Tximeleta haserreak

2007 - 08 - 31


Tximeletak haserretu ziren egunean
lorez lore ibiltzeari utzi
eta kalera hurbildu ziren.
Asfaltoaren gainean lur hartu zuten
pixkanaka, hegoak astiro mugituz,
zoru iluna estali arte.
Gehienak urdinak eta horiak ziren,
bazeuden berdeak ere, eta marroiak,
gorrixkak eta beltzak, are zuriak eta grisak.
Han geratu ziren, zer gertatu zain,
eta semaforoak berde jarri zirenean,
kotxeek ez zuten adorerik izan
abiatzeko eta bidean aurrera egiteko.
Suhiltzaileei deitu behar izan zitzaien
ur zorrotadaz tximeletak usatzeko,
hauek hala ere ez zituzten hegoak astindu
eta han jarraitu zuten, gaur arte.

Mila metrotako itsasoa

2007 - 08 - 27


Itsasoaren mailatik mila metrora
eta milaka zuhaitzen artean
–pinuak, pagoak, haritzak–
ur eremu zabalak itsaso txikia dirudi.
Hondarra, haitzak, belardiak eta basoak,
zaldizko eta zezenak,
eta zerbaiten bila dabilen gizona,
haizeak eragindako olatu nimiñoen alboan.
Zelatan, zantzuen peskizan,
bide guztiak amaitzen diren
zabalgune bakartietan begira,
eguzkiaren izpi lasaigarriek
gorputz biluzia igurzten dutela,
mendi urrunari so
igarotzen ditu orduak.
Halako batean, denboraren igaroa igarri gabe,
bilatutako ezer ez duelarik aurkitzen,
bere izatearen aztarnak topatzen ditu uretan,
zuhaiztian,
bere gorputza eusten duten harkaitzetan,
zerua zeharkatzen duten hodei zurietan.

Barruan ezer ez

2007 - 08 - 20


Gorputz hutsen edertasuna
azalera leun eta ilun batek gordea,
itzelak,
jendetzaren artean
zutunik, geldirik
garaipen galduen bila,
morroi lausengarriak zapaltzen
eta barnea hutsik,
ageriko lerdentasunaren bestaldean
ezer ere ez,
kresalaren usaina ezik.

(Igor Mitoraj-ren eskulturak, Donostiako Zurriolan) 

Baratzen prezioa (II)

2007 - 08 - 10

Ondoren agertzen den testua honen (Baratzen prezioa) jarraipena da

 

Baratzen prezioa (II)

Azkenean, tipulak biltzen ari zela, Germani bihotzekoak eman dio eta lan astunak egitea debekatu diote. Udaletxeak, ordea, landa eremuan eraikitzeko araudia aldatu berri du, eta orain bere baratzean ezinezkoa da txaletik egitea, baratzaren salneurria izugarri beheraraziz.

Paseatzera joaten da orain bere lur sailera, belar txarrak nola hedatzen diren ikustera. Ezinbestean. Ezinaren ezinez. Bihotza zaintzen.

 

 

Leiho hautsia

2007 - 08 - 03

 

Leihoetatik sartzen zen argia
zaparradaka datorkigu
kristala hautsi zenetik aurrera.
Eta haizea, zuhaitzetako hostoak
astintzen hasten denean,
bolada bortitzetan iristen zaigu barrura.
Hodei ilunak bistaratzean
euriarekin batera,
errekatan bezala isurtzen da gelan
ur hotza eta tristura.
Estal dezagun zuloa
harresi sendo batez, maitea,
jarrai dezala kanpoan
eguzkiak kiskaltzen,
haizeak astintzen,
segi dezala urak estoldak betetzen.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter