Kalean behera

2007 - 10 - 28


Gelako balkoitik hegora begira
behe lainoak estaltzen ditu teilatuak urrutian.
Kalean croissant eta kafesne beroa,
indarrez hasteko ibairainoko bidea.
Irmo zapaltzen ditugu harlauza handiak,
dendetako leihoetan iltzaturik begiak.
Aspaldiko ametsa betetzen ari naiz
eskulturaren azpian ikusten zaitudanean.
Zumardietako espaloi zabalek eta semaforoek
gidatzen dute zuzen eta zeharka gure norabidea.
Beheiti goaz erdi galduta korrontearen antzera,
zeru estaliak eraman ditu bihotzeko arrangurak.

 

 

Hodeitxoen ilara

2007 - 10 - 23

 

Hodeitxoen ilara,
ezkerretik eskuinetara,
mendebaldetik ekira,
bi gortinen atzean.
Igaroan hodeiak,
multzotik bananduak,
ekaitza iragartzen
udako arratsaldean.
Gortinen eta kristalaren
alde honetan, ordea,
bakea, multzotik bananduak,
lan gogorraren saria.
Sargori, burdin goriak kiskaltzen
etxeen arteko aldapa maldatsuak,
eta gela honetako argi horia itzaletan
elkarrekin egoteko enbataren erauntsia iritsi aurretik.

Gehiegikeria

2007 - 10 - 15

Bi egun eta erdi iragan ditugu metro geltokien barruan, tuneleko pareta borobilduan bizkarra lotuta. Gure aurretik lau minuturo igarotzen ziren trenetako leihoetan hiriko monumentuetako afixak zeuden itsatsita, kale, etorbide eta bulebarretako argazki handiak, etxe eta eraikinetako dekorazioan erabilitako irudiak. Trenaren burua tunel ilunetik geltoki argitsura sartzen zen bakoitzean, jendea urduri hurbiltzen zen andenaren ertzera, eta bagoietako abiadura moteltzerakoan, ateetara jotzen zuten presaka. Horrela leihoetako argazkiak ikus genitzakeen momentu batez: estatuak, farolak, dorre gotikoak, urrezko kupulak, zubi apainduak, eskailera kiribilak eta harmaila itzelak, zutabe loriosak, enparantza erraldoiak, erdi ezkutuan gordetako txoko xarmangarriak, autoz betetako harrizko galtzadak, atari dotoreak…

Eta bat-batean, txirrinak jotzen du, trenak emeki abiadura hartzen du eta laster batean geltokiko beste aldeko tunel beltzetik desagertzen da. Hurrena iritsi arte: bere leihoetan itsatsitako afixetan estatua gehiago ikusiko ditugu, harmailak, kupulak eta dorreak, gehiegikeri guztien apologiazko ikurrak, eta bitartean jende uholde bat gure aurrean metrora sartzen eta metrotik ateratzen. Bi egun eta erdi igarota, azken trena hartuko dugu geltokira iritsitako gainerako bidaiariekin batera, tuneletako bihurguneetan galtzeko.

 

Errealitatea

2007 - 10 - 02

Erabilitako pospolo bat hautsontzian,
eta zigarroaren hondarrak,
kearen azken zirimolak
leihotik sartzen den haizearen baitan.
Norbait egon da hemen duela gutxi,
irratian ahots batek
atzerriko hizkuntza batean dihardu,
euli batek bidai txiki bat egitera ausartzen da
sukaldetik korridorera,
bizilagunaren pausuak entzuten dira
portaleko eskaileretan behera
bere etxeko atea giltzatu ondoren,
errealitatea horrelakoa da,
bakartia, soinu arrotzez betea
eta ahots ezagunetan eskasa,
haize korronteek desitxuratuta,
bazkal ondoko ordu lasaietan.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter