
Etzan, eta arnasa sakon hartzen hasten naiz, lasai, atseden hartzeko, loak irentsiko nauen zain geratzen naiz, lokartzen noa, pentsamenduek alde egiten didate pixkanaka…
Azkenean, badirudi burmuina hustu egiten zaidala, gogoeten itsasoa baretzen dela, ametsen erresumara hurbiltzen ari naizela.
Eguneko nekeak urrun, iluntasun atsegin batera amiltzen naiz, biharamunean indarberrituta eta kementsu esnatuko naizelakoan.
Baina loa ez da erabatekoa, ez da sakona, une oro Saharako lur arrea daukat gogoan. Ez dakit nola, bat-batean, obsesioa balitz bezala, nahi eta nahi ez, nire burua Dajlako wilayan kokatzen da eta han igarotako egunak biziberritzen hasten naiz, eta Mamaduri arropaz eta argazkiez betetako pakete bat prestatu behar diodala etortzen zait burura, eta han egongo banintz bezala pentsatzen hasten naiz. Dena aldatu da baina ez dakit zehatz zergatik, naturaren kolore homogeneoen artean gailentzen diren kolore biziengatik, agian, edota begi ilunen alaitasunagatik, behar bada.
Atzo, une batez iruditu zitzaidan etenik gabeko obsesioa aldentzen ari zela, bazkalondoan hutsean lokartu nintzelako telebistako irudien laguntzaz, besterik gabe. Baina ez, gauez agertu dira berriro hondarra eta zerua, haizeak astintzen dituen darrah dantzariak eta eguzkiak zulatu nahi dituen elzam arin eta sendoak, izarrak -ipar hemisferioko izar guztiak-, eta nahigabean zelatatzen ditudan eskuak, esku lotuak, besoak, beso besarkatuak.