Ehun eta bat
Ehun gutun idatzi dizkizut eta guztiak apurtu. Ez ditut denak oroitzen, duela urte asko hasi nintzen horretan. Lehenengoa idazten ari nintzelarik, banekien ez nizula bidaliko, baina orriaren bukaera arte jarraitu nuen, sinadura jarri arte. Gero apurtu egin nuen.
Hurrengoarekin hasi nintzenean, borondate guztia ipini nuen letra haietan, esan nahi nizkizunak ondo adierazten, horrela gutuna ez bidaltzeko arrazoirik izango ez nuelakoan. Eskutitz hura bukatu eta kartazal batean sartu nuen. Baina aurrekaria kontutan hartuz, zirrara beldurgarri bat sentitu nuen eta hura ere puskatu nuen, kartazala eta guzti. Hurrengo batekin saiatu nintzen, eta hartarako zigilua ere prestatu nuen, baina hari su eman nion postontzirako prest zegoenean.
Ohitura ez nuen galdu, dena den. Laugarren bat iritsi zen, eta gehiago ere. Karta haietan milaka kontu azaltzen nizkizun, txorakeria ugari tartean, baina guztietan irakurri nahi ez zenuen hura idatzita zegoen. Horregatik txikitu nituen denak.
Gaur ehungarrenera iritsi naiz. Denbora ez da alperrik pasa, mundua aldatu zaigu, baina oraindik ere usadioari eusten diot. Osorik idatzi dut, goitik behera errepasatu, eta puskatu dut. Ehun gutun idatzi dizkizut eta guztiak apurtu.

Kaixo “Amuitz”,
Sustatu lehiaketaren bidez ezagutu dugu zure bloga eta gure blogaren esteketan jarri zaitugu, gure ustez, euskal blogen artean geroz eta elkarlan sare gehiago egon, askoz hobe delako:
http://zerdiok.mundua.com
ea zer iruditzen zaizun gure bloga.
Beti prest
zerdiok
Comment by zerdiok — 2007 - 01 - 19 @ 12:49 am
Kontxo, kartaren zera horrek behin idatzitako testu bat gogorarazi dit.
Zorionak blogagatik, oso itxura ona du.
Comment by Julen — 2007 - 01 - 19 @ 11:42 am
ez dakit 100 aldiz, baina uste dut denoi gertatu zaigula antzekorenbat noizbait. Bete betean asmatu duzu.
Comment by borthuzai — 2007 - 01 - 19 @ 3:45 pm
Komentatzen zenidan bezala, gordetako testuak ezin dira kontsultatu oraingoz, inplementazio garaiko alferkeriak. Gaur ez dena bihar izango da.
Comment by Julen — 2007 - 01 - 25 @ 10:20 am
argazkia nongoa da? Grezia dirudi. Bertan egon naizenean atentzioa deitu dit kalean hainbeste katu ikusteak. Blog ederra daukazu.
Comment by aitorr — 2007 - 01 - 31 @ 11:45 pm
Asmatu duzu, Aitor, azken urrian Greziara egindado bidaian ateratako argazkia da, Mykonos irlako hiriburuan. Katu mordoa, bertan, bai.
Comment by amuitz — 2007 - 02 - 01 @ 9:47 am