Iraganaren ahotsa

2006 - 11 - 30

Kaia, Donostia 

Diren gauzen artean, bistakoak edo

ikusiezinak izan, ez dio axola,

zaindutako altxorrak dituzu

urrezko kateak portuan,

tamalez galduak uretan,

eta ahaztutako bitxiak

mugarrien erdian, negarrez

atzean utzi nahi ez diren malko

nahigabetuak, jaiotetxeko aztarnak

dena bukatzen denean.

Eguerdi baten buruan, ustekabean

nagusitu zen zoriona, hain ona,

agurra geroko utzita.

Eman dizut dena, zioen artean,

gehiago eskaini zuen

iraganak orduan, izan zenezan benetan

aurrerantzean bakea.

Ibaizabalgo bazterrak, oroimenean

2006 - 11 - 28

Bilbo Abando 

Duela ez hainbeste urte, hogei besterik ez, Deustua eta San Inazio artean bazegoen zuloz betetako errepide estu eta zahar bat baratzen erdian. Handik igarotzen ginen alde batera zein bestera, egun hartako poteoa non izanaren arabera.

Ondotik trena pasatzen zen, metroa jarri aurretik Nerbioiren eskuin aldea igarotzen zuen egurrezko tren txiki bat. Uste dut horixka eta marroia zela, baina batez ere oroitzen dut ez zitzaiola kolorea gehiegi nabaritzen. Gaueko ordu batetan ateratzen zen azken trena Bilboko San Nikolas elizaren atzetik, estolda usain ikaragarria zeukan geltoki dekadente hartatik. Zenbatetan hartu behar izan genuen azken tren hura zazpi kaleetatik edo lascortes auzunetik etxera itzultzeko.

Bestela, egunez, hiriko barne garraio sarearen zati handi bat mikrobus konpainia batek estaltzen zuen. Egia esan, bus txiki haiek ez ziren gaurko 4x4 dotoreak baino askoz handiagoak (baina jende gehiago sartzen zen). Guk Desierto-Erandio zioena hartu behar izaten genuen gure auzora hurbiltzeko. Mikrobus haiek ere, zenbat urte eta zenbat kilometro eramango zituzten gainean ordurako?

Elurteak igarotzea tokatu izan zitzaigun etxebizitzatzat geneuzkan zulo haietan, eta hotzak ez akabatzeko kalefakziorako erregaia nola lortzen genuen ez dut hemen azalduko, ez baitut inor kaltetu nahi. Gintonikak ere lagungarri ziren egoera hura jasateko, eta kanutoak, ezer gutxiaz ohartzeko, eta kartak, zazpiterdian aritzeko gau luzeetan, testu liburuak ondoan.

Athletic-ek bi liga txapelketa irabaztea egokitu zitzaigun, eta hari esker ia lortzen dut futbol zale bihurtzea, eta ez futbolagatik, noski. Nola ahaztu astean behin Ekonomia Fakultateko areto nagusian antolatzen ziren zinema saioak, keak pantaila ikustea eragozten zuenean. Edo arratsaldez Areetara hurbiltzea, handik paseoan Algortako kai zaharreraino iristeko, edo Bizkaiko zubi eseki handia igarotzea Portuko aldapetan galtzeko. Gauak erre genituen Bilbon, eta egunak, ilunabarrak, egunsentiak. Ezinezko amodioak ere han geratu ziren.

Eta hala ere lortu genuen zer edo zer ikastea, bizitzan aurrera ateratzea, behintzat.

Bilbo orain askoz ere ederragoa da. Ez du bere xarma galdu, ez eta bere biztanleen handikeria. Baina nire oroimeneko hiri hura hitz hauetan soilik existitzen da jada.

Bapatean

2006 - 11 - 24

Intxaurrondoen hondartza (La Palma) 

Joan da astea, joan buru hausteak,

asteak joaten diren moduan, azkar, presaka,

zer egiten ari garen ondo jakin gabe,

olatuak lehertzen ikusteko astirik hartu ezinik,

eta orain, neroni ere aguro irten beharrean nagoelarik

minutu bat besterik ez dut behar hau idazteko,

korrika bada ere, gaizki lotua, zuzendu gabea,

presa baitut zuretzako nire gaurko oparia uzten. 

Edukia (II), Galtzerdia

2006 - 11 - 20

Delta d'Ebre

Zer egin dezaket mahai gainean aurkitzen ditudan gauzekin? Galtzerdi zahar bat ere badago, egutegi txikiaren atzean. Zer arraio egiten du hor?

 

Honela hasi zen hau, oharkabean, mahai honen gainean topatu nuen metalezko kutxatxo bati bueltaka, hura ireki eta bere edukia begiratuz.

Handik tiraka iritsi nintzen inguruan neuzkan beste objektuetara, eta denek erakutsi zidaten zerbait gordetzen zutela haien muinetan.

Ez zen zaila izan bestelako ontziak eta bestelako edukiak aurkitzea, jolasean, eta guztien artean zuganaino heldu nintzen, neronek ere ez nekiela.

Garai haietan ezin nuen imajinatu noraino eramango ninduen egun hartan hasitako bidaiak, edukiontzia handituko zela, eta beteko zela, eta horrenbeste erabiliko nituela bertan gordetakoak.

Joan etorri azkar batean nabaritzen dut ariketa ezdeus batek, ustez etorkizun gabekoak, ubidearen esklusa ireki zuela eta uholdeak bailarako bazterrak blaitu zituela, dituela.

 

Orain galtzerdiari buelta ematen diot eta ez dago ezer barruan, ezer ere kanpoan. Baina bidea jarraitzeko argibideak ematen dizkit, bere sinpletasunean.

Atea gurutzatu nuen

2006 - 11 - 14

Ljouwert, Fryslân 

Atea gurutzatu nuen. Hemendik igarotzen dena ez da atzera itzuliko, zioen ate gaineko inskripzioak. Halaxe izan zen, ateaz bestalde zu zinen, eta han geratu nintzen betiko. Han ez zinen zu bakarrik, nire lagun gehiago topatu nituen, eta zure ondokoak, eta gure ezagun zaharrak, eta nire bizitzako trumoi eta eguzki guztiak batuta, eta txori hegalari batzuk ere bazeuden, estatuetako buruetatik ihes egiten zutenak.

Ez da izan gozoa egonaldia, giltza galdu nuela konturatu nintzenetik aurrera, batez ere. Esaldi iragarle hura benetakoa zela, ihesbiderik ez nuela atzeman nuenetik. Txoriek atseden hartu zuten zure buru gainean, tximistak jo zuen nire barnean eta kanporatuak izan ziren bertan egotea atsegin zutenak.

Gero, bakardadea nagusitu zen, zuhaitzen arteko labirintoan galduta. Ateraino iristea lortzen dut noizbehinka, eta beti dago erabat itxita, sasiek ixten dutela ere bidezidor gehienak. Ez zen hau ametsetako baratza, ez zen paradisuko atea nik igaro nuena. Galbidea, eromena, bizitzari ihes egitea, hori da topatu dudana.

Orain, ezerezean biluzik, non zauden aurkitu gabe, ilunpean, ez dakit zer egin, norantz jo, noiz igo lizar baten gainera handik oihukatzeko erraietan gordetzen dudan azken garrasia.

Ibaiaren inguruan

2006 - 11 - 09

Urumea, Donostia 

Hau da ibaiaren inguruan egindako buelta bat, zubi nagusitik beste aldera igaro, hango espaloitik zubi berria topatu arte, ibaia gurutzatu berriro ere eta honako aldetik itzuli. Ur gaineko petrilean eseri naiz, hemeretzigarren mende bukaerako etxe dotoreak aurrean. Ura mantso dator, jendea paseotik dabilen modu berean. Joanekoan haizea aurka neukan, orain, eserita nagoela, hego haizeak astintzen dizkit ileak. Hegotik datoz hodei beltzak, mehatxagarriak, haizearekin batera, baina nire hodei beltzak, berriz, haize berak eramaten dizkit, haien mehatxuak usatuz. Mutil bi ikastetxetik atera dira, trena dator burdinbidetik hona, txirringa banku baten kontra jarrita dago, autoak dabiltza ezkiagan behera. Gizon trajedun bat pasatzen da nire atzetik telefonoz hitz egiten, sendagilea omen da eta lanari buruz ari zaio norbaiti.

Orduan burura etortzen zait malenkonia erraldoiaz sufritzen duenaren tristura, izanaren hutsalaz barrua hustu egiten duenaren ezinegona, udazkeneko hosto eroriek lur jota uzten dutenaren estutasuna. Haizeak berarekin daramatza atmosferaren partikula guztiak, dena gardena da, dena epel eta garbia.

Udaberrian egutegia begiratzen dut eta orri berriak irteten zaizkiola ikusten dut, egun berri banarekin, esperantza berri bat egunero. Udazkenean berriz, egutegiaren orriak erortzen ikusten ditut, zuhaitzen hostoak bezala, agortutako egun bat, joandako egun bat gehiago.

Altxatzen naiz petriletik, txirringa hartu eta pedalei eragiten diet, burutik ezin kendu idazle madarikatuen hitz nahigabetuak, eta ibaiaren ondotik jarraitzen dut itsas aldera, zubi airosa topatu arte nire itzulingurua amaitzeko, ezin dut ahaztu etxean bazkaria prest daukadala, mantso nabilela ur umea bezala, bizitza gardena dela udazkeneko hego haize bortitza bezala, nire zain zaudela.

Hodeiak

2006 - 11 - 02

hodeiak

Ez dut ezkutatu behar nire zaletasunetako bat paisaiak begiratzea dela, edo kaleetako etxeak aztertzea, ondoren argazkiak hartzeko. Formak, irudiak, koloreak, gizakiak sortutakoak ala naturaren gordintasunak eskainiak, denak dira interesgarri, bai ikusteko, bai paperean edo pantailan jasoak geratzeko.

Baina argazkiak egiterakoan badago elementu bat bereziki erakartzen nauena: zeruko hodeitza. Hiriko bazter batean zein mendi malkartsuetan argazkiak egiterakoan hiru egun mota daude: zerua urdin aspergarri batez erabat oskarbi agertzen duten egunak, zerua geruza gris homogeneo eta lauso batez osorik estalita eskaintzen dutenak, eta azkenik, zeruan, saltoka, han bai, hor ere eta hemen ez, hodei batzuek tarteka estaltzen dituzten egunak. Hauek bai egun fotogenikoak!


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter