Itsasgizona

2007 - 03 - 17

Bermeo 

Ez naiz inoiz itsasora irten,
bere ertzetako gatibu izanagatik ere.

Ez naiz sekula esnatu goizalde ilunean
barkuan arrantzara joateko,
olatuek ez naute zorabiatu
goitika egin behar izan arte,
ez dizkit hotz zorrotzak
eskuetako hatzak arraildu,
hezetasun gaziak
oinak anestesiatu.
Ez ditut egunak pasa behar izan
sareak altxatuz, amuak astinduz,
ez diot gau beltzari eutsi behar izan
ohatila zakar estuetan kulunkan
bakardadea partituz.

Legatza jan izan dut
perrexila eta txirlekin,
hondartza bazterrean ibili naiz
direnak eta ez direnak bilatzen,
kai zahar ederretan
argazkiak egiten,
olatu erraldoien isuriari itzurian
aritu izan naiz korrika,
baina ez naiz inoiz itsasora atera
kosta inguruetako adiktoa izanagatik ere.

Kresalaren usainak ase nau,
urdinaren argiak itsutu,
plater beteak koldartu.

3 erantzun »

  1. Lau bat aldiz ibili izan naiz itsasoan eta egia esan plazer ikaragarria da. Hori bai, ez litzaidake gustatuko arrantzale izatea, legatza hobeto dago platerean…Caribeko uren gainean dantzan aritutako uneak ahaztu ezinak dira, izurdeak aldamenean, eguzkia irribartsu eta gu bustita, barrutik nahi kanpotik…

    Comment by bewater — 2007 - 03 - 18 @ 10:09 pm

  2. Ni ere horrela ibilitakoa naiz, txikitan Ciudad de San Sebastian ontzian, turistekin, edo Greziako irla batetik bestera… baina gaur egun, arrantzale izatea etorkinek bakarrik onartzen duten lana da.

    Comment by amuitz — 2007 - 03 - 18 @ 10:57 pm

  3. Hala ere denok ibiltzen gara arrantzan. Ez itsasoan, baina bai arrantzan…

    Comment by indezent — 2007 - 03 - 21 @ 10:38 am

Utzi zure erantzuna


Oharra: mezu bat agertuko zaizu, leihotxo batean sar dezazun ondoan ikusiko duzun zenbakia (zabor-mezuak saihesteko neurria)


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter