Zatia
Aipatu ditut gauak eta egunak,
aipatu zaitut zu, eta besteak,
nire buruaz ere aritu naiz eta
igaro dira hemendik hodeiak,
loreak, ekaitz eta bareak,
harri arinak eta argi sendoa,
eta abeslarien hitzak bezala,
poeten doinuen modura
geratu da beti orriaren eremu zuria
ezin bete, ezin osa, ezin bizi.
Etorri zaizkit burura
oroitzapen ederrak,
begirada mingotsak,
egoera ahaztuak,
baina edalontzi hutsaren antzera
ardoaren zain, horrela
utzi ditut tarteak,
ahora eramateko zukuaren itxaroan.
Beste zerbait baitago nonbait,
hona ekarri ez dudana,
grina, mina agian, plazera,
barruan eduki nahi izango nukeen
zatia.
