Egun argitsu eta goibelen oroitzapena
Gogoan dut, eguzkiaren beroak
kristalaren bestaldetik kiskaltzen nauen honetan,
gogoan dut, uda hasten ari den egunean,
beste uda hartako oporraldi hura,
zu gabe, zu gabe egiten nuen lehena
-ez zure ondoan egon gabe, hori ez zen berria,
zere maitasunik gabe baizik,
bizitzan galduta eta bakarrik egiten nuen lehena-
modu hartan gehiago ezin egon eta
zureganako beharrak telefonoz deitzera behartu ninduela.
Zure ahotsa bestaldean, maitasun izpi bat eskainiz,
irribarre soil bat harian luzatuz,
hura zoriona.
Galdetu zenidan egun haietako sargoriari buruz,
jakin nahi izan zenuen nitaz, nire bakardadeaz,
egun argitsu baina goibel haien tristura uxatuz.
Baina banekien itzuleran ez zinela nirekin izango,
zoriontasuna unean unekoa dela, eta ez betirakoa,
telefonoa eskegita egun argitsu baina goibel hartan
jarraituko nuela orduak igarotzen,
lur muturreko harkaitzak bezala, geldirik.
Banekien ere,
itsasoaren korronteetan lanpernak arrokara bezala,
horrela geratua nintzela ni, zuri lotuta,
bizipen arruntek, orain hara orain hona, ninderamatela.
