Thirako mahastiak
Thirako mahastiak bere baitan biltzen dira, lurrari itsatsiak. Euri gutxi jasotzen duen uharte honetako mahastietan, landarea hazten doan heinean, lurreko hezetasuna gorde ahal izateko, enborra kiribildu egiten dio nekazariak, koroaren forma emanaz, horrela hosto eta fruitu berriak zoruaren gainean sor daitezen.
Thirako biztanleak (edo Santorinikoak, uharte honek bi izen baititu), ordea, lurrari itsatsita egon beharrean, munduari ireki zaizkio. Milaka kanpotar gerturatzen zaizkie haiei, egunero itsasontzi handi eta dotoreetan, eta zerutik datozen ontzi hegalarietan. Ez da harritzekoa, sumendi baten leherketa erraldoiak eratu zuen uhartedi hau ikusgarria da, bertako amildegien gainetan dauden herrietako etxetxo zuriek apetazko forma iradokitzailea hartu dute, zeruaren eta itsasoaren urdin indartsua leiho eta ateetara eraman dutelarik haietan bizi direnek. Inguru ezin ederragoaz gozatzera hurbiltzen dira turistak, eta haiekin batera dirua, eta diruarekin aukera berriak irlako biztanleentzat.
Thirako mahastietatik ardo zuri ona ateratzen da, baina mahastiak desagertuko dira turismoaren presioagatik. Askoz ere diru gehiago irabazten da, lan gutxiago eta erosoagoa eginda, bisitarientzako ostatu bat eraikitzen soro emankorretan. Mahastiak zeuden lurretan etxe berriak eraikiko dira, eraikitzen ari dira, eta Thirako biztanleek noizbait pentsatuko dute agian hobe zela haien lurrari atxikiak mantendu izan balira, kiribilduta, mahatsaren landarea zaintzen zuten moduan.
