Naksos ederra

2006 - 10 - 26

Naksos, ilunabarra 

Naksos uharteak zerbait berezia merezi du, horregatik hari buruz idazten jarri eta gehiegi luzatu naiz. Beraz, leku aproposagoan ipini dut idatzitakoa, testu luzeagoekin batera: klikatu hemen

Ez dakit lortuko nuen irlaren edertasuna adieraztea, edozein modutan oso leku gomendagarria da, ni behintzat, oso ondo egon naiz bertan. 

Thirako mahastiak

2006 - 10 - 24

Mahastia (Thira, Santorini)

Thirako mahastiak bere baitan biltzen dira, lurrari itsatsiak. Euri gutxi jasotzen duen uharte honetako mahastietan, landarea hazten doan heinean, lurreko hezetasuna gorde ahal izateko, enborra kiribildu egiten dio nekazariak, koroaren forma emanaz, horrela hosto eta fruitu berriak zoruaren gainean sor daitezen.

Thirako biztanleak (edo Santorinikoak, uharte honek bi izen baititu), ordea, lurrari itsatsita egon beharrean, munduari ireki zaizkio. Milaka kanpotar gerturatzen zaizkie haiei, egunero itsasontzi handi eta dotoreetan, eta zerutik datozen ontzi hegalarietan. Ez da harritzekoa, sumendi baten leherketa erraldoiak eratu zuen uhartedi hau ikusgarria da, bertako amildegien gainetan dauden herrietako etxetxo zuriek apetazko forma iradokitzailea hartu dute, zeruaren eta itsasoaren urdin indartsua leiho eta ateetara eraman dutelarik haietan bizi direnek. Inguru ezin ederragoaz gozatzera hurbiltzen dira turistak, eta haiekin batera dirua, eta diruarekin aukera berriak irlako biztanleentzat.

Oia (Thira, Santorini)
Thirako mahastietatik ardo zuri ona ateratzen da, baina mahastiak desagertuko dira turismoaren presioagatik. Askoz ere diru gehiago irabazten da, lan gutxiago eta erosoagoa eginda, bisitarientzako ostatu bat eraikitzen soro emankorretan. Mahastiak zeuden lurretan etxe berriak eraikiko dira, eraikitzen ari dira, eta Thirako biztanleek noizbait pentsatuko dute agian hobe zela haien lurrari atxikiak mantendu izan balira, kiribilduta, mahatsaren landarea zaintzen zuten moduan.

Atenas gurea

2006 - 10 - 18

Atenas, putetxea 

Aireportutik hirira doan autobidea erabat da berria, egoitza olinpiko guztietan bezala. Hirigunera hurbildu ahala, sektore ekonomiko guztietako multinazionalen egoitzak ere, eraikin oso modernoak dira. Semaforoak hasten direnean, ordea, nolabaiteko kaosa sumatzen hasten gara: auto gehiegi (larunbat gaua da) bozina jotzen, azkarregi alde batetik bestera. Trafikoa ez da oso ordenatua. Autobideak kale nagusietara bultzatzen gaitu, eta hauetatik kale estuagoetara pasatzen gara, eta taxi gidariak (ai, taxistak, leku guztietan atzerakoienak) kanpotar ugari dagoela diosku, etorkinek hiria hondatzen ari direla (begira! horko horiek albaniarrak dira, esaten du erdeinuz). Bera Atenaskoa dela, betikoa, bere aita eta aitonak bezala (ez dizkigu aipatzen ama eta amonak), eta ez zaiola gustatzen hainbeste etorkin egotea, arazoak sortzen dituztelako. Kontuz!, esaten digu ere, plaza honetan droga mugitzen da, hemen lapurtu egingo dizuete daramazuen guztia. Gure ostatua hiriaren erdian egonda ere, taxilariak planoan begiratu behar du helbidea, kale estuz osatutako sare baten barruan baitago. Badirudi pena ematen diola gu hara eramatea, hiriko dotoreziatik kanpo baitago, putetxe erdi erorien artean ezkutaturik.
Eta guri gustatzen zaigu taberna turko baten ondoan egotea, eta bertan dauden joan etorri misteriotsuak zelatatzea, eta egiten dugun lehenengo gauza maletak utzita, gaueko ordu bata eta erdietan, Omonia plazara joatea da, bai, hainbeste droga zegoen plaza hartara, eta ez zaigu ezer gertatzen, inork ez digu kasurik egiten. Biharamunean, gure etxe ondoan biltzen dira beltzez jantzitako emakume asko, ez dakigu zertan, eta gizonak, banaka eta binaka, putetxeetako eskaileretan gora ikusten ditugu, eta garagardo bat hartzeko sartzen garen taberna batean, zerbitzaria ederki edanda dago, bere lagunek arrosario moduko bana etengabe astintzen dutela eskuko hatzekin.

Atenas, Tsaldari etorbidea 

Gure ostatua ez da oso dotorea, Apollonio izena edukita ere, baina ondo deskantsatu dugu bertan. Atenas guztia ez da horrelakoa, nahiko zaratatsua izanik ere, baina hiri erdiko auzo ezezagun honetan gustura egon gara.

Bi aste hauetan

2006 - 10 - 16

Chora, Naxos

Bi aste hauetan gauza zoragarriak ikusi ditut. Ibili naizen kaleetan nekazariak astoa zeraman arrastaka marmolezko lauzen gainean, eta egurrezko balkoiak kolore guztietan margotuta zeuden. Beste itsasoetako tabernetan egon naiz, gurea utzirik zuen eskuetan. Hegan egin dut, eta nabigatu, eta hondartza zabalak igaro ditut bi gurpilen gainean. Hizkuntza arrotz bateko esaldiak entzun ditut, eta burutapen sofistikatuak ebazteko erabiltzen den alfabetoan idatzitako hitzak irakurri ditut. Jaki gozagarriak jan ditut, eta zeruetako elixirrak edan. Edertasunaren eta plazeraren jainkoek zeharkatzen dituzten zutabeak bisitatu ditut. Kolore askotako arraien pelagos batean bainatu naiz, bidaiari ezinegonek ezinezko bidaietan zeharkatutako itsasoan. Ilargiaren distira ikusi dut arku laukizuzenen artean, eta eguzkiaren argia itzaltzen, kaleidoskopiozko uharteen atzean. Zibilizazio zaharren ondarea atzeman dut, adimentsua baina ez perfektua, eta antzinako istorioen jakituria eta mina entzun izan dut. Nire zorion eta zoritxarren lagunarekin partitu dut nire bidearen beste zati bat, eztiak eta kresalak bildua.

Apoloren arkua, Naxos 

Bi aste hauetan beste itsaso batzuetan bizi izan gara, zerbitzari prestuak zuentzako utzi nituen ate, bide eta izpiak erakusten zizkizuela. Itzuleran, ardo onez betetako kopak ikusten ditut berriro. Horrela, atsegin hartu dut etortzean.

Argi berria

2006 - 10 - 10

Aldapan gora noa arratsaldez,

ikusten dudanari ezikusiarena egiten,

lan erraldoien bideragarritasun eza gogoan

jendeari erreparatu gabe begira,

ezinegona uxatuz arnasa sakon hartuta,

goian topatuko dudan horretan pentsatu gabe,

zenbaki bat buruan,

nagitasun batek alfertuta,

seinale gorriei jarraituz, gora,

ate zabal baten atzean

argi izpi bat topatu arte,

bitxia, txikia, sortu berria.

Epelegia

2006 - 10 - 04

Bideak 

Zure hatzak bidegurutzea erakusten du.

Alde batera bidea laua da, zabala, zuhaitzen itzalak babestua. Beste aldera, berriz, badirudi bidea galdu egiten dela arroken gainean, malkarrean, oteak eta belarrak ezkutaturik, aldapa gora eta behera.

Bide zaila hartu nahi duzu, eta nik zer egin jakin ez.

Zure besoa nabari dut nire gorputzaren inguruan, gerria atxiki duelarik.

Biderik zailena hartu duzu, eta nire zain geratu.

Modu batez aurreikusten diren gertakariak zein desberdin ikusten diren gertatu ondoren.

Hala, itzala eta noiz behineko ostatua utzi, eta mundu ezezagunera naraman bizitza traketsa hartu dut zurekin. Arriskuz betea. Oztopoz gainezka. Ezustekoz josia.

Berriro ere bide lasaia aurkitzen badugu, maitea, bihotzekoak jo gabe iristen banaiz xenda errazera, aspertuko naiz, ziur, bizitza erosoagoa aurkitzen badut ere.

Baina, hala ere, ezin dizut aitortu nahiago dudala hau, honela egokitu egin zait eta besterik gabe onartzen dut, hori da dena.

Erreko nuke zigarro bat, baina nahiago dut zutaz oroitu.

Dutxa epel bat hartuko nuke, baina horretarako ere epelegia naiz.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter