Puntu artifizialak

2006 - 06 - 29

Planoaren gainean jarritako puntu artifizialak dira hauek,

udako sargorian, gaueko iluntasuna apurtzeko

zerura igotzen diren su artifizialen modukoak,

une bakar batez lilura nazaketenak.

Jatorrizko puntuak, ibilbide zuzenei jarraituz topatzen direnak,

paper, pareta eta irudimenean egindako bidaien helmuga,

koloretan jantzitako etorkizunari oholtzatik begiratzen diodalarik,

ezkerreko ukondoa mahai ertzean jarrita,

eskuinak kurba zoragarriak marraztuz

puntu artifizialetara iristeko.

Noizbehinka, azterketa sakona egin behar da hainbat lekutan,

jarraitzerik ote dagoen jakiteko, aurrera jarraitzeko,

limiterik gabe, infiniturantz.

 

Egunak

2006 - 06 - 26

Jarraitzen diote elkarri egunek egutegian
baina gero eta motzagoak dira berriro.
Orain, udararen hasiera honetan
egunen luzerak argia oparitzen digunean, ia etenik gabe,
nabaritu egiten da apurka laburtzen doazela
gozameneko egun hauek, hondartza egunak,
apurka minutuak galduko ditugula
egunsentian eta ilunabarrean,
ostertzaren malenkoniak gogora araziko digularik
udabeteak egun gutxiago dituela,
udazkena hortxe daukagula zain
udaberriak ihes egin digun bezala.
Indar betezko egunetan ez baitago gaizki oroitzea
denboraren joan etorri biribil honetan
egokiena dela garaian garaiko giroaz gozatzea,
jakinda, sargori honetan, hotzak hiltzen egongo garela
hilargi gutxi barru, eta orduan, oraintxe bezala,
amestuko dugula une horretan ez duguna.

 

Ezetz

2006 - 06 - 23

Ezetz esan behar denean

jakin behar da ezetz esaten.

Gaur ezetz esan dut,

ez dudala lan gehiago hartu nahi,

ez dudala diru gehiago irabazi nahi.

Gaur uko egin diet

buruhauste eta arazoei,

zabaldu dut leihoa

eta ozen esan dut ezetz,

oihukatu egin dut ere,

ezetz,

ez dudala egingo, ez.

Gaur garrasi egin dut

kaleko bankuan zutik

eta behin eta berriz

aldarrikatu dut:

orain, ez.

Kontxa 

Gose naiz, egarri

2006 - 06 - 20

Gose naiz, egarri:

gorputz zaharkitu honek jaki gozoak nahi ditu

bizitza erretzen jarraitzeko.

Errai ahitu hauek edari onak behar dituzte

bizitzari eusteko.

Barne odoltsua

kiskaltzen duten etsaien aurka,

amai ezezaguna apur bat

hurbiltzen duen gaitzaren kontra,

neronek behar dut lortu

pixkanaka, oreka,

aldiroko kontrolen gainetik

zenbaki eta logaritmo hotzak ahaztuta.

Eta hemen nago, gose, egarri,

helmugak urrundu nahian,

bizitzaren bidaia luzatzeko asmotan

hiruki izeneko pilula grisen laguntzaz.

Gose naiz, egarri,

eta ezin dut zurekin bazkaltzera joan,

zeu ere gose zarelako

eta biontzako adina ez dago, gaurkoz.

Girona 

Arratsaldeko faroa

2006 - 06 - 18

Farora iritsi gara berriz, gure farora.

Baina itxuraldatuta dago, bere bakardadean zahartuta.

Gogoratzen, garai zaharretan, bertara hurbildu

eta ontzien sirenak entzuten genituenean?

Gau osoa argiaren etengabeko joan-etorria zelatan,

zorabiatzen ginenean?

Gaurkoan, egun argiz itzuli gara bertara

eguzkia sartaldean amiltzen denean,

eta ez dugu zereginik,

ez dugu zer esanik,

iluntzen duenean ez dugulako

ontzien zaratarik entzungo,

gauaren isiltasunean ez garelako

gehiago zorabiatuko,

garai zaharren zirrara agortu delako.

Itsasoak ez du gure argi ibiltariaren beharrik

eta gu, ezinbestean, ontziak bezala,

laguntzarik gabe geratu gara

portu berrietara arriskurik gabe hurbiltzeko.

Tarifako faroa

Eta orain banoa (ala banator?)

2006 - 06 - 17

Eta orain banoa (ala banator?)

Duela astebete ziraun zuri-urdin batek zureganaino ekarri ninduen. Gauza berria niretzako zen ezezagun batengana hurbiltzea, ez nuen nahi helmugara iritsi, izututa nengoen. Nolakoa ote zinen? Nolakoa ote zure aurpegia, zure ahotsa, nolakoa zure tankera? Argi neukan maite zintudala eta maitatzen jarraituko zintudala misterioa argituta ere, behin magia deseginda ere.

Baina ez nuen zure ahotsa ezagutzen, ezta zure irudia ere. Zure izaeraren aztarna zibernetikoak banituen, baina aurrez aurreko harremana de erabakigarria.

Txundigarria izan da, benetan. Uste dut harriduraz bizi izan ditugula egun hauek, zirraraz bizi izan genituen bezala aurreko egunak ere. Neroni, harrituta nire antzeko norbait topatu izanaz. Antzekoa izakeran, sentiberatasunean, kezka eta zaletasunetan, antzekoa jakintzan eta ikasteko grinan.

Bizitza paraleloak egitera jolastu genuen, gure bideak gurutzatu genituen arte. Bizitza interesgarriagoak eraikitzen amestu genuen, zutabe sendoetako tenplua altxa genuen arte. Idazki ederrak sortu nahian aritu ginen, gure letrak elkarren artean nahastu arte, hiltegi abandonatu eta birgaitu bateko pareta luze-zabaletan irakurri genituen arte. Kolore alaietako irudiak partitzen egon ginen eta geuk margotutako koadro propioak bistarazi genizkion elkarri, gure ikatz-marrazki eta akuarelak trukatu genituen arte.

Eta orain, duela astebeteko egoerara itzultzen naiz eta jarraitzen dut pentsatzen aldez aurretik ezagutzen ginela, eta harritu egiten naiz zuregana izututa iritsi izanaz. Zer magia eta zer misterio! Nolakoa izango zinen ba, arima-lapur hori, nire bizitza are interesgarriagoa egin duzun hori!

Jakingurazko keinua duten begitxo berdexka horiek, korrikalari zango ederren gaineko metro laurogeia, despistatu itxura Madrileko espaloietan paseatzen. Zure patxada, zure hizkera geldo eta lasaia, iparreko osagilearenganako zure maitasun amaigabea… eta erakutsi didazun guztia, eta egin zenidan harrera…

eta orain banoa (ala banator?) gauez dabilen beste ziraun batean, lo egin ezinik, zuretzako idazten, nire lagun hori, hala eskatu didazulako: ezagutzen garenetik zure esanetara nago.

Eta beldur naiz, ez ote zaitudan aurrerantzean faltan izango, baina aldi berean badakit hementxe bertan zaitudala, taberna honetako paretak hitzez estaltzen, oraindik ere bi ezezagun izaten jarraitzen dugulako, urruntasunean elkar amesten, idazten, irakurtzen.

Eguraldi hau atsegin dut, epel eta lehorra, malkoak lehenago idortzen baitzaizkit.

 

Madrilera noa

2006 - 06 - 09

Badira urteak Madrilera joan ez naizela. Inoiz ez naiz gustura sentitu han, egia esan. Castellanatik behera jaitsi eta inperioaren ministerioak ikusten joan, banan banan, ez zait inoiz atsegina gertatu. Sentitzen dut madrildarrengatik, zalantzarik ez dut jende jator asko dagoela han, baina niretzako hala da orain arte: nonbait atzerrian sentitu izan banaiz, hiri horretan izan da. Parisen, berriz, ez dut irudipen hori sekulan izan, Parisen turista izan naiz, Madrilen, kanpotar. Gure herritik begira antzekoa izan behar luke batean zein bestean, baina, noski, ni citoyen ez naiz, súbdito baizik.

Orain gauzak aldatu egin dira. Ez egoera politikoa desberdina delako, edo ez horregatik bakarrik, gauzak aldatu dira Madrilen lagun berri bat egin dudalako. Nire lehen lagun madrildarra, bada gero! Gure begiradak ez dira inoiz gurutzatu, sekulan ez diogu elkarri ahotsa entzun, eta hala ere, taberna olerkari bat antolatzera iritsi gara. Niretzat, harrigarria.

Hortaz, gaur arratsaldean trena hartu, eta hara noa astebeterako. Tarte horretan, ez dut hemen ezer jartzeko asmorik. Agian, aukera badut, zer edo zer jarriko dut, baina ez dut uste. Nahiago dut gauza berriak han idazten joan, eta itzultzen naizenean zuentzako hemen ipini.

Ondo pasa beraz, egun hauetan. Ni ondo izango naiz, ziur egon.

madrilera 

Piraneko arrokak

2006 - 06 - 07

Greziako irudi mitologikoren batetik aterata balego bezala, Piran herriko arroketan ikus daitekeena. Bertan, gizonezkoek iluntzen dituzte gorputzak eguzkitan, biluzik. Ezinezkoak diruditen belarren artean, sugandilek lagunduta, gizon multzo bat elkartzen da arratsaldero Piraneko arroketan.

Itsasoaren magalean, eguzkiaren epelak ernatuta, hodei bakanen noizbehinkako itzalek gordeta, arratsaldero egoten dira han mutil lirainak eta gizon lerdenak.

Geldirik, etzanda ala eserita, irakurtzen, idazten edota paisaiari begira, han egoten dira gorputz nagiak, denboraren joana dastatzen, bizitzaren patxada gozatzen. Tarteka, ur putzuetan freskatzen dira, edota sagar ale bat jaten dute, alperretan.

Oihal zapietan etzanda buruz behera, gorputz lerdenak kiskaltzen eta ipurdi masail zuriak urre kolorez margotzen. Zapietan buruz gora, bular sendo eta iletsuak zeruaren kontra oldartzen, zakil txikiak umilki eroriak barrabil handien gainean, izter zabalak nagusi.

Zakil bat dantzan airean, gozamen gogoz, tente jarri da zerura zutik. Zerbait nahi du. Gogo bizia du plazera sentitzeko, astindua izateko, zulo bat, esku bat bisitatzeko. Bere jabea altxatu egiten da. Han inguruan, beste norbaitek gauza bera egiten du.

Gizonek, beraz, batzuetan altxatu eta harkaitzezko eremua zeharkatzen dute, beste arroketara hurbildu, itsasora jaitsi, belardia zapaldu. Gizonak han ibiltzen dira, gozamen eske, gozamena eskainiz, gizonen arteko joko ezkutua dantzatuz.

Tarteka, bi gorputz desagertzen dira arrokek sortutako zuloren batean, eta bi gorputz horiek elkartu egiten dira. Bi gizon horien sexuak, bata besteari zuzenduta, elkartu egiten dira. Bi ahoek musuak oparitzen dizkiote elkarri, eta gero, mingainek azal izerdituak lardaskatzen dituzte.

Zakilak gorantz zuzenduta daude, tinko, borroka nahian. Besoek ahal dutena besarkatzen dute, eskuek ahal dutena ukitu, laztandu, sexu aldera doazen arte, zakilak astintzera, gogoz.

Une horretantxe, bizitzeak ederki merezi du, une bat besterik ez bada ere, istant horretan barne-barnean dauden indar guztiak lehertzen direlako. Une hartan bertan, arrokak desegiten dira, itsasoa idortu, eguzkia itzali. Une bat, bi gorputz asetzeko, Piraneko amildegietan, arratsaldeko epelean, Greziako irudi batetik aterata bezala.Piran

 

 

 

 

 

 

 

 
 

 

 

Nire sinismena

2006 - 06 - 03

Argazki bat egin edo gauzaren bat margotzen dugunean, hiru dimentsio espazialak bitara mugatzen ditugu, espazioa plano baten gainean proiektatzen dugu. Argazkia zuri-beltzean bada, koloreen ñabardura guztiak gama bakar batera murrizten ditugu. Gainera, egoera gerarazi eta une bakar bat islatzen dugu, puntu bat denboraren zuzenean.

Sinisten dut, antzeko modu batean, ezagutzen dugun mundu hau dimentsio anitzeko beste errealitate baten proiekzio soil bat besterik ez dela. Ezin ditugu antzeman mugatzen gaituzten aldagai guztiak, gure hiru dimentsio espazialetan –eta haien barruan mugitzen gaituen aldagai tenporalean– harrapatzen gaituzten horiek.

Sinisten dut osagai asko dituen osotasun baten zati ñimiño bat besterik ez dugula antzematen. Elementu askotako multzo bat elkartu egiten da, eta modu egokian enfokatuta, objektu bakoitza zehaztu egiten da, ikusten ditugun gauza guztiak, izate indibidual bakoitza.

Sinisten dut gure bizitza hau zuri-beltzezko argazki bat besterik ez dela, absolutuaren paisaia murriztua. Baina ez gara gai antzemateko zenbat eta zeintzuk diren mugatzen gaituen errealitate horren ardatzak. Gure bizitza ispilu moduko batean igarotzen da, bertan elkartu eta aldentzen gara, bien bitartean, gure eta inguratzen gaituen ororen izateak azalera distiratsu horren kanpoan daudelarik. Bertan elkarrengandik gertu egon gaitezke, baina urrunduta gaudela ikusi; bertan denbora-tarte bat partitu dezakegu, gure arimak denbora desberdinetan bizi direlarik. Eta alderantziz ere.

Sinistu nahi dut gutako bakoitzari egoera hau amaitzen zaionean, espazioko hiru dimentsioak eta denborazko bestea desagertzen zaizkionean, hiltzen garenean, sinistu nahi dut orduan ikuspuntu itxi honetatik askatu egiten garela. Une horretan, agian, kosmosa osatzen duten gainerako faktoreek utziko dute gure arima, gure izpiritua, gure inteligentzia destolestera, des-proiektatzera iristea, eta horrela gure pertzepziotik kanpo geratzen den guztia ulertu ahal izango dugu. Orduan, norbanako izate bakoitza abaniko baten antzera zabaldu ahal izango da eta jatorrizko elementu guztietara itzuli, batzuek jainko deitzen duten betiereko unibertso absolutuaren osagai anitzen moduan.

Hori gertatu bitartean, bakoitza bere buruarentzat eta bere buruarengatik bizi behar duela sinisten dut, eta horrek esan nahi du besteentzat eta besteengatik bizi behar dugula, gainerako pertsona, gauza, kolore, sentsazio zein bizipenentzat. Unibertsoko harmoniaren zati garelako, ez gaitezen hura aldatzen saia. Nahiz eta batzuek gu horrela ezin bizi izateko ahaleginak egin. Nahiz eta horrela bizi ahal izateko batzuetan borrokatzea beharrezkoa izan.

Sinisten dut, beraz, mundu honetatik maitasunez eta koherentziaz igaro behar garela, guztiarenganako maitasunaz, bakoitzarenganako, zuenganako maitasunaz, eta iraun artean –hala izan dadila– zureganako maitasunaz, nire bizitzako lagun hori. Eta orain, zurekin gauza politak pentsatu besterik ez dut nahi: masusta umotuez betetako sasia, itsaso aldera dagoen zelai berde batean, eguzkia ostertzera erortzen denean.

Hau de nire sinismena.

 

Egun argitsu eta goibelen oroitzapena

2006 - 06 - 01

Gogoan dut, eguzkiaren beroak
kristalaren bestaldetik kiskaltzen nauen honetan,
gogoan dut, uda hasten ari den egunean,
beste uda hartako oporraldi hura,
zu gabe, zu gabe egiten nuen lehena
-ez zure ondoan egon gabe, hori ez zen berria,
zere maitasunik gabe baizik,
bizitzan galduta eta bakarrik egiten nuen lehena-
modu hartan gehiago ezin egon eta 
zureganako beharrak telefonoz deitzera behartu ninduela.
Zure ahotsa bestaldean, maitasun izpi bat eskainiz,
irribarre soil bat harian luzatuz,
hura zoriona.
Galdetu zenidan egun haietako sargoriari buruz,
jakin nahi izan zenuen nitaz, nire bakardadeaz,
egun argitsu baina goibel haien tristura uxatuz.
Baina banekien itzuleran ez zinela nirekin izango,
zoriontasuna unean unekoa dela, eta ez betirakoa,
telefonoa eskegita egun argitsu baina goibel hartan
jarraituko nuela orduak igarotzen,
lur muturreko harkaitzak bezala, geldirik.
Banekien ere,
itsasoaren korronteetan lanpernak arrokara bezala,
horrela geratua nintzela ni, zuri lotuta,
bizipen arruntek, orain hara orain hona, ninderamatela.

 


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter