Hizkera ezkutua

2007 - 01 - 27

Ilargia, Lerin 

Kodeak erabiliz ulertzen diogu elkarri. Lerro hauen atzean zeroz eta batekoz osatutako zerrenda luzea dago, ulergaitza. Zenbaki haien eta letra hauen artean beste hizkuntza bat badago ere, ordenadoreak uler ditzan ematen dizkiogun aginduak. Eta guztien gainetik gure alfabetoa, egoki nahasia, lerro hauek euskaraz ulertu ahal izateko.

Hala, kode-geruza desberdinak ezarri ditugu bion artean. Zuk enter sakatu, nire asmoak ezagutzeko. Baina ez dizkizut beti gure alfabetoan eskaintzen, ez eta geure keinu propioz osatutako hiztegiaren arabera, are gutxiago zenbakiz osatutako zortzikoetan.

Izotzak estaltzen gaituenean, ur beroko errekastoak darama ikur ikusezinen sugea hormaren barruan. Gaua egiten denean, uhin errepikatu batek gidatzen du izpi birakorren haria iluntasun trinkoan. Isiltasun beldurgarria errai sakonetan zartatzen zaigunean, pentagrama horitu bateko notak airean hasten dira dantza eroan.

Lotan zaudela antzematen dituzu nire joan etorriak, urrunean ere ezagunak dituzu nire kezka zahar eta berrien iturriak. Ilargira joango banintz ere, zerura begira ikusiko zenuke nire barre algara, han goian, hain txiki, hain zuretzat emana. Gauza bat bakarrik eskatzen dizut: atera zaitez bidera, nire mundutik ari natzaizu blagan.

Labezomorro zuria

2007 - 01 - 23

sukaldetik 

Sukaldeko leihotik begira antzeman dut zomorro zuria desagertzen zulo ilunean. Badoa lurrera, badoa atzean utzita arrasto gorria. Ekaitza lehertu da eta trumoi hotsak jarraitu dio tunelaren barruan. Leihotik begira, beste zereginak utzita, oinetakoak lehortzen diren bitartean. Koloretako zerua, eta labezomorro zuria sukalde beltzean, txokoan sartuta bere zereginetan. Trumoi hotsaren dardarak astindu ditu airea, etxea, lur zabala, zomorro zurien bihotza. Argi gorriak itzali dira eta makinak lanean hasi, egun berria.

Ehun eta bat

2007 - 01 - 18

Postontzia 

Ehun gutun idatzi dizkizut eta guztiak apurtu. Ez ditut denak oroitzen, duela urte asko hasi nintzen horretan. Lehenengoa idazten ari nintzelarik, banekien ez nizula bidaliko, baina orriaren bukaera arte jarraitu nuen, sinadura jarri arte. Gero apurtu egin nuen.

Hurrengoarekin hasi nintzenean, borondate guztia ipini nuen letra haietan, esan nahi nizkizunak ondo adierazten, horrela gutuna ez bidaltzeko arrazoirik izango ez nuelakoan. Eskutitz hura bukatu eta kartazal batean sartu nuen. Baina aurrekaria kontutan hartuz, zirrara beldurgarri bat sentitu nuen eta hura ere puskatu nuen, kartazala eta guzti. Hurrengo batekin saiatu nintzen, eta hartarako zigilua ere prestatu nuen, baina hari su eman nion postontzirako prest zegoenean.

Ohitura ez nuen galdu, dena den. Laugarren bat iritsi zen, eta gehiago ere. Karta haietan milaka kontu azaltzen nizkizun, txorakeria ugari tartean, baina guztietan irakurri nahi ez zenuen hura idatzita zegoen. Horregatik txikitu nituen denak.

Gaur ehungarrenera iritsi naiz. Denbora ez da alperrik pasa, mundua aldatu zaigu, baina oraindik ere usadioari eusten diot. Osorik idatzi dut, goitik behera errepasatu, eta puskatu dut. Ehun gutun idatzi dizkizut eta guztiak apurtu.

Soroslea

2007 - 01 - 14

Famara, Lanzarote 

Irudirik gabeko gizona bere istorioa kontatzen hasi zen irratian. Ordu haietan entzuleak gutxi ziren. Bazegoen lo hartu ezin zuen emakume bat bere mesanotxeko aparailua piztuta, kontakizun sinesgaitz hura harriduraz entzuten. Bere semeetako baten gaixotasun kronikoa zaintzen ari zen aita kezkati bat etxeko egongelan zegoen irratiko esatariari kasu egiten. Askoz ere urrutiago, ikasle gazte batek liburuek ziotenari ezin jarraitu, eta nahiago zuen bafleetatik irteten zen ahots sakonari arreta jartzea. Ez ziren askoz entzule gehiago izango irudirik gabeko gizonaren istorioa jarraitzen ari zirenak ordu txiki haietan.

Tontor erraldoi beltzetan ibili nintzen oinetakoak urratuz. Elur zuritan hotza sufritu nuen, eta basoetan galdu nintzen sarritan. Kanposantuetako hilobien artean ahaide zaharren arimak ikusi nituen hegan, eta gaztelu erorietan borroka latzen garrasiak entzun. Jaitsi nintzen hirira, eta gizon-emakume zorabiatuen zaratak ni zorabiatu ninduen. Ez nuen aukerarik, itsasoraino heldu behar izan nuen, eta bertako olatuek nire gorputza bereganatu zuten. Itotzekotan nengoela, gorputz lerden eta gihar indartsuko erdi-jainko batek bere besoetan hartu ninduen, eta ur handien zurrunbiloetatik salbatu. Esker onez, hondartza ondoko belardian besarkatu nuen eta bere aurpegi ederrean muxu eman nion.

Une horretan, irrati-entzuleek ikusi zioten aurpegia esatariari, jakin baitzuten haien bizitzetan aspaldian gertatutakoa kontatzen ari zela, ohartu baitziren ahots sakoneko kontalariak haietako bakoitzaren amets eta beldurrei heldu egiten ziela. Eta haiek ere, irrati uhinen bidez, beren sorosleari muxu eman zioten orduan. Hala egin zuten gauero aurrerantzean.

Armiarma sarea

2007 - 01 - 09

Armiarma sarea 

Hildakoen alegiazko infernutik

iritsi berria nintzen, eta atearen ondoan

aurrez aurre topatu ninduzun

arrotz baten besoetan zinela.

Zeure ustekabeko barne indarrak

sortutako kaltea baretzeko,

putzu honetara sartu nintzen,

pareta artean nago zigortuta

egin ez nuenaren borondatezko ordainetan,

zure onetik atera zinela konpontzen.

Zertan ibili zara negu hauetan,

noren besoek hartu zaituzte,

zenbaten gogoa aztoratuko zenuen,

liluratu eta atzipetu,

nork ez zuen halako iratxoa miretsiko,

giltzapetuta jarraitzen dudan bitartean.

Orain, armiarma sarean harrapatu duzun

eulimando sentiberak

askatu nahi izan nau, ezjakin hirurok

–armiarma, eulia eta arima ziztrin hau–

haize boladak eramango gintuela.

Zorionaren eztanda eskuetan genuen

baina haren uhinak apurtu du, betiko,

sentimendu bitxien ezinezko abentura.

Hartxoriak

2007 - 01 - 04

Parkea 

Arrapaladan, hodei iluna lasterka, azkenekoz

hegazti multzoa, andana,

gure gainean txioka parkeko platanoetan.

Emakumea kexu da zikinagatik,

gizona pozik txoriei begira,

eta gure bideak orduan aldendu dira.

Txoriekin bat geratu naiz ni,

haiekin batera bidaiatuz,

eta beren taldekoa izan naiz geltokiraino.

Zuk, berriz, nahiago izan duzu

hartxoriengandik urrundu,

eta ikusi duzun lehen autobusean sartu zara

txartelik gabe, ihesean bezala.

Zarata sinesgaitza inguruan,

eta hegazti txikien gorotza

parkeko bankuetako pintura marraskatzen,

eta azkenik, nire ilean itsatsita ere,

kaskezurrean, garunean ia,

noizbait zuri kontatzeko.

Urtea

2007 - 01 - 01

Ziurrenera gaurko egunez honen antzeko milioika mezu, berri eta asmo-deklarazio agertuko dira sareko orrietan, eta nik honako hau idatzi nahi izan dut. Indarrean daukagun egutegia konbentzio bat besterik ez da, baina gure bizitzak antolatzeko erabiltzen dugunez, gaur ez da bakarrik egun berri bat, urte berria da ere.

Horregatik hurrengo hamabi hilabeteetan idatziko ditugun dokumentuetan urtearen zenbakia bi mila eta zazpi izango da, tarte horretan jaiotzen diren umeek kinta berri bat osatuko dute eta beste ekitaldi bati hasera ematen diogu inbentarioa egin berria.

Bestelakoan, munduak aurrera jarraitzen du bere miseria eta pozkari guztiekin, denok pixka zaharrago, hori bai, baina atzo ere herenegun baino zaharragoak ginen. Edozein modutan, denboraren jarioa urteka sailkatzen ohituta gaude, eta horregatik galdetzen diot nire buruari: hau izango al da Urtea?


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter