Jainkoen parekoa

2006 - 09 - 28

 Guillermo Pérez Villalta
(Irudian, G. Pérez Villalta margolariaren lana) 

 

Sinestunek badute beti ondoan izpiritu ezkutu bat
bizitza gidatzeko erabiltzen dutena.
Miresgarria fedea, garai zailetan batik bat
jakitea edonoiz laguntza duzula,
ulertezina den zerbaitek
norberak baino gehiago
egiten duela.
Jainko bat ala jainkoen multzoa
ariman sartuta
ideien gidari
ametsen eragile.
Gorpuzkerarik gabeko izaki irudikatua
beti alboan laguntzeko prest,
hizketa isilen jasotzaile
eta iradokizun fidagarrien igorle.
Pentsamenduetako helburu,
pentsamenduen sortzaile.
Horretarako, ordea, ez da beharrezkoa
erlijiorik jarraitzea,
sakramentuak betetzea
ezta liburu santuak irakurtzea,
arau zorrotzak gorde
edota penitentziarik egitea.
Nahikoa da etengabe buruan eta bihotzean
jarraitzeko lerro bat izatea, ildo bati eustea,
irudimenezko kide bat eramatea eta
proiektu bat bizitzea.
Baina nik, ordea, zer dut?
Hitz hauek jasoko dituzun hori, zeu,
jainkoen parekoa baitzara.

Zailagoa da

2006 - 09 - 26

Hearrenfean, Fryslân 

Zailagoa da bizitzaren papera jokatzea antzoki erraldoi honetan, ikusle hutsa izatea baino eserlekuen patioan. Erosoagoa zaio gaurko gizakiari agindutako ohiturak betetzea, bere kasa aritzea baino ezustekoen arriskuari aurre eginez.

Bizitzari gauza berriak eskatzeak ez du esan nahi merkatu erraldoietara joan behar izatea artikuluz betetako poltsak etxera ekartzeko, bankuko txartelaren kredituari astindu bat ematea zakarretara joango diren ondasunak erosteko.

Badaude gauza gehiago, irakurri, zeozer idatzi, ez dakit nik ba, etxean geratu, telebista edo irratia piztu gabe, pentsatuz, denboraren esanahian edo norberaren bakardadeari buruz patxadan hausnartuz. Biluztasun propioak soineko garestiek baino gehiago janzten gaituelako. Noizbehinka hanka sartuko dugu bizitzari erosotasun ohiko bat baino gehiago eskatzen eta eskaintzen badiogu, agian zoritxarreko uneak igaro behar izango ditugu ezustekorik gabeko bizimoduarekin konformatu ez, eta bakoitzaren sen ezkutuari bidea zabaltzen badiogu.

Baina horrela soilik dagokigun papera jokatuko dugu, geure lekua eta denbora topatuko ditugu. Zailagoa da eserlekuan eseri eta gozokiak jatea baino, hurrengo eszenan gertatuko dena zer den besteek erabakitzen duten bitartean. Zailagoa, baino aberasgarriagoa, aldapan gora eta behera ibili beharra ekarriko digun bidea da, baina besterik gabe mundu honetan egon garela baino zerbait gehiago eskainiko diguna. Batzuetan otsoaren ahoan sartuko gara nahigabean, baina bertan ere ikasgaiak topatuko ditugu, hutsa baita sehaskatik atera gabe bezala mundu honetan egotea, eta hutsagoa hori nahi izatea.

Zure begiek

2006 - 09 - 21

Behingoz, hitz zaharrak berreskuratu eta lehen orrira ekarriko ditut ostera, gaur idazteko astirik ez dudalako. 

 

 

 

 

 

 

Harri txingor batek ez dezala, arren,
airean arinki eskegita dagoen eta
balantzaka jarraitzen dugun
ibilbide hau oztopa.
Hauskorra baita dena inguruan,
hauskorrak loreak, hauskorrak harriak,
gu bezain ahulak zuhaitzak,
gu bezain arinak hodeiak.
Hartu harri txingorra eta gazteluko horma osatu,
hartu zuhaitzen enborrak eta geletako sabaiak indartu,
hartu loreak, maitea, eta etxe osoa apaindu
hodeien arintasunak zerua estaltzerik ez baitu.

 

Eta ohiturak hausten ditudan honetan, Daniel Landarten hitzak ipintzen dizkizut, Mikel Laboaren ahotsean entzungo bazenitu bezala aditzeko:

Zure begiek
ene maitia
badute biek
dirdir eztia.

Zeruko lore
miresgarriak
izarren pare
xoragarriak.

Zure begiek
erotzen naute
eta guztiek
nahi luzkete.

Baratzen prezioa

2006 - 09 - 18

Ega ibarra

Leihotik begira ibaiari lapurtutako urak daramatzan kanala ikusten dut, ilunabarreko argitan distiratsu, suge bat bezala bidexkaren ondoan sigi-saga, baratzak ureztatzeko eta haietan piper eta tomateak hazteko. Irasagarrak ematen dituzten zuhaitzak daude kanalaren alboan, udazkenean bere usain gozoa hedatzen dutenak. Baratzetan, garai batean lanabesak gordetzeko txabola ziztrinak zirenak, txalet ederretan bihurturik daude. Baratzen prezioa ere proportzio berean hazi da, piper eta tomateena baino askoz ere azkarrago. Germanen ondoko lursaila, esaterako, berrogeita hamabost milioi pezetatan saltzen dute, bertan duen txalet egin berria barne.

Germanek dio nahiago lukeela bere saila zazpi milioitan saldu, jabegoan edukitzen jarraitzea baino, azkenean, baratzak lana besterik ez baitio eskatzen, eta berak nahiago luke saldu eta ordainetan jasotakoaz disfrutatu. Normala. Normala entzuten duzun lehenengo aldian, gero hasten zara pentsatzen: baratzak orain lana eskatzen dio Germani, baina horri esker lurrari lotuta jarraitzen du, bere piper eta tomate landareei lotuta, ibaiari lapurtutako ur aberatsari lotuta, bizitzaren misterioari lotuta, hitz batez. Salduko balu, tratante batek negozioa egin dezan, zer egingo luke zazpi milioi pezeta horiekin? Zeri esaten dio disfrutatu?

Zatia

2006 - 09 - 14

Gernika 

Aipatu ditut gauak eta egunak,
aipatu zaitut zu, eta besteak,
nire buruaz ere aritu naiz eta
igaro dira hemendik hodeiak,
loreak, ekaitz eta bareak,
harri arinak eta argi sendoa,
eta abeslarien hitzak bezala,
poeten doinuen modura
geratu da beti orriaren eremu zuria
ezin bete, ezin osa, ezin bizi.
Etorri zaizkit burura
oroitzapen ederrak,
begirada mingotsak,
egoera ahaztuak,
baina edalontzi hutsaren antzera
ardoaren zain, horrela
utzi ditut tarteak,
ahora eramateko zukuaren itxaroan.
Beste zerbait baitago nonbait,
hona ekarri ez dudana,
grina, mina agian, plazera,
barruan eduki nahi izango nukeen
zatia.

Hegan zeuden bart

2006 - 09 - 12

Doctor Deseo

Hegan zeuden bart
gorputz gazte adoretsu lotuak
musika doinuan.

Liluratuta,
begirada xalo eta alaietan besoak
besarkatuta.

Udako jaia,
morroiek zain duten amodioa
aurkitu berria.

Gogo beroa
eta egunsenti aurreko irribarre
gurutzatuak.

So iheskorra
anbrosiazko minez luzatua,
nire tristura.

Honela eroriko gara

2006 - 09 - 06

Baigorri 

Mundu honetako dukesa guztiek askatasuna oparituko digute noizbait
eta ez dugu jakingo zer egin,
utziko ditugu mahastiak
eta hirira hurbilduko gara
ezer gabe
bizitza nola bizitzen den ibai gorrian ikasi genuelako,
ez kalean, ez aldapetako etxeetan.
Ezagutuko ditugun eginkizun berriak
irabazitako askatasuna baino astunagoak dira,
dukesaren espetxetik
errespetuzko arau faltsuen kartzelara igaroko gara
handiki ikusezinen legera,
lurra lantzeko lanabesen ordez
tresna berriak erabiltzera behartuta,
jakintza zaharren babesik gabe
ohitura berrietarako gogorik gabe
aldapan behera eroriko gara
eraikin erraldoien artean
eta dukesak ezarritako lege gogorra,
berak jakin gabe, gure nahietara aisa moldatzen genuela
gogoratuko dugu.
Mahastiak eta gezurrezko tenpluak utziko ditugu
eta haiekin eroriko gara.

Astroen lerrokatzea

2006 - 09 - 01

Leringo gotorlekua 

Ezkaia eta mihilua portzelanazko pitxarretan
egur noble bateko komodaren apalean
edertasun galezina, naturarena batetik,
gizakiaren eskuetakoa bestetik,
kaoba eta urdina, zura eta zeramika,
arbasoen etxetik gurera ekarriak
belar sotil eta eder idorrak apaintzen
jantokiko espazioa.

Bertaraino ekarri zaitut konta zeniezazkidan
kontinente guztietako pasadizoak,
eta lurraren gainean ibili gara, harrietan,
gizarte urrunetako ohiturak dastatzen
kopa bat eskutan, arretaz entzunez
abenturazko bidaiak, eta maitasunezkoak.

Biharamunean ere ibili gara lurrean
harri zizelkatuetan ikasten iragan mingotsa
lokatzetan eroritako jauregietan jolasten
bizitzaren jokoa, ezkaia berriaren usaina
euri artean gureganatuz, belardi eta soroak,
arteak eta pagoak hegotik iparrera laguntza dugula.

Gau bat, bi egun erdi soilik lur nabarrean
lau argi izpiak berdindu ziren arte
zezenen erasoetatik gertu, buruak altxatuta
gora, urrutiena iragan, hurrena bikia,
ondokoa oraina eta azkena nirea.

Inor ere ez zen konturatu, ni ezik, astroek bat egin zutela
arratsalde hartan, jende oldearen erdian,
ez lagun emazte ala senar, ez apaiz ez abere,
ezezagunak izan bagintezke ere
soka ikusezin batek lotuta.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter