Ibaizabalgo bazterrak, oroimenean
Duela ez hainbeste urte, hogei besterik ez, Deustua eta San Inazio artean bazegoen zuloz betetako errepide estu eta zahar bat baratzen erdian. Handik igarotzen ginen alde batera zein bestera, egun hartako poteoa non izanaren arabera.
Ondotik trena pasatzen zen, metroa jarri aurretik Nerbioiren eskuin aldea igarotzen zuen egurrezko tren txiki bat. Uste dut horixka eta marroia zela, baina batez ere oroitzen dut ez zitzaiola kolorea gehiegi nabaritzen. Gaueko ordu batetan ateratzen zen azken trena Bilboko San Nikolas elizaren atzetik, estolda usain ikaragarria zeukan geltoki dekadente hartatik. Zenbatetan hartu behar izan genuen azken tren hura zazpi kaleetatik edo lascortes auzunetik etxera itzultzeko.
Bestela, egunez, hiriko barne garraio sarearen zati handi bat mikrobus konpainia batek estaltzen zuen. Egia esan, bus txiki haiek ez ziren gaurko 4x4 dotoreak baino askoz handiagoak (baina jende gehiago sartzen zen). Guk Desierto-Erandio zioena hartu behar izaten genuen gure auzora hurbiltzeko. Mikrobus haiek ere, zenbat urte eta zenbat kilometro eramango zituzten gainean ordurako?
Elurteak igarotzea tokatu izan zitzaigun etxebizitzatzat geneuzkan zulo haietan, eta hotzak ez akabatzeko kalefakziorako erregaia nola lortzen genuen ez dut hemen azalduko, ez baitut inor kaltetu nahi. Gintonikak ere lagungarri ziren egoera hura jasateko, eta kanutoak, ezer gutxiaz ohartzeko, eta kartak, zazpiterdian aritzeko gau luzeetan, testu liburuak ondoan.
Athletic-ek bi liga txapelketa irabaztea egokitu zitzaigun, eta hari esker ia lortzen dut futbol zale bihurtzea, eta ez futbolagatik, noski. Nola ahaztu astean behin Ekonomia Fakultateko areto nagusian antolatzen ziren zinema saioak, keak pantaila ikustea eragozten zuenean. Edo arratsaldez Areetara hurbiltzea, handik paseoan Algortako kai zaharreraino iristeko, edo Bizkaiko zubi eseki handia igarotzea Portuko aldapetan galtzeko. Gauak erre genituen Bilbon, eta egunak, ilunabarrak, egunsentiak. Ezinezko amodioak ere han geratu ziren.
Eta hala ere lortu genuen zer edo zer ikastea, bizitzan aurrera ateratzea, behintzat.
Bilbo orain askoz ere ederragoa da. Ez du bere xarma galdu, ez eta bere biztanleen handikeria. Baina nire oroimeneko hiri hura hitz hauetan soilik existitzen da jada.

¿Te gustaría reescribir mi vida?
Comment by sky — 2006 - 11 - 29 @ 1:17 pm
El soroll de la estació. La olor a marxa i arribada. A nervis per començar i il.lusió per tornar.
Les estacions de tren són màgiques. Sobre tot si, com és el cas de la de Bilbo, han tingut la sort de viure i guardar tants moments i tanta vida.
Ara la gent viatja menys en tren però segueixen tenint la vida que ha passat per elles.
Una abraçada forta.
Comment by Lobogrino. — 2006 - 11 - 30 @ 12:03 pm
Joder, 80. hamarkadako kanutoak la hostia izango ziren ezta? Marihuana ala kostoa? Nik jada ez dut erretzen baina kuriosoa egiten zait.
Comment by bewater — 2006 - 12 - 14 @ 1:35 pm
Kostoa zen, bewater, oraingoa bezain ona (orduan mariarik ia ez zen mugitzen, oraindik dena inportatu behar baitzen). Kuriosoa?
Comment by amuitz — 2006 - 12 - 14 @ 4:38 pm
Egia esan ez dakit zergatik iruditu zaidan kuriosoa. Ni belaunaldi batzuk gazteagoa naiz eta badakizu, belaunaldi bakoitzari iruditzen zaio eurek deskubritu zutela Amerika.
Kostoa modernoa iruditzen zait, 80. hamarkada zaldiarekin lotzen baitut, ezjakintasuna, badakizu.
Comment by bewater — 2006 - 12 - 14 @ 8:10 pm