Denboraren bigarren saiakera

2007 - 11 - 25


Nire alegiazko kaiera ireki dut
orri zuri bat bilatu nahian,
eta topatu dudan lehen orrian
jartzen zuena irakurtzen hastean
konturatu naiz norbaitek
hainbat hitz ipini dituela,
itsas ontzi handi bateko popan
noala kontatuz,
galdutako eguzkiaren bila
nabilela esanez,
eta ohartzen naiz bidai hori
oraindik egin gabe nagoela,
bilaketa hura amaitu barik,
hogeita hiru minutu ditudala
hau dena irakurtzen amaitzeko
eta ilargiak hogeita zortzi egun
behar dituela eguzkiaren bira osoa
bere azalera zulatuaren gainean ikusteko.
Nire alegiazko kaiera itxi dut
eta ontziaren popan eseri naiz aulki batean
ilunabarra gozatzeko.

Han nonbait

2007 - 11 - 20



Arnasa hartzen zuen bitartean gogoratu zuen eguzkiaren kolorea arratsaldeko azken orduetan. Oraingoan ez zuen eguzkirik ikusten, baina bai eguneko azken eguzkiaren koloreko zuhaitzen hostoak, urrez jantzita. Jarraitu zuen aurrera, zuhaitzetatik erortzen ziren hostoak zapalduz astiro, eguzki zaharra gogoan eta arnasaren airea birikan. Parkeetan umeak korrika ikusi zituen, espaloietan agureak kuzkurtuta, zubia igarotzen zuten oinezkoak haizearen aurka borrokan.

Ez zion balio oroimenak, eguzkia ikusi nahi zuen kostako muinoen atzean ezkutatzen. Ez zion balio begiak itxi eta suzko borobil gorrixkaren argizko azken hatsa gogoratzeak. Espaloiak igaro zituen, kaleak eta hondartzak, eta pasealekuetako zuhaitzen hostoak gainera zetozkion haizeak bultzatuta, benetako argia ikusi nahi zuen, han aurrean nonbait.

Ilundu zuen, eguzkia desagertu zitzaion bistatik hodeiertzetik behera egin aurretik, gauaren iluntasuna jasan behar ez izateko piztu ziren kaleko farolak, eta hondartza gaineko itsasargia, eta autobusetako fokuak. Baina jarraitu zuen han aurrera norabait, interruptorea ikusi zuen arte paretaren kontra itsatsitako hostoen azpian, eta ez zion eragin behar izan argi guztiak itzaltzeko, ia argi guztiak, bilatzen zuena han bertan baitzegoen, nonbait.

 

Ontziaren arrastoa, uhara

2007 - 11 - 15


Bidaiari-ontzi handia,
eta ni txopan,
baranda zuriari ondo helduta
itsasoari begira.
Ontziaren azpitik gora datoz
zurrunbiloak trumilka
apar zuri fina etengabe mugituz,
eta aparra itsasoko azaleran geratzen da kulunkan
ontziak aurrera jarraitzen du eta.
Nabarmentzen da barkuak itsas irekian
utzitako uhara luze zabala:
itsasoaren amaiera eta zeruertzean desagertzen da,
begiradak harrapatzen duen eremu osoan
uraren kolore urdin iluna
eta zeruaren urdin garbia.
Ez dakit nondik nora doan ontzia,
ez dakit zein itsasotan,
ez dakit zenbat denbora daramadan txopan
barandari lotuta, begirada ur arrastoan galduta,
bakarrik dakit ipar-ipar-ekialderantz doala barkua,
eta ni bakarrik nagoela txopan beltzez jantzita,
zeruan eguzkia astiro mugitzen delarik
eta uretan ontzia.
Motorren zarata ur azpiko makina gelatik
barku osora hedatzen da poliki,
ia entzunezina izan arte,
haizeak fin jotzen du, hotza ari du,
baina ez da nabari,
ez da ezer nabari,
ontziaren uhara itsasoan galtzen delarik.

Eskuak harrapatuta

2007 - 11 - 11


Lehenik ezker eskua sartu nuen,
ondoren eskuina,
eraikinak behe aldean zuen arrakalan.
Barrukoa ukitu nahi nuen,
barruko hartu, erabili.
Eta horrela egin nuen:
behin bi eskuak sartuta nituela paretako pitzaduran
izara moduko zerbait heldu nuen
behatzen artean,
oihal luze eta zabal bat,
eta hura astintzeari ekin nion,
mahai-oihalari ogi apurrak kentzeko
egiten zaion moduan.
Zapiaren gaineko kondar guztiak
erori ziren lurrera
baina nire eskuak arrakalan harrapatuta
geratu ziren ustekabean
paretaren beste aldean.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter