Atea
Ate bat zeharkatu nahi dut, besta aldera pasa. Ez betirako, ordea, joan etorri ugariak egin nahi ditut atearen bi aldeen artean: orain han, orain hemen. Ate hau ez da jauregi baterako sarbidea. Ate honek ez du espazio itxi eta klaustrofobiko bat unibertso zabaletik bereizten, berdintasunean eraikitako gela paraleloak baizik. Pasabide hau ez da oztopo, adiskideak elkartzeko gunea besterik ez baita.
Ateak, beti hain iradokitzaileak. Zer banatzen du ate honek? Alde batera zein bestera aire gardena besterik ez dago. Orain eta hemen, bide arrasto bat sumatzen da aterantz hurbiltzen, aldapa gora. Atearen bestaldean noizbait eraikin bat egongo zen, gaur eroria: pareta baten aztarnak, dorre baten zutoin amildua. Beste garaiak. Orain eta hemen, jauregiak erori dira, eta haien hondakinen gainean belardi emankorrak sortu dira. Urrutian, itsasoa, zerua, haiek betikoak. Zeharkaezinak.
