Baratzen prezioa

2006 - 09 - 18

Ega ibarra

Leihotik begira ibaiari lapurtutako urak daramatzan kanala ikusten dut, ilunabarreko argitan distiratsu, suge bat bezala bidexkaren ondoan sigi-saga, baratzak ureztatzeko eta haietan piper eta tomateak hazteko. Irasagarrak ematen dituzten zuhaitzak daude kanalaren alboan, udazkenean bere usain gozoa hedatzen dutenak. Baratzetan, garai batean lanabesak gordetzeko txabola ziztrinak zirenak, txalet ederretan bihurturik daude. Baratzen prezioa ere proportzio berean hazi da, piper eta tomateena baino askoz ere azkarrago. Germanen ondoko lursaila, esaterako, berrogeita hamabost milioi pezetatan saltzen dute, bertan duen txalet egin berria barne.

Germanek dio nahiago lukeela bere saila zazpi milioitan saldu, jabegoan edukitzen jarraitzea baino, azkenean, baratzak lana besterik ez baitio eskatzen, eta berak nahiago luke saldu eta ordainetan jasotakoaz disfrutatu. Normala. Normala entzuten duzun lehenengo aldian, gero hasten zara pentsatzen: baratzak orain lana eskatzen dio Germani, baina horri esker lurrari lotuta jarraitzen du, bere piper eta tomate landareei lotuta, ibaiari lapurtutako ur aberatsari lotuta, bizitzaren misterioari lotuta, hitz batez. Salduko balu, tratante batek negozioa egin dezan, zer egingo luke zazpi milioi pezeta horiekin? Zeri esaten dio disfrutatu?


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter