Hotza
Azkenean, gauak geroz eta luzeagoak izango zirela ematen zuenean, eperik gabe egunak argi gutxiagokoak izango zirela uste genuenean, iritsi zaio gure Lurraren ardatzari eguzkiaren bila buelta emateko garaia. Oraindik ere hilabete hotzak pasa beharko ditugu, oraindik ere haize jelatua sartuko zaigu arropen zirrikituetatik erraietaraino, baina gutxienez, lanera joateko orduan egun argiak geroz eta indar handiagoz agurtuko gaitu, goizero goizago. Ez dut imajinatu nahi zer ote diren gau artikoak, eguerdi aldean eguzkiaren izpi ziztrin eta hotz batzuek besterik ez dutelarik argitzen izotz infinitua, negar malkoak isuri eta berehala hormatzen direla.
Gurean, zorioneko Arkadiaren garaietan, ikatz apur batek balio zuen neguak epeltzeko, gaur egun Olentzerok ordea ezingo liguke ekarri beharrezkoa zaigun harrolio guztia. Etxeak berotzea ez baitugu nahiko, behar dugu ere eskiatzera joateko azpiegitura guztiek funtzionatzea, eta Londresera joateko hegazkinaren erregaia, eta batez ere, Garberan erosiko ditugun txorakeria guztiak fabrikatu ahal izateko txinoek gastatuko dutena, eta Txinatik hona ekartzeko barkuek beharko dutena. Eta gurpil ero horrek ez du ihesbiderik, guztiok garamatza zulora, negutegi efektuak gau artikoen ametsezko xarma eta misterioa desagerrarazi arte.
Bitartean, oraindik ere haize jelatua sartuko zaigu arropen zirrikituetatik erraietaraino, eta ezin izango dugu bihotza berotu. Petroliorik ez horretarako.

Atzokoan sekulako hotza pasa nian, baina arrazoi dek horrela segita Artikoko egun horiek ez dira horrenbestekoak izango eta bertakoek ere galdera bera egingo dute “gogoratzen al zara nola hituan gau artikoak duela 50 urte? Hori bai negua eta ez oraingoa”
Comment by bewater — 2006 - 12 - 24 @ 12:43 pm