Mila kilometro

2007 - 03 - 29

 

Mila kilometro baino gehiago daude Merdifetik Birduzera, tartean basamortu bat, ibai oparo baten ibar zabala, mendikate handi eta luze bat, beste mendikate txikiago bat, hainbat aldapa, bi hiriburu nagusi, herri handi asko eta herrixka ugari, monasterio zistertar bat, itxurazko autopista bat eta errepide sarea haren inguruan, abiadura handiko trenaren trenbidea, jende asko joan etorrian, kotxeak, zuhaitzak, aire lehorra, aire umelagoa, ipar haizea tarteka, hego haizea batzuetan, tunel gutxi, bidegurutze asko, garraio enpresetako kamioek eramaten dituzten fardelak, paketeak, gutun-azalak eta ordainagiriak, gasolindegi mordoa taberna aseptikoz eta komun zikinez hornituak, tren geltokiak, sagarrak biltzen dituzten traktore erraldoiak, nekazariak, turistak, kanpandorre luzeak eta elizetako bobedak, eskaleak, ai, beti ahaztuak ahanzturarako beharra duen gizartean, mila kilometro baino gehiago, eta nik ez dut bakarra ere egin, oraingoz.

Soila

2007 - 03 - 26

 

Lau zutabe gainean jaso zuten mahaia,
marra lodiz margotu,
eta azalera urratu, hantxe –zuloan– tinta isurtzeko.
Esan beharrekoa esanda zegoen,
ez ninduten zelatatzen, aske nintzen
mahai jokoan aritzeko.
Txabola erdi erori baten antzera
–egur zatiak lur biziko zoruan–
atalak erortzen zitzaizkidan,
afixak txintxeta bakar batetik zintzilik,
kanutotik isurtzen zen ur zikinak
dekoloretu zituen argazkiak.
Mamia aurkitu nahi nuen,
eta gainerako guztia betiko utzi.
Agure bat agertu zen
eta ez zeukan zentzurik.
Ontzi galdua aurkitu nuenerako,
arrangura zen nagusi,
gainetik begiratu behar izan nuen arretaz
dena aukeratzeko,
eta gauza guztien artetik,
oroimenean arrastoa egingo zidana eskuratzeko.
Arku gotiko gurutzatua eraiki zuten
lau zutabeen gainean,
soila, apaindurarik gabea,
mundu zaharretik iritsitako artistaren hitzetan.

Jokoa

2007 - 03 - 22

 

Joko bat bezala hartzen zuten, nahiz eta arriskutsua izan. Haietako bat mendira joaten zen, txapelokerrek jarrai zezaten mugaraino. Bitartean, gainerakoek estraperloan lortutakoa banatzen zuten etxez etxe.

Kontu handiz ibili beharra zegoen. Mendira irteten zenak ondo baino hobe ezagutu behar zuen ingurua, beharrezkoa zen unean ospa egiteko. Ez hori bakarrik, arrastoak utzi behar zituen guardia zibilak gidatzeko baina ez gehiegi gerturatzeko. Hirugarren lagun bat beharrezkoa zen mugaz bestalde, ahalik eta azkarren paraje haiek uzteko.

Dena den, kontrabandoan trukatutakoa banatu behar zen, eta hasieran bizirauteko egiten bazuten ere, denborarekin jaki eta edarien merkatu beltzari etekina ateratzen ziotenak geroz eta gehiago ziren, eta irabazten ez zutenek ere joko bat bezala hartzen zuten, nahiz eta azken hauek izan gehien arriskatzen zutenak.

Hoberen pasatzen zuena giza-amu moduan Larrarte hegaleraino igotzen zena izaten zen, Ildotz errekan gora nekatzen zena, Untzilako basoetan behin eta berriz hanka egiten aritzen zena. Bazegoen beti norbait horretarako prest: atzetik zetozen txakurren hats epela atsegin zutenak, bizitza guztia ihesean zebiltzanak, lagunengandik, ardurengandik, bere buruengandik ihesi, eta orain, fusilen aurrean benetan ihes egitera jolasten zutenak. Baina dena joko bat besterik ez zen, haiek ziren amuak, haiek besteei ziria sartzen zekitenak, eta beste aldera igarotzean, guardiak atzean utzita eta babesa aurkituta, benetako satisfakzioa jasotzen zutenak, dena ondo atera da esan, eta lotara zihoazenak.

Itsasgizona

2007 - 03 - 17

Bermeo 

Ez naiz inoiz itsasora irten,
bere ertzetako gatibu izanagatik ere.

Ez naiz sekula esnatu goizalde ilunean
barkuan arrantzara joateko,
olatuek ez naute zorabiatu
goitika egin behar izan arte,
ez dizkit hotz zorrotzak
eskuetako hatzak arraildu,
hezetasun gaziak
oinak anestesiatu.
Ez ditut egunak pasa behar izan
sareak altxatuz, amuak astinduz,
ez diot gau beltzari eutsi behar izan
ohatila zakar estuetan kulunkan
bakardadea partituz.

Legatza jan izan dut
perrexila eta txirlekin,
hondartza bazterrean ibili naiz
direnak eta ez direnak bilatzen,
kai zahar ederretan
argazkiak egiten,
olatu erraldoien isuriari itzurian
aritu izan naiz korrika,
baina ez naiz inoiz itsasora atera
kosta inguruetako adiktoa izanagatik ere.

Kresalaren usainak ase nau,
urdinaren argiak itsutu,
plater beteak koldartu.

Nola ahaztu?

2007 - 03 - 14

Montgrí - l'Empordà 

Lehen aldiz ibilbide luzeko tren bat hartu nuenean atzerrira joateko, mediterraneoko kostaldean lauzpabost egun pasa nituen hango lagun ezagutu berri batzuekin. Etxera itzultzean, geltokian agurtzen nindutela, lagun haiek musika zinta bat oparitu zidaten, benetako altxorra, oroigarri ahaztezina.

Nire herria hain da txikia ibilbide luzeko tren bat hartzen duzunean, atzerrira eramaten zaituela derrigor, mundua ezagutzera. Lagun hauen herria handiagoa da, baina zinta hartan ezagutu nuen herri batek ez duela zertan handia izan behar bere misterioak goratu ahal izateko. Alta, txikitasunak eman ditzake gozamenik handienak; izan ere, orain dakit Itaka zer den.

Bidaia iniziatiko hura baino urte batzuk lehenago gertaera ikaragarriak izan ziren gurean, aurrerantzean errepikatuko zirenak, eta oroimen kolektiboan ezinbestean geratu zitzaizkigunak. Eta ikarak eta amorruak behartuta bizitza maitatzen ikasi genuen, ezinbestean hori ere.

Denboraren poderioz nire bigarren etxea bihurtu den hartan oparitu zidaten musika zintako abeslariak behin baino gehiagotan eduki izan du gogoan bere aberri txikia, sorterriari eginiko abesti zoragarrietan: bertako edozein kanpandorretik ondoko kanpandorreak ikus daitezkeela aipatu zigun, herrixken bakardadearen beldurra gogora ekarriz.

Baina gurean gertatutakoak ere kantatu zituen, bakoitzari bere izena emanez: duela hogeita hamaika urte Gasteizko bost langileak hil zituzten poliziei eta haien arduradunei assassins deituta, ozen, hiltzaileak. Eta hauen –edo hauen ondorengoen– barkamena eskatzen jarraitzen du, dugu, ezin baitugu ahaztu. Nola ahaztu? Lluís Llach: matxinada iraunkorra. Gràcies, de debò.

Aztikeria

2007 - 03 - 11

Tokiberriko larrosak 

Erakutsi dizuet esfera itzela,
bere azaleraren puntu batean nengoen isilik,
zuen berriketaren lekuko izan naiz,
zuen zorabioaren ikusle ahalkea.
Nonbait miretsiak nire kapelutik
atera ditudan untxi eta zapiak,
paretan marraztu ditudan lerro eta hizkiak,
kontatu dizkizuedan ipuin sinestezinak.

Antza, egia ez da sotila,
esferaren erdiko bidegurutzeak
norabide okerrean jarri nau
eta nire eginahala hutsean geratu da.
Baina badut oraindik magia
egiteko makila, eskutan,
eta behatzak kliskatuz
sortuko diren larrosak.

Haizea

2007 - 03 - 08

Haizeak eraman zuena

eta gaur daramana,

ohorea, harremanak

eta azken unean harrapatutako

hainbat poema.

 
Haizeak ekarri duena

eta bihar lekarkeena,

poza, itxaropena

eta azken unean lapurtutako

gizakume lerdena.

Ezin atera

2007 - 03 - 03

 

Lehen martxa jarri zion autoari handik irteteko.

Poliki, pedala zapaldu eta gurpilen mugimendua

nabaritu zuen,

milimetro bat, gero bestea,

motorrari indar gehiago eman

eta autoa lekuz aldatzen hasiko zela

iruditu zitzaionean,

aurreratutako zentimetroa atzeraka egin,

eta gurpilen biratze eroa hasi zen

buztinaren gainean,

hanka pixka bat altxatu eta motorra geratu zen arte.

Kotxetik irten, eta lokatzetatik nola aterako zuen

pentsatzen hasi zen.

Hara joan izana madarikatu ondoren,

beste saiakera bati ekin zion.

Lehen martxa jarri zion autoari handik irteteko…


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter