Atea gurutzatu nuen
Atea gurutzatu nuen. Hemendik igarotzen dena ez da atzera itzuliko, zioen ate gaineko inskripzioak. Halaxe izan zen, ateaz bestalde zu zinen, eta han geratu nintzen betiko. Han ez zinen zu bakarrik, nire lagun gehiago topatu nituen, eta zure ondokoak, eta gure ezagun zaharrak, eta nire bizitzako trumoi eta eguzki guztiak batuta, eta txori hegalari batzuk ere bazeuden, estatuetako buruetatik ihes egiten zutenak.
Ez da izan gozoa egonaldia, giltza galdu nuela konturatu nintzenetik aurrera, batez ere. Esaldi iragarle hura benetakoa zela, ihesbiderik ez nuela atzeman nuenetik. Txoriek atseden hartu zuten zure buru gainean, tximistak jo zuen nire barnean eta kanporatuak izan ziren bertan egotea atsegin zutenak.
Gero, bakardadea nagusitu zen, zuhaitzen arteko labirintoan galduta. Ateraino iristea lortzen dut noizbehinka, eta beti dago erabat itxita, sasiek ixten dutela ere bidezidor gehienak. Ez zen hau ametsetako baratza, ez zen paradisuko atea nik igaro nuena. Galbidea, eromena, bizitzari ihes egitea, hori da topatu dudana.
Orain, ezerezean biluzik, non zauden aurkitu gabe, ilunpean, ez dakit zer egin, norantz jo, noiz igo lizar baten gainera handik oihukatzeko erraietan gordetzen dudan azken garrasia.
