Saminaren aurpegia

2007 - 02 - 26

Lana ibarra 

Bilatzen dut nire iraganean, eta gauza bera aurkitzen dut behin eta berriro, eta badakit nire iragan horretan ere, gazteago izanik eta atzera begiratuz, beti gauza horixe bera aurkitu izan dudala. Eta inoiz ezin izan diot izenik jarri, formarik eman, doinurik ezarri.

Baina izen, forma eta doinurik gabeko zera topatzen dudan bakoitzean idazten hasten naiz, mamuari heltzeko. Eta izkribu zaharrak irakurtzen ditudanean, haietan ere saiakera berdina antzematen dut, obsesio pisu bat, betebehar errepikakor bera. Erraza litzaidake hona hitz zaharrak ekartzea, askotan errepikatuak, inguru desberdinetan kokatu izan ditudanak nire bilaketa amaigabea ezkutatzeko metamorfosian.

Ez dut horrelakorik egin nahi, ez dut jada esandakoa argitara ekarri nahi, erabat gogaitzen nauelako. Baina hemen dago nahigabean, ostera, patuak aldiro ekartzen didan sentipen hau. Gaur ikusi dut antzeko samin sakona aktore baten aurpegian, gaur irakurri dut oroimen nostalgiko bera nobela bateko pasarte mingotsean. Gaur badakit zuloa ez dela inoiz amaitzen, eta ez naizela ni bakarrik bertan erortzen ari.

Hats isil horri izena jarri nahi nioke, forma eman, doinua ezarri, eta aspertzen nau etengabeko bilaketak, betiko zurikeriak, amaigabeko ezkutatzeak. Eta aldi berean badakit hau guztia gezur handi bat besterik ez dela, nire arima liberatzeko nahikoa nukeela hitz bat, bi agian, hemen idatziko banu. Horretarako hasten naiz behin eta berriz bilatzen nire iraganean, baina ez naiz sekula inora heltzen.

Gaur, gutxienez, aurpegia ikusi diot mamuari, duela urtebete ikusi nion bezala. Auto zahar bat gidatzen zihoan gari berde arteko errepideetan, mendikate malkarren gibelean, inoiz zahartuko ez den amodio baten lekuko. Aurpegia ikusi diot, baina ezin izan diot doinurik ezarri.

Iruñeko egunak

2007 - 02 - 23

Iruñeko harresia 

Atera naiz eskolatik eta bazkaltzera noa. Gustatzen zait astean behin Jarauta kaleko taberna batera joatea, bazkari ona ematen dute eta zerbitzariak nire arreba zaharra balitz bezala tratatzen nau, baina aurrekontu mugatuak ez dit gehiagotan han bazkaltzen uzten. Gaur bertara joatea erabakitzen dut, billabesa hartuta; gainerako egunetan pisukideok jantoki merke batera joan ohi gara, moja batzuek kalean bizi direnei arroz eta haragi merkea ematen dieten komentu batera, etxetik gertu. Baina gaur alde zaharrerako bidea hartu dut, nire gustuko txokoan bazkaldu, eta bide batez telebistan berriak entzun eta egunkaria irakurtzera.

Bazkal ondoan Takoneratik itzultzen naiz etxeraino, harresietan buelta bat emanda. Iparraldera begira jartzen naiz. Bakarrik nago, lagunak faltan dauzkat. Gogoan dut igandean Urbiara igo ginela, gogoan ditut Bilbo aldera bizitzera joan direnak eta Donostian geratu direnak. Ni hemen nago, bakarrik, nire Iruñeko lekurik maitatuenean.

Etxean, nire gelan sartzen naiz, kuluxka bat egiteko, beranduago ikasteko asmoarekin. Lehen solairuko logelak patio batera ematen du, eta gora begiratzen badut eguzkiaren azken izpiak ikusten ditut patioko goialdean. Ezin dut denbora askoan egon leiho ondoan, kalera irten beharra daukat nire gogoetak haizatzera.

Polita da Iruñea arratsaldez, aste barruan, jendeari begira noalarik zeharkatzen ditut kaleak eta liburudenda batean sartzen naiz, nobela bat erosten dut eta ziudadela ondoko banku batean jartzen naiz irakurtzen. Ez dut norekin hitz egin, eta paper arteko istorioetan sartzen dut nire burua, edozeinekin egoera lazgarriak partitzeko ahaleginetan. Halere, asmo hutsala hori, eta jendeari begira zeharkatzen ditut atzera etxera iristeko dauden parkeak.

Baina hau ez da nire etxea, datorren urtean ez naiz hemen geratuko. Pisukideekin afaltzen dut, baina hauek ere ez dira hitz ugarikoak, eta ohean sartzen naiz. Gauez lurrikara batek esnatzen nau, patiotik gora sekulako burrunba dator eta ni ohean saltoka ari naiz. Ikaragarria da. Gustatzen zait Iruñea, haatik, ez da nire bizitokia izanen.

Zure leizea

2007 - 02 - 19

Superportua? 

Ez ezazu jarri begirada hori
zure albotik pasatzen naizenean,
zeru osoa igaroko baita
zure begien zuloetatik
eta irrist egingo dute
mendi hegaleko zuhaixka denek
zure musuen artetik
jauzi eginez sudurraren parean
niganaino heltzeko.

Ez iezadazu esan
maite nauzula,
haranetik behera datorren ibaiak
gainezka egingo duelako
zure ahotik nirera,
eta hego haizearen bultzadaz
eroriko naiz lurrera zuretzat.

Ez nazazu ukitu oraindik,
maindire azpiko itsasoaren beldur naiz,
olatuen menpeko,
denbora geldien senide,
eta zure eskuetatik heltzen den
ozeano urdin ilunak
eramango nau astiro
gozamenaren leizera.

Marroi teilakatua

2007 - 02 - 17

Teilak 

Bewaterek sartu nau marroi honetan, eta bertatik atera behar. Beraz, irakurleak niri buruz ezagutzen ez dituen bost gauza kontatuko ditut:

1.- Batxilergoa letretan egin nuen, eta artearen historia ikasten, Arkitektura egiteko gogoa sartu zitzaidan. Beka bat lortu Nafarroako Opusera joateko (artean ez zegoen arkitektura eskola publikorik Euskal Herrian) eta lekuz kanpo nengoela ohartuta, hura utzi eta Ekonomia ikasi nuen. Azkenik, matematikako irakasle bukatu dut.

2.- Hamar urte-edo nituela, Garesera joan ginen behin bazkaltzera herriko plazako jatetxe batera, eta gure aurretik bazkaldu zutenen platerak oraindik kendu gabeko mahai batean eseri ginen. Gurasoak konturatzerako, cognac kopa guztietako kondarrak edanda nituen.

3.- Piano ikasketak egiten hasi nintzen, baina hirugarren mailako irakaslea ezin eraman eta utzi nuen. Handik urtebetera, Beatlesen partitura batzuk iritsi ziren nire eskuetara, eta berriz hasi nintzen jotzen, nire kasa, Mendelssohnen Lieder ohne worte (Hitzik gabeko erromantzak) jo ahal izateko maila lortu arte.

4.- Pepeistak eta aita santua izorratzeagatik, iaz ezkondu nintzen.

5.- Sekulan ez dut maparik eraman kotxean, eta hala ere gidatzen iritsi naiz Hamburg, Glasgow edota Ljubljanaraino.

Gogorik badute, jarrai dezatela honakoek: Zerdiok, Barnemuinetan, Aitorr, Konkista ezina…, Pon

Urte osoko bidaia

2007 - 02 - 14

Coll d'Estenalles

Mendi lerroko tontorrak

udaberri goiztiar gorria

harri pilak, arteak, beldarrak

zapataz jantzitako txangoa.

 

Bide bazterreko usaina airean,

aterbeko bazkari joria

irribarre gozoan emana

elurzulo hutsen ondoan.

 

Urte osoko belar meta

itxaroten euria, galdua,

arrokaren iraupen geldoa

gure joanaren goibela.

Itsua

2007 - 02 - 06

 

Laukizuzen zuria, zuriegia,
atzeko pareta beltzaren gainean,
gela zeharkatzen duen
izpi indartsu batek argitua.

Leihoa, itxita,
lanpara, itzalita,
nondik ote argia?

Itsu geratzea ahaztu nuen
zu ikusita.

(lotura jatorrizkora)

Egonean

2007 - 02 - 01

Geltokia 

Etxetik atera zen gaueko ordubi eta erdietan. Behelainoa zegoen, hiriko argiek airean eskegitako ur tantatxoak horitu eta dena zen laranja kolorekoa. Trenbide aldera hartu zuen. Hotza egiten zuen eta bufanda lotu zuen lepo inguruan, eskularruak jantzi, eta neguko giroari eutsi zion. Trenbide azpitik igaro ondoren zabalgune bat zeharkatu behar zuen, ez zebilen inor inguru osoan, neguko gau hotz baten bakardadearen bila atera zen etxetik, eta hura topatu zuen, besterik ez. Erreka ondoko espaloitik jarraitu zuen itsasora hurbilduz. Zuhaitzek, hostorik gabe, adarrez osatutako ezinezko eskeletoak ziruditen, enborraren gainetik bere pausuei so egiten. Noizbehinka autoren baten argiak ikusten zituen ibaiaren bestaldean, laino artean ihesean-edo.

Noraezean zihoan, edo hori uste zuen berak, baina halakoetan bezala leku berean bukatu zuen, itsaso ondoan, hondartza gaineko pasealekuan. Itsasoa bare omen zegoen, farolen argia infinitoan amiltzen zen lekuan iluntasuna nabaritzen zen, edo ezer eza, edo zulo beltz erraldoia. Hondartza ere itsasoan amiltzen zen, eta haratago ez zen deus ikusten, ez entzuten.

Biharamunean ez zuen ezer berezirik egiteko, egun hartan ezer berezirik egin ez zuen moduan. Horregatik -baina ez horregatik bakarrik- zegoen kalean, berdin ziolako noiz oheratu, noiz esnatu. Baina mila gauza zituen buruan, egun haietarako asmo ugari, ezertan geratuko zirenak bere jarrerari eusten bazion. Aldaketa baten zain zegoen, bere bizimodu aspergarriaz aterako ziona, eta aldaketa zetorrenerako helburu mordoa zituen, baina ez zekien nola, ez zekien zergatik, horrela jarraitzen zuen, ezer egin gabe, egonean, jenderik kalean ez dabilenean kalera irtetzen eta kaleak jendez gainezka daudenean etxean gordeta.

Aldaketa baten zain zegoen, baina ez zekien noiz edo nola etorriko zen.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter