Zailagoa da
Zailagoa da bizitzaren papera jokatzea antzoki erraldoi honetan, ikusle hutsa izatea baino eserlekuen patioan. Erosoagoa zaio gaurko gizakiari agindutako ohiturak betetzea, bere kasa aritzea baino ezustekoen arriskuari aurre eginez.
Bizitzari gauza berriak eskatzeak ez du esan nahi merkatu erraldoietara joan behar izatea artikuluz betetako poltsak etxera ekartzeko, bankuko txartelaren kredituari astindu bat ematea zakarretara joango diren ondasunak erosteko.
Badaude gauza gehiago, irakurri, zeozer idatzi, ez dakit nik ba, etxean geratu, telebista edo irratia piztu gabe, pentsatuz, denboraren esanahian edo norberaren bakardadeari buruz patxadan hausnartuz. Biluztasun propioak soineko garestiek baino gehiago janzten gaituelako. Noizbehinka hanka sartuko dugu bizitzari erosotasun ohiko bat baino gehiago eskatzen eta eskaintzen badiogu, agian zoritxarreko uneak igaro behar izango ditugu ezustekorik gabeko bizimoduarekin konformatu ez, eta bakoitzaren sen ezkutuari bidea zabaltzen badiogu.
Baina horrela soilik dagokigun papera jokatuko dugu, geure lekua eta denbora topatuko ditugu. Zailagoa da eserlekuan eseri eta gozokiak jatea baino, hurrengo eszenan gertatuko dena zer den besteek erabakitzen duten bitartean. Zailagoa, baino aberasgarriagoa, aldapan gora eta behera ibili beharra ekarriko digun bidea da, baina besterik gabe mundu honetan egon garela baino zerbait gehiago eskainiko diguna. Batzuetan otsoaren ahoan sartuko gara nahigabean, baina bertan ere ikasgaiak topatuko ditugu, hutsa baita sehaskatik atera gabe bezala mundu honetan egotea, eta hutsagoa hori nahi izatea.
