Egonean
Etxetik atera zen gaueko ordubi eta erdietan. Behelainoa zegoen, hiriko argiek airean eskegitako ur tantatxoak horitu eta dena zen laranja kolorekoa. Trenbide aldera hartu zuen. Hotza egiten zuen eta bufanda lotu zuen lepo inguruan, eskularruak jantzi, eta neguko giroari eutsi zion. Trenbide azpitik igaro ondoren zabalgune bat zeharkatu behar zuen, ez zebilen inor inguru osoan, neguko gau hotz baten bakardadearen bila atera zen etxetik, eta hura topatu zuen, besterik ez. Erreka ondoko espaloitik jarraitu zuen itsasora hurbilduz. Zuhaitzek, hostorik gabe, adarrez osatutako ezinezko eskeletoak ziruditen, enborraren gainetik bere pausuei so egiten. Noizbehinka autoren baten argiak ikusten zituen ibaiaren bestaldean, laino artean ihesean-edo.
Noraezean zihoan, edo hori uste zuen berak, baina halakoetan bezala leku berean bukatu zuen, itsaso ondoan, hondartza gaineko pasealekuan. Itsasoa bare omen zegoen, farolen argia infinitoan amiltzen zen lekuan iluntasuna nabaritzen zen, edo ezer eza, edo zulo beltz erraldoia. Hondartza ere itsasoan amiltzen zen, eta haratago ez zen deus ikusten, ez entzuten.
Biharamunean ez zuen ezer berezirik egiteko, egun hartan ezer berezirik egin ez zuen moduan. Horregatik -baina ez horregatik bakarrik- zegoen kalean, berdin ziolako noiz oheratu, noiz esnatu. Baina mila gauza zituen buruan, egun haietarako asmo ugari, ezertan geratuko zirenak bere jarrerari eusten bazion. Aldaketa baten zain zegoen, bere bizimodu aspergarriaz aterako ziona, eta aldaketa zetorrenerako helburu mordoa zituen, baina ez zekien nola, ez zekien zergatik, horrela jarraitzen zuen, ezer egin gabe, egonean, jenderik kalean ez dabilenean kalera irtetzen eta kaleak jendez gainezka daudenean etxean gordeta.
Aldaketa baten zain zegoen, baina ez zekien noiz edo nola etorriko zen.
