Eta orain banoa (ala banator?)

2006 - 06 - 17

Eta orain banoa (ala banator?)

Duela astebete ziraun zuri-urdin batek zureganaino ekarri ninduen. Gauza berria niretzako zen ezezagun batengana hurbiltzea, ez nuen nahi helmugara iritsi, izututa nengoen. Nolakoa ote zinen? Nolakoa ote zure aurpegia, zure ahotsa, nolakoa zure tankera? Argi neukan maite zintudala eta maitatzen jarraituko zintudala misterioa argituta ere, behin magia deseginda ere.

Baina ez nuen zure ahotsa ezagutzen, ezta zure irudia ere. Zure izaeraren aztarna zibernetikoak banituen, baina aurrez aurreko harremana de erabakigarria.

Txundigarria izan da, benetan. Uste dut harriduraz bizi izan ditugula egun hauek, zirraraz bizi izan genituen bezala aurreko egunak ere. Neroni, harrituta nire antzeko norbait topatu izanaz. Antzekoa izakeran, sentiberatasunean, kezka eta zaletasunetan, antzekoa jakintzan eta ikasteko grinan.

Bizitza paraleloak egitera jolastu genuen, gure bideak gurutzatu genituen arte. Bizitza interesgarriagoak eraikitzen amestu genuen, zutabe sendoetako tenplua altxa genuen arte. Idazki ederrak sortu nahian aritu ginen, gure letrak elkarren artean nahastu arte, hiltegi abandonatu eta birgaitu bateko pareta luze-zabaletan irakurri genituen arte. Kolore alaietako irudiak partitzen egon ginen eta geuk margotutako koadro propioak bistarazi genizkion elkarri, gure ikatz-marrazki eta akuarelak trukatu genituen arte.

Eta orain, duela astebeteko egoerara itzultzen naiz eta jarraitzen dut pentsatzen aldez aurretik ezagutzen ginela, eta harritu egiten naiz zuregana izututa iritsi izanaz. Zer magia eta zer misterio! Nolakoa izango zinen ba, arima-lapur hori, nire bizitza are interesgarriagoa egin duzun hori!

Jakingurazko keinua duten begitxo berdexka horiek, korrikalari zango ederren gaineko metro laurogeia, despistatu itxura Madrileko espaloietan paseatzen. Zure patxada, zure hizkera geldo eta lasaia, iparreko osagilearenganako zure maitasun amaigabea… eta erakutsi didazun guztia, eta egin zenidan harrera…

eta orain banoa (ala banator?) gauez dabilen beste ziraun batean, lo egin ezinik, zuretzako idazten, nire lagun hori, hala eskatu didazulako: ezagutzen garenetik zure esanetara nago.

Eta beldur naiz, ez ote zaitudan aurrerantzean faltan izango, baina aldi berean badakit hementxe bertan zaitudala, taberna honetako paretak hitzez estaltzen, oraindik ere bi ezezagun izaten jarraitzen dugulako, urruntasunean elkar amesten, idazten, irakurtzen.

Eguraldi hau atsegin dut, epel eta lehorra, malkoak lehenago idortzen baitzaizkit.

 


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter