Mandoa

2007 - 07 - 24

 

Sartu zaigu animali bat etxean eta hari begira pasatu ditut azken hiru egunak.
Bere bidea egiten ari zen aldapa gora eta behera, gurera iritsi den arte. Lerro gorriak ere igaro behar izan ditu honaino iritsi aurretik, eta zertarako? Zein izan da bere saria? Eta zein gurea?
Haragia nahi genuen, eta ez urdaila betetzeko bakarrik.
Berak ekarri digu, kiloka.
Sare beltz batean harrapatuta zegoen, eta handik askatu da. Orain hemen dago, mendi gailurrean.
Egon da beste etxe askotan, eta bakoitzean opari bat utzi du.
Azkar ibili da, eta nekatuta dago.
Olerki bat prestatu diogu ongietorria emateko, baina zirriborroa besterik ezin izan diogu irakurri.
Lizunkeria atsegin dugu, berak bezala. Nekatzeraino ere.

Alferrik

2007 - 07 - 17

Itsas ontzien hilerrian
bizirik dirauten gizonezkoek
txalupak atontzen dituzte
janari bila joateko.
Basamortua, itsas handia.
 
Txalupak beste aldera iristean,
saiek txikitzen dituzte
ardien erraiak,
eta euliek multzotan
ingurua estaltzen dutenean,
itsas ontzien hilerriko gizonek
kondarrak aurkitzen dituzte, ustelak.
Zelai berdeak, alegiazko oparotasuna.

Ekialdeko begiradak

2007 - 07 - 11


Nepaletik ekarritako margolan bat:
iluna fondoa, argiak irudiak,
ehunka buda borobil kontzentrikoetan,
antzinako jakiturien maisuak,
iragankortasunaren mezulari isilak.
 
Gelaz bestaldetik zelatatzen dute
nire mesfidantza,
banbuzko gortina baten atzeko aldetik
kontrolatzen dituzte nire mugimenduak.
Horregatik, bat bateko paralisi batez
erantzuten diet,
beste aldera begira egongo banintz bezala,
ez nazaten behartu bide bihurrietan,
ez nazaten gogaitu hitz zorabiatuetan.
Beste aldera begiratzen dut,
haien begiradek iltzatzen naute.

Aurkitu ez

2007 - 07 - 02


Gaurko arratsaldez bilatuko zaitut, maitasunaren jokoak amaitu ondoren, mahai baten inguruan esan diezadazun nahi duzun guztia. Bilatuko zaitut, ez iraganeko arratsetan bezala, aitortu ezinezko grina batek zuregana bultzatzen ninduelarik, baina bai gogoz, zurekin egotea galdu nahi ez dudan plazera delako.

Urte bete beranduago konturatu naiz bilatu zintudala, baina aurkitu ez.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter