Ortzadarra

2007 - 06 - 28

Ortzadarra 

Lau elementuak elkartu ziren bezala mundua osatzeko, hala elkartzen dira ilunabar batzuetan koloreak zeru zabalean.

Baina gaurkoan egunak gris antzean itzaliko du argia, berunezko geruza zabal baten zamapean, eta bertan harrapatuak geratuko gara ezinbestean.

Eskua astindu dut, abaniko ikusgaitz batez airea irauli nahian, baina ez da ezer aldatu, zirimolak ezinezkoak direlako atmosfera trinko honetan.

Iluntasunak desagerraraziko ote du ikusi nahi ez ditugunak! Su txiki baten argiak ez ote du leherraraziko ortzadarraren arkua!

Oroituz

2007 - 06 - 19

Oroituz, etortzen zait negarra begietara. Duela hainbeste urteko gau luzeak oroituz malkoak datozkit begietara. Orduan ere musikarien abestiek hunkitzen ninduten.

Oroituz, gogoratzen ditut hainbat ilunabar, trena hartu eta inguruko jaietara hurbiltzen ginenekoak. Trena hartu eta ezeren beldurrik ez, bizitzarako itxaropen osoa baizik, nora joan eta berdin dio, zarata dagoen norabait hurbildu, gora eta behera egin kale berriak ezagutzen, taberna berriak ezagutu garagardoa edaten, denbora aurrera joan ahala burua galtzen goazela sentituz.

Nola ez oroitu gau haiek, gau eternoak batez ere neguko gauak baldin baziren, sekulan argitzen ez zueneko gauak, etxera bueltatzeko ordua atzeratuz luzatutako gau amaigabeak, pozik, adiskidetasunaren estalkiaren barruan ibiliz, beste tren batek oheraino hurbiltzen gintueneko gauak.

Gau haietako detailerik txikienak ere gogoratu ahal izateak emango lidake oraingo bakea, oraingo zoriona.

Baina hura dena oroitzeko ezinak jota, erreko nituzke orain hitz hauek nire barrutik zure oroimena usatzeko, erreko nuke zure oroimena zerorri nire barnetik alde egin arazteko, nire barnea erreko nuke zuregandik alde egiteko, zu zaren hutsune beltz horretara indar guztiz erortzen jarraitzeari uzteko.

Ezin dut, gainditu nauzu, irabazi.

Bolizko dorrea

2007 - 06 - 10

Tarifako faroa 

Eskerrak asmatu zidatela

bolizko dorrea,

bertan sartu eta hitzekin

jolastu ahal izateko.

 
Koldarra, esan zioten

bere dorretik irten

nahi ez zuen jokalariari,

eta hark irribarre isil batez

erantzun zien guztiei,

arrazoia zeinek ote zuen

axola ez ziolarik.

Beldarrak ozpinetan

2007 - 06 - 06

 

Edukiontzi honen barruan lehen aldiz argia jauzi zenean, berdexka zeuden platanondoei ateratzen ari zitzaizkien hosto berriak.

Hostoak handitu ziren egunak pasa ahala eta itzal freskoa eman ziguten udako sargorian, udazkeneko azken epelarekin horitu egin ziren eta neguan erori, itsasoko haize zakarrak astindu zituenean.

Urte osoa igaro da, beroaldi eta lehorteekin, hotzaldi, haizete, ekaitz eta giro mota guztiekin. Aurten, platanondoak zaharragoak dira.

Hostoak atera zaizkie zuhaitzei udaberri berantegi honetan, berriro ere, baina aurtengoak ez zaizkit gustatzen. Beldarrei bai, dirudienez, gustatu zaizkie aurtengo hosto samurrak, ederki ondo bazkatzen dituzte. Gure afarirako beldar potoloak besterik ez dira geratu, ozpinetan.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter