Hitzerainoko bidaia

2006 - 08 - 28

Hendaia
Itsasoko hondo ilunetan
sortzen da, alga eta bakterien artean, nire bizitza
eta, isilean, igoera geldo batean
iristen da aldizkako izpietara;
esparru goreneko
bat-bateko argialdi distiratsuak.

Harmonian limurtzen dudan gorputza
ur gardenen artean,
kolore, inguru, epeltasun
zuri-urdinen nahasketan.
Horrela, arrain abisal baten antzera
hegalak hankekin ordeztuz, ibilera nagian
arroka eta hondarretara irteten naiz,
lurra, airea, eguzkia,
erronka diren oztopoak,
eta nire aurreko bizitzan ezezagunak ziren
gutizi berriak bilatzen ditut,
nire zorioneko ibilbide zalantzazkoan
unibertso berriek
–areriozko zein zoragarriek–
beren baitan hartzen naute.

Bildu, ni naizen izate izan gabeko honetatik aldendu, itzuli
eta eraldatzen naiz aldatu gabe itsaso-hondoa,
arrastaka igo ninduen korrontea,
gaineko aldaketa eta bilakaera aldakorra.
Gorputza eta bizitza berregin, orno eta hezurdura luzatu,
pentsatu eta sentitzen dut –ze plazera pentsatu eta sentitzea–,
eta zure mundua igartzen dut, bertatik so egiten diezula
bere hondoan sortu ninduen itsasoko olatuei, eta azkenik
zuregana heltzeko modua aurkitzen dut: hitza.
Orain zure erresumako biztanlea naiz.

(lotura jatorrizkora

Putzu beroetan sartuta

2006 - 08 - 27

Arnedillo

Udara honetan deskubritu dut
erreka baten ondoan
gaueko paradisua
haizea ez dator bero
baina oraindik da epela
bailara estuaren arroilan
buztinezko mendi eta zilarrezko zuhaitzen erdian
ilargiak hodeien artetik argitu nahi
eta hodeien artetik ni ere galdua
ur beroetako putzuetan biluzik
beroegi gorputz ederren artean
noizbehinka errekaren ur garden hotzetan
burua ere sartuta
atsedena hartzen harlauzetan eserita
maitearekin hizketan
babesten nauen azala zigortuz ur beroaren txingarraz
ziztadek berregina
berriro ere zeruari begira
ilargi desiratua mendi gainetan bilatzen
beste behin ere ur berotan kiskaltzen
beste gorputzen zelatan
maitearekin jolasean errekaren ur hotzetan
joan etorrian berotik hotzera
hotzetik berora etorri joanean
giharrak hezurrak azala
eta arima epeltzen
lasaitzen
ur putzu beroetan udaran
erreka ondoan utziz orainaren bidaia.

Une honetan bakarrik

2006 - 08 - 23

Jurramendi 

Soroek eta zuhaiztiek, ibaiak eta muinoek sortutako irudi hau
niretzako soilik existitzen ote da,
une honetan bakarrik…
zure etorrerak
atzoko hodeien iluntasunak bide eman dio argiari,
atzoko soro eta zuhaiztietan, ibai eta muinoetan
ez nuen
zure presentzia sentitu,
gaur berriz, une honetan bakarrik eta niretzako soilik
aldatu egin da dena,
edonorentzat aitzineko betikotasun amaigabea den
izana,
niretzat etengabeko bilakaera aldakorra
erakusten duen ibarraren aurrean nagoelako.
Zama da oroimena,
astuna da gogoratze soila,
amodio gardena lertxun artean igarotzen zela
ondo gorderik dut,
urak dakarren lohia negar malko garbiekin nahasita.
Zabal zabalera hedatuz doa begirada
ekarri didazun une bakan honetan,
iraganaren bila,
oroitzapenen zamak lurraren kontra behartuta,
zapalduta,
soroetako lastoak, ibai ertzeko belarrak bezala
harri lauarekin berdinduz.
Atzo bertan begiek harrapatzen zuten eremua
eraldatu da,
gau honetan opari gisa ekarri duzun argi astunak
den dena txikitu duelako.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter