Jokoa

2007 - 03 - 22

 

Joko bat bezala hartzen zuten, nahiz eta arriskutsua izan. Haietako bat mendira joaten zen, txapelokerrek jarrai zezaten mugaraino. Bitartean, gainerakoek estraperloan lortutakoa banatzen zuten etxez etxe.

Kontu handiz ibili beharra zegoen. Mendira irteten zenak ondo baino hobe ezagutu behar zuen ingurua, beharrezkoa zen unean ospa egiteko. Ez hori bakarrik, arrastoak utzi behar zituen guardia zibilak gidatzeko baina ez gehiegi gerturatzeko. Hirugarren lagun bat beharrezkoa zen mugaz bestalde, ahalik eta azkarren paraje haiek uzteko.

Dena den, kontrabandoan trukatutakoa banatu behar zen, eta hasieran bizirauteko egiten bazuten ere, denborarekin jaki eta edarien merkatu beltzari etekina ateratzen ziotenak geroz eta gehiago ziren, eta irabazten ez zutenek ere joko bat bezala hartzen zuten, nahiz eta azken hauek izan gehien arriskatzen zutenak.

Hoberen pasatzen zuena giza-amu moduan Larrarte hegaleraino igotzen zena izaten zen, Ildotz errekan gora nekatzen zena, Untzilako basoetan behin eta berriz hanka egiten aritzen zena. Bazegoen beti norbait horretarako prest: atzetik zetozen txakurren hats epela atsegin zutenak, bizitza guztia ihesean zebiltzanak, lagunengandik, ardurengandik, bere buruengandik ihesi, eta orain, fusilen aurrean benetan ihes egitera jolasten zutenak. Baina dena joko bat besterik ez zen, haiek ziren amuak, haiek besteei ziria sartzen zekitenak, eta beste aldera igarotzean, guardiak atzean utzita eta babesa aurkituta, benetako satisfakzioa jasotzen zutenak, dena ondo atera da esan, eta lotara zihoazenak.

2 erantzun »

  1. Bat baino gehiago ibiliko zen horrela garai batean. Ezagutzen ditudan Irundar edo hondarribitar gehienek kontatzen dituzte bere aitonaren modu horretako kontuak

    Comment by indezent — 2007 - 03 - 23 @ 11:38 am

  2. Badakik, beti arrantzan, itsasoan zein lehorrean.

    Comment by amuitz — 2007 - 03 - 23 @ 1:48 pm

Utzi zure erantzuna


Oharra: mezu bat agertuko zaizu, leihotxo batean sar dezazun ondoan ikusiko duzun zenbakia (zabor-mezuak saihesteko neurria)


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter