Han doaz

2007 - 05 - 30

 

Doinu bat galtzen da airean
mugitzen zaren bakoitzean,
eta doinuaren azken oihartzuna
entzunezina denean
uretan sartzen zara.

Dantza bat badoa ihesi
bustitzen zaren bakoitzean,
eta dantzaren azken pausua
eskailera azpira iristean
oheratzen zara.

Hitz bat desagertzen da ohean
etzaten zaren bakoitzean,
eta hitzaren azken hizkia
puntu bihurtzen denean
ametsetan hasten zara.

Lo zaudelarik doinuak,
dantzak eta hitzak,
astintzen du bakoitzak banaka
nire gorputz hetsia.

Ariketa bikoitza

2007 - 05 - 22


Hauetako errenkada bakoitza
muga bat da bizitzan,
ase beharreko baldintza.
Gutxienez lortu nahi dudan
zoriontasunaren adierazle.
Hiruzpalau betebehar
barruak lasaitzeko,
bakarren bat materiala
gainerakoak ukiezinak.
Baina bide batez ere
denborak eskaintzen didan guztiari
etekina ateratzen diot nahigabe,
aldagai bakoitzak
onura gehigarria dakarrelako
mugak asetzen direnean.

Egoerarik hoberenean berdintzen baitira
bizitzak oparitzen digun miraria
eta oztopoek eskatzen diguten lana.

Lantxo bat

2007 - 05 - 16

 

Azken memea Pon nekaezinak eskatu dit: irakurtzen ari naizen liburuaren 179. orrialdeko bigarren paragrafoa ekarri behar dut hona. Hauxe da, beraz.

Gaueko hamar eta erdietan heldu da etxera. Goizeder atea entzun eta berehala datorkio, aurpegi apur bat kezkatuaz. Musu eman eta sofan eser dadila esan dio, ekarriko diola afaltzeko zerbait. Ezetz dio Josuk, ondo dagoela. Hark, aldiz, jaramonik egin ez eta laster da berriz egongelan, eskutan erretilu bat dakarrela. Garagardoa ireki eta eskaini dio. Urdaiazpiko eta gazta apur bat onartu dio Josuk. Julia Roberts antzezle nagusia duen film bat ikusten ari zen andrea. Hari so gelditu dira biak.
Nekatuta, ezta?
Porru egina.
Gizajoa, hurreratu zaio Goizeder.
Mahai baxuaren gainean utzitako erretilurantz luzatu du besoa orduan, andrearen hurbiltasun gehiegizkoari itzurtzeko.

(Euskal Hiria Sutan, Xabier Montoia)

Lekukoa bost blogerori eman behar zaiolarik, ondokoek jarraitu nahi badute jokoa, bilatu dezatela mesanotxeko liburuan (badakizue, 179. orria, 2. paragrafoa):

Geldirik

2007 - 05 - 11

 

Bakean dago dena, edo hala dirudi.

Etxe ondoko zuhaiztia,

hiri osoa,

logelatik datozen zurrunga patxadatsuak,

txorien hegaldi geldoak,

itxarote lasaia,

argi pisua eta epelaren zama,

itzal lausoak.

Dena une batez geldirik,

une labur bat

betiko igaroan galduta.

Erresuma hau

2007 - 05 - 08

Nire mundua ez da erresuma honetakoa.

Ipar Atlantikoko irla urrutikoenera joango banintz ere,
itsas hitsaren beste aldera,
berde zimel eta goibelen aberrira,
ez nuke topatuko
udaberriko koloreak haizatzeko
ezintasun hau bezalakorik,
bidegabekeriak salatzeko
ezgaitasun halakoa,
ez bainuke inor aurkituko,
ez norbanakorik,
are gutxiago gizarte eraturik,
etorkizuna sumatzeko –estalki batek itota–
elkarlana atontzeko –kate luze batek lotuta–.

Irla urrunenera joanda ere
ezin izango nuke
erresuma beldurgarriagorik aurkitu.

Ostera

2007 - 05 - 04

Maitasun eroaldi batek jota
maindirea kendu duzu,
oinak airean hoztuta.
Laztandu nauzu biziki
eta eskuak lapurtu,
besomotz utzi arte.
Zure olagarro besarkadan
irentsi nauzu berriro,
eta behi muxuaz igurtzi.
Saski hutsaren eskaintza,
barre egin dezazun
hitz beteen kontura.
Zehar galderez oihuka
esanahi ezkutuen garrasi
bihurtutako eskean.
Oroimen zaharrak ohean
argi ahuletan mugitzen
elkarrekin ostera.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter