Gaztetako argazkia
Argazki bilduma batean, ezustean topatu du irudi zahar bat, zuri beltzean baino, gris-ilun gris-argian, zimurtua eta orbanez josia. Berehala iritsi zaizkio oroitzapenak trumoika, zaratatsu, goizeko bakea urratzen.
Bera da argazkian agertzen denetako bat, baina ez da bakarra, lauzpabost gaztetxo daude, hala ere, ezin ditu guztiak ezagutu. Gogoratzen du ondo noiz egindako argazkia den, gogoratzen du bere aurpegiaren espresioaren zergatia, ederki daki nork atera zuen fotografia, non aterata dagoen,… baina ezin ditu ezagutu berarekin une hartan zeudenak.
Saiatu egin da asmatzen zeintzuk izan zitezkeen egun horretako lagunak, izan litezkeen guztietatik jakin nahi du nortzuk zeuden mahaian berarekin, baina ondo begiratu eta Mikel ez da argazkiko inor, Jon ere ez du ezagutzen hangoen artean, Iñaki ere ez, eta jarraitzen du garai hartako abentura-kideak baztertzen banan bana, gertuenekoak ez direlako argazki umelduan agertzen direnak.
Baina bolada hartan eta leku hartan nor egon liteke berarekin, Mikel, Jon, Iñaki ezean? Ikusten du bere haurtzaroko auzoko plaza, gogoratzen du arrebari argazki kamara eskatu zion eguna, eta nola ibili ziren koadrilako guztiak fotoak egiten han eta hemen, auzoko plazan, erreka ondoan, trenbidean…
Badaki triste zegoela eta aurpegian hori nabaritzen zaiola ikusten du orain, argi, eta hala ere, ezin du asmatu berarekin daudenak nortzuk diren. Ez du ulertzen karrete hartatik argazki hau bakarrik egotea, ez du ulertzen bere burua jende ezezagunez inguratua egotea,… eta orduan pentsatzen du: hainbeste aldatu al dira nire gaztetako lagunak, ezin ditudala ezagutu? hainbeste aldatu da nire bizitza, besteen bizitzek erabat ihes egin didatela?
