Honela eroriko gara
Mundu honetako dukesa guztiek askatasuna oparituko digute noizbait
eta ez dugu jakingo zer egin,
utziko ditugu mahastiak
eta hirira hurbilduko gara
ezer gabe
bizitza nola bizitzen den ibai gorrian ikasi genuelako,
ez kalean, ez aldapetako etxeetan.
Ezagutuko ditugun eginkizun berriak
irabazitako askatasuna baino astunagoak dira,
dukesaren espetxetik
errespetuzko arau faltsuen kartzelara igaroko gara
handiki ikusezinen legera,
lurra lantzeko lanabesen ordez
tresna berriak erabiltzera behartuta,
jakintza zaharren babesik gabe
ohitura berrietarako gogorik gabe
aldapan behera eroriko gara
eraikin erraldoien artean
eta dukesak ezarritako lege gogorra,
berak jakin gabe, gure nahietara aisa moldatzen genuela
gogoratuko dugu.
Mahastiak eta gezurrezko tenpluak utziko ditugu
eta haiekin eroriko gara.
