katu begi ilunek zuriago egiten dute begiaren zuria, eta honek argitzen du nire atzealdea. Zure hatsa sumatu nahiko nuke nire bizkarrean, zure mihia nire belarrian, zure beso ederrak nire bularrean.

Maitatua zara, jakina. Kavafisek sentitu zuenaren antzekoa da nire zirrara. Hura txalupa batean, taberna zahar baten mahaira eserita geratzen zen ikuskizunaz liluratuta, ni oholtza bati begira bezala. Txundituta utzi nauzu, zorabiatuta, miretsia.

Muga bat dago gure artean. Ez ezagutzearen muga, lotsaren traba. Baina zure begiak nire begiekin gurutzatzen dira behin baino gehiagotan, bai atzo, baita gaur ere. Bihar gauza bera gertatzea nahiko nuke. Nire begiak zureekin gurutzatzea. Zure begirada nire lepoan iltzatuta edukitzea. Zu osorik nire bizkarrean itsatsita izatea. Zure besoek nire gorputza estutzea, baina ez nire irudimenean, orain bezala, benetan baizik.

Gehiago ezin dudanean zuri buruz idatziz itzartzen naiz. Maitemindu nauzulako. Katu bizartxo horren kilimak nire sudurrean eta zure mingaina nire masailean: horixe amesten dudalako.

Katua 

 

 

Iraganbidea

2006 - 05 - 04

Urte erdi honetan ezagutu dut bizitza berriro ere. Denboran zehar badaude hainbat une bizitza eraldatzen dutenak, bizitzeko grina berpizten dutenak, aro bati amaiera eta beste bati hasiera ematen diotenak.

Horrelako une hori istant bat izan daiteke, edo egun pare bat, edo sei hilabete, urte erdi bat metamorfosia egiteko.

Azken boladan ezagutu dut adiskidetasuna, lehen aldiz ezagutuko banu bezala. Hobe esan, adiskidetasuna ezagutu dut inoiz baino sakonago. Bizitza ederrago egiten dituzten hitzak irakurri ditut, irudiak ikusi, doinuak entzun. Jakin dut une oro bizirik nagoela eta une oro bizi behar dela, lehendik jakin izango ez banu bezala. Ametsak amets direla, eta bere heinean ametsetatik bizi gaitezkeela, bizitza bizi dela, eta ezinbestean hartatik edan behar dugula.

Urte erdia bizitza osoa izan daiteke, baina baita ere bi bizialdien arteko zubia, zubi luzea, zubi ederra. Erreka zabal eta iheskor bat gainditzeko balio duen zubia, bertatik trenbidea igaro dadin.

Eta trenak ibaia gurutzatzen duenean, kristalak bueltatu dezala nire aurpegia paisaiaren erdian, zeru urdina islatzen duen errekaren gainean, argiaren aurka, igarobide zoragarri honek eman dizkidan momentu zoriontsuak betiko gogoratzeko eta isuri ditudan malkoak atseginez gordetzeko.

Iraganbide honek amaeira du, lur berria ukitzeko unea bertan da. Zer ote dago eraldatze honen bestaldean?

Ebro ibaia

Sasiakaziak

2006 - 05 - 02

Loratu dira berriro ere sasiakaziak, maiatza guztietan bezala gure mendiak zuri leun batez estaliz. Inork landatu gabekoak, bere indarrez barreiatu diren landareak dira sasiakaziak, sasi landareak, sasitan hazten direnak naturaren zaintza hutsez, ustekabean harrapatzen gaituztenak apirilaren amaieran, maiatzaren hasieran.

Oteek negua horitu zuten bezala, sasiakaziek zuriz estaltzen dituzte gure bazterrak udaberriaren erdian, inork eskatu gabe, gure harridurarako, zuriz estaltzen autobidetik ikusten diren zuhaiztiak, horixka aldera jotzen duen zuri otzan batez.

Lur sakonean zain sendoak errotuz, nahigabean itsasoraino ere hedatzen da sasiakazia, mendi eta hegien artetik herrietaraino, arroketatik hondartza bazterreraino, gizakiaren eskutik ihesean, zibilizazioak sortutako sasi edertasunari benetako edertasuna eskaintzen.

Sasiakaziak Higeren

Maiatzaren lehena

2006 - 05 - 01

Kale kantoietan, ekialdetik iritsitako etorkinek munduko miseria erakusten diguten bitartean, zein poza handia esan al dezake poetak bere barne saminarekin jolasean?

Giza zabor bezala hartutako langileek ez al dute ba haien herrietan duintasunez bizitzeko eskubidea, bakoitzak berean nahi duen moduan?

Egia ote da aldaketak datozela mundura, inork ez diezaion inori bere lana oparitu behar?

Erantzun ezaguneko galderak, erantzun zaileko egoerak.

maiatzaren lehena, 2006 


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter