Tramoiaren irudiak
dekorazio ezberdinak daude,
oihal bat goiko aldetik
dator behera,
sokek pixkanaka ekarria
kontrapisua gora,
eta itsaso urdinaren irudia
hedatzen da agertokiaren atzealdean,
baina berehala beste panel batek
ordezkatzen du aurrekoa,
honakoa eskuinetik dator erdirantz
eta ilunabar gorri baten koloreak
hartzen du agertoki osoa,
eta konturatu gabe,
beste mihise bat dator
oholtzaren azpitik gora
eta kolorerik gabeko espazioa
bihurtzen da agertokia,
baina hara non datorren ezkerretik
beste irudi bat
mendi izoztuak urrunean
agertokiaren atzean,
eta han nago ni,
oihalen artean,
goitik, azpitik eta aldeetatik
iristen zaizkidan ilusioen artean,
aldi berean itsaso azpian eta mendian,
bakarrik eta jende andanaren erdian,
zertan jakin gabe,
antzezlan honetan
nire papera zein den asmatu gabe,
denboran galduta
eta betiereko hemen.
(Irudia: Gau izartsua, Vincent van Gogh, Musée d’Orsay)
