Nire sinismena

2006 - 06 - 03

Argazki bat egin edo gauzaren bat margotzen dugunean, hiru dimentsio espazialak bitara mugatzen ditugu, espazioa plano baten gainean proiektatzen dugu. Argazkia zuri-beltzean bada, koloreen ñabardura guztiak gama bakar batera murrizten ditugu. Gainera, egoera gerarazi eta une bakar bat islatzen dugu, puntu bat denboraren zuzenean.

Sinisten dut, antzeko modu batean, ezagutzen dugun mundu hau dimentsio anitzeko beste errealitate baten proiekzio soil bat besterik ez dela. Ezin ditugu antzeman mugatzen gaituzten aldagai guztiak, gure hiru dimentsio espazialetan –eta haien barruan mugitzen gaituen aldagai tenporalean– harrapatzen gaituzten horiek.

Sinisten dut osagai asko dituen osotasun baten zati ñimiño bat besterik ez dugula antzematen. Elementu askotako multzo bat elkartu egiten da, eta modu egokian enfokatuta, objektu bakoitza zehaztu egiten da, ikusten ditugun gauza guztiak, izate indibidual bakoitza.

Sinisten dut gure bizitza hau zuri-beltzezko argazki bat besterik ez dela, absolutuaren paisaia murriztua. Baina ez gara gai antzemateko zenbat eta zeintzuk diren mugatzen gaituen errealitate horren ardatzak. Gure bizitza ispilu moduko batean igarotzen da, bertan elkartu eta aldentzen gara, bien bitartean, gure eta inguratzen gaituen ororen izateak azalera distiratsu horren kanpoan daudelarik. Bertan elkarrengandik gertu egon gaitezke, baina urrunduta gaudela ikusi; bertan denbora-tarte bat partitu dezakegu, gure arimak denbora desberdinetan bizi direlarik. Eta alderantziz ere.

Sinistu nahi dut gutako bakoitzari egoera hau amaitzen zaionean, espazioko hiru dimentsioak eta denborazko bestea desagertzen zaizkionean, hiltzen garenean, sinistu nahi dut orduan ikuspuntu itxi honetatik askatu egiten garela. Une horretan, agian, kosmosa osatzen duten gainerako faktoreek utziko dute gure arima, gure izpiritua, gure inteligentzia destolestera, des-proiektatzera iristea, eta horrela gure pertzepziotik kanpo geratzen den guztia ulertu ahal izango dugu. Orduan, norbanako izate bakoitza abaniko baten antzera zabaldu ahal izango da eta jatorrizko elementu guztietara itzuli, batzuek jainko deitzen duten betiereko unibertso absolutuaren osagai anitzen moduan.

Hori gertatu bitartean, bakoitza bere buruarentzat eta bere buruarengatik bizi behar duela sinisten dut, eta horrek esan nahi du besteentzat eta besteengatik bizi behar dugula, gainerako pertsona, gauza, kolore, sentsazio zein bizipenentzat. Unibertsoko harmoniaren zati garelako, ez gaitezen hura aldatzen saia. Nahiz eta batzuek gu horrela ezin bizi izateko ahaleginak egin. Nahiz eta horrela bizi ahal izateko batzuetan borrokatzea beharrezkoa izan.

Sinisten dut, beraz, mundu honetatik maitasunez eta koherentziaz igaro behar garela, guztiarenganako maitasunaz, bakoitzarenganako, zuenganako maitasunaz, eta iraun artean –hala izan dadila– zureganako maitasunaz, nire bizitzako lagun hori. Eta orain, zurekin gauza politak pentsatu besterik ez dut nahi: masusta umotuez betetako sasia, itsaso aldera dagoen zelai berde batean, eguzkia ostertzera erortzen denean.

Hau de nire sinismena.

 

0 erantzun »

Oraingoz, erantzunik ez

Utzi zure erantzuna


Oharra: mezu bat agertuko zaizu, leihotxo batean sar dezazun ondoan ikusiko duzun zenbakia (zabor-mezuak saihesteko neurria)


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter