Kolorerik ez

2007 - 12 - 11

 

Neguan kolorerik ez,

baina grisa, nabarra eta

okrearen milaka aldaera,

hosto galkorretako zuhaitzak biluzik,

lur emankorra itxaroan,

laino geruzak ostertzean galtzen dira

gris argitsuak eta ilunagoak difuminatuz,

haran goietatik datorren ura, ibaia,

zeruko izpi bakanak islatzen

mendixka baten alboan,

atseden hartzen duen zabalgunean,

lautada amaigabea

urruneko mendi kateek mugatuta,

kolorerik ez neguan,

sastraka belztu lehorrak eguraldi hobearen

gogo-minez eta itxaropenaz,

eta hiri hilaren harresiaren ondoan,

marroiak handiagotzen dituen

erraldoitasun lekurik gabearen erdian

eta berunezko zeruaren azpian

ahots ezagun bat oihuka,

garrasi bat,

ahaztu dudan hitzik zentzugabekoena

esaten:

han zinen zu ere.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter