Oroimenean hautsa

2007 - 09 - 21


Hautsa bezala itsasten dira
bizitako esperientziak gogoan,
maluta bakan batzuk hasieran,
geruza ia ikusezina osatuz.
Lehen maluta haiek
beste batzuen azpian geratzen dira
berriagoek estaltzen dituztenean.
Geruza geroz eta nabariagoa da,
eta egunak, hilak, urteak aurrera joan ahala,
hauts estaldura gogortzen doa,
zarakarra itsatsi egiten zaio gogoari.
Egunero zapi batez garbituz gero
hauts izpirik ez litzateke geratuko
oroimenaren gainean,
baina noizbehinka araztu ezean,
lohia idortu egiten da buruan,
eta ez dago modurik
hura desegiteko, garbitzeko.
Aurrerantzean,
oroitzapen pixarrak betiko gorde nahian
makalduko da adimena,
motelduko gogoa,
geldituko da ahalmenik gabe
sentipen berriak bizitzeko aukera.

Botilako mezua

2007 - 09 - 06


Neure kostaldera iritsi zinen
itsasoa bare zegoen iraileko egun batean,
beira marroi iluneko botila bezala,
baina hitzez idatzitako mezurik gabea.
Mezua zeu zinen, zeure gorputz osoa,
zure atal bakoitza, begi beltzak,
botila itsasoan gidatu zuen masta sendoa.
Nik ahoratu nituen zure ondasunak
zu laguntzearren,
nik laztandu nituen zure lore muinak
ongietorria emateko irrikaz,
eta nire ahoan geratu da, nire eskuetan,
botila husterakoan eskaini zenidan likorea.
Ez zenidan hitzik esan,
mezua zure baitan zetorren.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter