Atsedena

2006 - 07 - 19

Argazki bat eta bi hitz hemen,

kamera bat eta hainbat liburu gainean,

egunaren lehen argitan eta

iluntzearen denbora etenean

irudiak, ideiak, emozioak

dastatzeko.

Eta zurekin batera amestu. 

 

Zilarrezko urkiak

2006 - 07 - 16

Bart, aspaldiko partez,

auzoko plazara jaitsi nintzen,

afal ondoan, tabernako terrazan eseri

eta zerbait edatera izotz askorekin,

egun hauetako beroa arintzeko.

Nire auzoko plazan

bi urki eder daude

– lehen hiru ziren, baina enparantza osoa porlanez bete zutenean,

haietako bat kaltetu eta bota behar izan zuten –

zilarrezko enborrekin, eta hostoz beteak,

foku zuri batek behetik argiztatuak.

Norbaitek soka bat jarri du zintzilik

bi urkietako baten adarretatik,

eta sokaren azpiko aldean,

lazo bat utzi du korapilo bat eginda,

handik igarotzen den jendearen lepoen altueran,

haizeak dilin-dalan kulunkatzen duela.

Oraingoz, ez da inor

agertu bertan urkaturik.

cienfuegos 

Eraztuna

2006 - 07 - 11

Mahaiaren azpian erratza pasatzen, ogi apurren artean galduta, zerbait mugitu da, metalezko soinua saltoka sortuz paretaren kontra jo duen arte. Xentimoko txanpona zelakoan ez diot arretarik jarri, baina erratzarekin berriz hurbildu naizenean, urre koloreko eraztun zahar eta txiki bat topatu dut. Norena ote?

Nire birramonak zituen altxor txikiak Banco Guipuzcoanoko kutxa batean zeuzkan gordeta gerra hasi aurretik, hainbat eraztun, paparreko eta belarritako, kate eta medaila batzuk eta horrelako bitxiak.

Nazionalak Donostian sartzeko zeudela, bankuko arduradunek bezeroen gordailu guztiak Bilbora eraman zituzten, Errepublika eta Jaurlaritzaren aginteak han irauten zuelako, eta artean, gerra nork irabaziko zuen argi ez zegoelako. Lekualdaketa egin aurretik, bezero bakoitzari bankuak ziurtagiri bat eskaini zion, bertan gorderik zituzten ondasunen zerrendarekin, aurrerantzean itzuli ahal izateko.

Baina nazionalak Bilbora ere hurbildu zirenean, bankuak erabaki egin zuen kutxa guztiak La Rochelle uhartera eramatea, Frantziara, han babestuta egongo zirelakoan. Gerra amaituta eta Francoren erregimena indarrean, leku batetik bestera ibilitako ondasunak Donostiara bueltatu zituzten, baina bezeroek jaso nahi izan zituztenean, orduko agintariek ezezko borobila eman zieten, batzuei behintzat. Banco Guipuzcoanok luzatutako ziurtagirian oinarrituz, agintari berriek bitxiak tasatu zituzten nahi izan zuten moduan, eta eraztun, paparreko, belarritako, kate zein medaila haiengatik lau txakur eman zizkieten ordura arteko jabeei, ondasun guztiak errekisatuz.

Militar frankisten emazteek Avenidatik gora eta behera aurrerantzean erabili zituzten zilar eta urrezko apaingarriak, desjabetutako haiek ziren. Gaur egun abizen ospetsuetako oinordekoen eskuetan daude.

Amak esan dit sukaldean topatu dudan eraztun txiki hau bere abuelitarena zela, ez zuela gainerakoekin gorde beti jantzita eramaten zuelako, bere gogokoena zelako. Salbatu zen altxor hau armairu baten azpian egongo zen urte hauetan, gerra hartako tuneletik –munduan zehar bueltaka ibili ondoren edo dikataduraren zuloan iraun eta gero– salbatu zirenak bezala.

 

Sustrai

2006 - 07 - 09

Bazegoen ikastolan haur bat, Sustrai, gehienetan dena gaizki egiten zuena. Saiatu, saiatu egiten zen gajoa, baina bere esfortzu guztiak alperrik izaten ziren, eta zenbat eta lan handiagoa hartu, orduan eta emaitza kaxkarragoak lortu. Egun batean, marrazki bat egin behar zutelarik, gelako ume guztiek eman zioten beren lana irakasleari, eta Sustrai, bere lana ardura osoz burututa, hara joan zen koloretako orriarekin irakaslearen mahairaino, eta beste marrazki guztiekin nahasi zuen berea.

Irakaslea marrazkiak begiratzen hasi zenean, haurren izenak gaizki irakurrita-edo, honela zuzendu zitzaion Sustrairi: Ene bada, mutiko, azkenean lortu duzu itxurazko zerbait egitea! Eta eskutan marrazkia hartuta, gela guztiari erakutsi zion irudi benetan ederra.

Orduan Sustraik, erabat minduta, honakoa esan zuen: Andereño, hori ez da nire marrazkia, hori Uraitzek egin du, nirea hor edukiko duzu, mahai gainean.

Denak konturatu ziren Sustraik berean jarraitzen zuela, saiatu arren, ez zuela asmatzen marrazki politak egiten.

Gau hartan Sustraik ez zuen lorik egin, negarrez zegoelako, konturatu gabe irakaslearen eta bere gelakideen ikuspuntua ez zela kontutan hartu beharreko bakarra, bereak garrantzi gehiago zuela besteena baino.

Baina Sustraik negarretan jarraitzen zuen: zergatik jaso behar zuten beti besteek miresmen eta oniritziak?

 

Gaztetako argazkia

2006 - 07 - 04

Argazki bilduma batean, ezustean topatu du irudi zahar bat, zuri beltzean baino, gris-ilun gris-argian, zimurtua eta orbanez josia. Berehala iritsi zaizkio oroitzapenak trumoika, zaratatsu, goizeko bakea urratzen.

Bera da argazkian agertzen denetako bat, baina ez da bakarra, lauzpabost gaztetxo daude, hala ere, ezin ditu guztiak ezagutu. Gogoratzen du ondo noiz egindako argazkia den, gogoratzen du bere aurpegiaren espresioaren zergatia, ederki daki nork atera zuen fotografia, non aterata dagoen,… baina ezin ditu ezagutu berarekin une hartan zeudenak.

Saiatu egin da asmatzen zeintzuk izan zitezkeen egun horretako lagunak, izan litezkeen guztietatik jakin nahi du nortzuk zeuden mahaian berarekin, baina ondo begiratu eta Mikel ez da argazkiko inor, Jon ere ez du ezagutzen hangoen artean, Iñaki ere ez, eta jarraitzen du garai hartako abentura-kideak baztertzen banan bana, gertuenekoak ez direlako argazki umelduan agertzen direnak.

Baina bolada hartan eta leku hartan nor egon liteke berarekin, Mikel, Jon, Iñaki ezean? Ikusten du bere haurtzaroko auzoko plaza, gogoratzen du arrebari argazki kamara eskatu zion eguna, eta nola ibili ziren koadrilako guztiak fotoak egiten han eta hemen, auzoko plazan, erreka ondoan, trenbidean…

Badaki triste zegoela eta aurpegian hori nabaritzen zaiola ikusten du orain, argi, eta hala ere, ezin du asmatu berarekin daudenak nortzuk diren. Ez du ulertzen karrete hartatik argazki hau bakarrik egotea, ez du ulertzen bere burua jende ezezagunez inguratua egotea,… eta orduan pentsatzen du: hainbeste aldatu al dira nire gaztetako lagunak, ezin ditudala ezagutu? hainbeste aldatu da nire bizitza, besteen bizitzek erabat ihes egin didatela?
Cuba gazteak
 


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter