Idazlearen zakarrontziaz

2006 - 12 - 28

biblioteka uned 

Idazle frakasatu bati buruzko eleberria irakurri dut. Bertan, protagonistak idatzi eta idatzi egiten du, baina idazten duen guztia zakarretara botatzen du. A zer topikoa! Eleberriaren egileak dio berari gertatutako gauza bera dela bere protagonistari suertatzen zaiona, orriak bete ondoren, gustatu ez eta baztertzen omen dituela.

Gerta liteke anbizio gutxi behar izatea idazterakoan, edozein musika taldeko bateriari erreparatzen diozula, teklatuari besterik gabe eragitea. Dunbalaren erritmoan behatzak astindu, ateratzen ari denari behar baino arreta gehiago jarri gabe, gaur egun beste munduko zerbait idaztea ia ezinezkoa baita.

Gakoa izan daiteke, bestela, irakurtzeko orduan zorrotzegia ez izatea, horrenbeste gauza irakurtzeko ditugunean erlatibitate puntu bat hartzea, azken finean, zaila baita aparteko bitxia topatzea begi-bistan jartzen ditugun letra guztien artean.

Idazleen madarikazioa izango ote da, beraz, paperak sutara botatzea haietan esaldi baten hasiera zirriborratu ondoren. Aurrera ekiteko norbaiten epaia behar denean, edonork erabat mugaturik topatzen duelako bere burua. Eta zama handiegia da besteen oniritzi eternoa bilatu beharra, batez ere azken hitza dutenak profeta santuak baldin badira.

Agian zorte handia da idazle ez izatea, horrela hitzak harilkatu eta gero, ez baituzu inolako trabarik haiek gordetzeko. Nori axola dio, esaterako, hemen idatzitakoa? Nik berdin berdin ipintzen dut testu hau zintzilik, ordenadorearen zakarrontzira eraman beharrean. Hau ote nire zakarrontzia?

Hotza

2006 - 12 - 24

Pirinioak 

Azkenean, gauak geroz eta luzeagoak izango zirela ematen zuenean, eperik gabe egunak argi gutxiagokoak izango zirela uste genuenean, iritsi zaio gure Lurraren ardatzari eguzkiaren bila buelta emateko garaia. Oraindik ere hilabete hotzak pasa beharko ditugu, oraindik ere haize jelatua sartuko zaigu arropen zirrikituetatik erraietaraino, baina gutxienez, lanera joateko orduan egun argiak geroz eta indar handiagoz agurtuko gaitu, goizero goizago. Ez dut imajinatu nahi zer ote diren gau artikoak, eguerdi aldean eguzkiaren izpi ziztrin eta hotz batzuek besterik ez dutelarik argitzen izotz infinitua, negar malkoak isuri eta berehala hormatzen direla.

Gurean, zorioneko Arkadiaren garaietan, ikatz apur batek balio zuen neguak epeltzeko, gaur egun Olentzerok ordea ezingo liguke ekarri beharrezkoa zaigun harrolio guztia. Etxeak berotzea ez baitugu nahiko, behar dugu ere eskiatzera joateko azpiegitura guztiek funtzionatzea, eta Londresera joateko hegazkinaren erregaia, eta batez ere, Garberan erosiko ditugun txorakeria guztiak fabrikatu ahal izateko txinoek gastatuko dutena, eta Txinatik hona ekartzeko barkuek beharko dutena. Eta gurpil ero horrek ez du ihesbiderik, guztiok garamatza zulora, negutegi efektuak gau artikoen ametsezko xarma eta misterioa desagerrarazi arte.

Bitartean, oraindik ere haize jelatua sartuko zaigu arropen zirrikituetatik erraietaraino, eta ezin izango dugu bihotza berotu. Petroliorik ez horretarako.

Bizioak

2006 - 12 - 19

Pilota jokoa

Menpekotasun batetik atera

eta hura ordezkatuko duenik aurkitu ezinean

zabiltza, arnas gehiegi hartzeko aukera,

oxigeno gehiegi zure buruarentzat,

zorabiatuko zaituen beste ezer ez baituzu:

pantaila erraldoian elkarri jarraitzen

dioten irudi bizidunak, marrazki irrealak.

Irudiek tentetzen dute zakil enborra baina

guritzen gorputza,

ulertezinezko mugimendu bikoitzean

trinkotu, lausotu, indartu, moteldu.

Orduan amorrazio itzel batek harrapatzen zaitu

konturatzean ezerezari emandako hitzak

desagertu direla ezerezean,

eta barneko antsietatea ez dagoela

asetzerik horrela, galdutako ideiekin,

zeuretzat soilik onak diren bizioekin,

zentzurik gabeko jario honetan

zerbaitek huts egiten duelako,

huts neurrigabea, halabeharrez.

Film likitsak ikusteko aukera

darabilzu buruan eta soinean,

zineman botatzen dituztenak

ez baitira nahikoa

eskuz esku zabalduko zenukeen bular aldea

bihotz, birika berriez betetzeko,

aire eta odol garbiz sendatzeko.

Aldapa gora, goxo

2006 - 12 - 15

Hau da lehiaketa batera aurkeztearen ondorioa:

Bisitari-kopurua 

Ez dut hemen sekulan idatzi geroz eta bisitari gehiago edukitzeko obsesioarekin, nire letrak eta argazkiak lagunartean zabaltzeko gogo hutsarekin baizik. Baina begirada bota diot zenbatzaileari eta txundituta geratu naiz, a zer arrakasta gaurko egunean!

Eskerrik asko Sustaturi, bere 5. urteurrenerako antolatutako lehiaketak nire txoko hau mundu zabalera ireki duelako. Zorionak The Indezents irabazleari (berak nik baino hobe aprobetxatuko du iPod handi hori) eta aurkeztu ziren gainerako blogariei.

Ni zuen bisita berrien zain geratzen naiz, nahi duzuenerako.

Gurpilaren ardatz

2006 - 12 - 14

Trinidad, Cuba 

Noizbait hasiko da biraka gurpila,

argia esnatzen denean, agian,

burrunba isiltzeko, bestela,

botoia sakatzen dudanean,

baina bueltaka hasiko da, benetan,

eta behin mugitzen egonda, orain ez bezala,

etengabe arituko da dantzan.

Orduan, azalera borobilaren erdian,

ikusezinezko ardatz izango zara,

ingurua behatzen behin eta berriro

nire bidezidorren gainean jolasten,

gurdi zaharren antzera saltoka

aldapan behera lasterka.

Hemen, besaulkian, patxadan,

koloretako hizkien artean,

izana urrutian eta begiak harago,

likorea dastatzen nago ni,

gurpilaren balazta naizela

aterantz hurbiltzen denean.

Gezien haria

2006 - 12 - 11

Aragoi ibarra 

Leihotik ikusten ditut antxetak pasatzen,

eta zuhaitzei geratzen zaizkien azken hostoak erortzen.

Bitez hitzak airea

betetzen duten geziak, bata bestearen atzean.

Bedi golkoari ahopean esandako olerki hau

azaleren arteko ebaki gunea

bertatik irten dadin luze

errebotea egin ondoren

antxetaren garrasien oihartzuna.

Hitzen hariari jarraitzen dio

barraskiloak zintzilik

orbelaren gainean erori

daitekeela zerutik,

leihoko kristalaren atzetik

begira naukate isilik, herabe,

izuaren menpeko atseden

honetako edale.

Bitez txori zuriak urdinaren ebaki,

eta hosto lizunak, usteldutako kabi.

Ikusle bakarra

2006 - 12 - 05

Hang Zhou 

Kresala Zine Elkartea ezaguna da Donostian, duela urte askotatik zinema emanaldiak eskaintzen dituelako, astelehenero. Noizbehinka Arrasate kaleko aretora hurbiltzen naiz karteldegietatik kanpoko emanaldiak ikusteko, zinema desberdina, zaharra batzuetan, exotikoa besteetan, interesgarria gehienetan. Aurreko astean ikusten ari nintzen Vai-e-vem filmetik atera nintzen proiekzioak ordubete zeramanean; egia da aspaldian ez nuela hori egiten, baina zuzendaria (J.C. Monteiro, berau ere aktore nagusia zena) pedante bat iruditu zitzaidan, sasi-umore baldarrez betetako istorio hartan.

Gaur ordea bestelako film bat ikusi dut, Xiao Jiang zuzendariarena, gazteleraz Memorias de China titulua badu ere (zergatik egiten dituzte beti astakeria horiek?), ingelesezko izenburua Electric Shades da, hala esaten baitiote –itzal elektrikoak– txinatarrek zinemari. Bide batez aipatuko dut jatorrizko titulua ez dakidala, zeinek asmatu txinerazko hizkiekin!

Ume batzuk agertzen ziren kaleko zineman pelikulak prismatikoz ikusten, eta ondoren, prismatiko haietan geratzen zitzaizkien eszenarik goxoenak gordeta, umeen memoria eramangarria izango balira bezala. Ez da nire asmoa filmaren kritika egitea, halako batean entzun dudan esaldia hona ekartzea baizik: “ni izango banintz film bateko protagonista, ikusle bakarra neu nintzateke”. Hori entzun dudanean geratu bainaiz une batez pentsatzen bakoitza dela bere benetako pelikula propioaren ikusle bakarra.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter