Wilaya Dajla

2007 - 04 - 19

 

Dena hasi zen Dajlatik atera baino lehen, bezperan, Clubeko atarian eserita nintzela ilunabarra begira. Hautsa sartu zitzaidan sudurrean, eztarrian, begietan, eta ezin izan nion eutsi marrantari. Paralisi moduko batek giharrak gogortu zizkidan, eta han geratu nintzen, lurrean botata, belaunak minduta arrastaka ibilitako oinetakoen gainean.

Gau ilunak ez zuen ezer konpondu, izarrak eskura eduki izan nituen arren.

Biharamunean, argazki ilara bateko irudiek eztanda arazi zuten zerua. Bakar bakarrik egon nintzen une batez, jendez inguraturik izan arren. Dena bilduta zegoen han, nire hamabost urtetako ezjakintasuna, nire gaztaroko xalotasuna, bide erdian edo bide ertzean galdutako amodioak, heldu garaiko heldutasuna, nire amaigabeko pazientzia eta gauza txikiekin liluratzeko gaitasuna. Bizitza berriro ere bizi izan nuen, presaka, jakin bainekien horrelako une xarmagarriak errepikatzeko aukera agortu dela. Zoritxarrez.

Gero etorri ziren agurrak, eta Lekheilaren negar zotinak, eta Mamaduren besarkadak, eta umeek antzematen zuten etorkizun zapuztua. Eta ondoren, ezer eza, hutsa, zeru eta lur guztiak garbi garbiak, hodeirik ez, belarrik ez, biderik ere ez handik alde egiteko, argia soilik, hondarrezko itsasoa, eta nire malkoak.

Ezin nuen jasan jende hura ezer ezaren erdian abandonatzea, baina inozoa ni, haiek dira ni abandonatu nautenak guzti honen erdian.

 


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter