Argazki zaharrak

2008 - 01 - 29

Atsedenaldi labur honetan

desagertzen zara

ni hemen utzita.

Ez zaitez joan,

eska nezake oihuka,

ez nazazu utzi,

garrasika.

Zeuk jakingo duzu

zer den nahitaezkoa,

joan zaitez lasai,

emadazu atsedenaldi labur bat,

nik bitartean

argazki zaharrak aterako ditut kutxatik

eta haiei begira geratuko naiz.

Zimurrik gabeko aurpegiak,

mendi arteko bide galduak,

itsasoa, beti itsasoa,

eta zure zain egotearen patxada.

Malko aldatuak

2008 - 01 - 22


Gerrikoa mahai gainean eta zapatak lurrean,
gorputz biluzia ohean,
arnasestuka, negar zotinka.
Ez ote zegoen ordu hoberik,
egun hoberik,
honetan hasteko?
Ezin ote genuen biharko utzi?
Ez da ezer,
aldaketa bat bizitzan, beste aldaketa bat,
ez da ezer hori baino gehiago,
izarrak ezin ikusi ilargia aldamenean dutela,
hori besterik ez da, ia ezer ez,
arima berpizten duen ur bedeinkatua
errekan behera joaten utzi,
hori bakarrik,
eta baita ere, baina ia konturatu gabe,
etengabe pentsatzen egotera kondena,
lotarako orduen galera,
hori dena,
hemendik hara ibiltzea,
adimenaren berreskuratzea,
galdutako bizipoza edonon aurkitzea,
guzti hori ere bada,
bizitza dastatu eta harekin jolastea,
desesperaziozko negarra utzi eta
alaitasunezko malkoak isurtzea,
arnasestuka,
gorputz biluzia ohean,
gerrikoa mahai gainean eta zapatak lurrean.

Zarata gogaikarria

2008 - 01 - 13


Gaizki sintonizatutako
irrati aparailu baten antzera,
etengabe hedatzen da
inguruan zarata errepikakorra.
Erantzunik gabeko durunda,
ahots bat burbuila bat bezala
burrunbada baten erdian,
ezer esaten ez duen ahotsa,
hots ulertezina airean,
eta entzulearen jarrera asmaezina
entzulea labarretik eroritako
harri itzela bezain gorra denean,
euriaren higadura betierekoaz
baino gutxiago asaldatzen dena
gaizki sintonizatutako
irrati hots gogaikarriaz,
atzo bezala gaur ere
aspertzen duen irudi errepikariaz.

Gero isiltasuna egin zen,
ez zegoen ezer ulertu beharrik,
dena esanda zegoen.

Akuarela txikia

2008 - 01 - 10


Ur-jauziaren ondoko belardian eseri naiz

eta uraren joana begiratzen jarri,

etengabe erortzen diren milioika tanta,

hosto galduak eta arrokei higatutako hautsa.

Urak eta zaratak harana ebaki dute urteetan

indarrez zulatu haitzak, ebaki mendiak,

eta nik, pote txiki batean ur apur bat hartuta

poliki marraztu dut akuarela txiki gardena.

Orain

2008 - 01 - 03

 

Aukera galtzen utzi zenuen

eta orain, keinu uzkurrez

bere txantxak gogoratzen dituzu,

bere eskuak zure gorputzaren gainean,

bere irribarre zabala

eta bere algarak, zabalagoak

gau alaien ostean,

zure belarrietan entzuten dira

orain, beste basoetan,

iritsi ezin dituzun

beste urbazterretan bilatzen ari dela

susmatzen duzunean,

orain, badakizunean zure denbora, berea,

lertxun dardaratien hostoekin batera

ur gainean geratu zela,

eta hosto haiekin joan zela, horixka,

zubian behera desagertu arte,

zure bizitzari lapurtutako

azken lasto lehorren artean.


GORDETAKO TESTUAK (hilabetea sakatu):

Free Hit Counter