Malko aldatuak
Gerrikoa mahai gainean eta zapatak lurrean,
gorputz biluzia ohean,
arnasestuka, negar zotinka.
Ez ote zegoen ordu hoberik,
egun hoberik,
honetan hasteko?
Ezin ote genuen biharko utzi?
Ez da ezer,
aldaketa bat bizitzan, beste aldaketa bat,
ez da ezer hori baino gehiago,
izarrak ezin ikusi ilargia aldamenean dutela,
hori besterik ez da, ia ezer ez,
arima berpizten duen ur bedeinkatua
errekan behera joaten utzi,
hori bakarrik,
eta baita ere, baina ia konturatu gabe,
etengabe pentsatzen egotera kondena,
lotarako orduen galera,
hori dena,
hemendik hara ibiltzea,
adimenaren berreskuratzea,
galdutako bizipoza edonon aurkitzea,
guzti hori ere bada,
bizitza dastatu eta harekin jolastea,
desesperaziozko negarra utzi eta
alaitasunezko malkoak isurtzea,
arnasestuka,
gorputz biluzia ohean,
gerrikoa mahai gainean eta zapatak lurrean.

Ya me gustarĂa saber euskera para entenderte. Estoy seguro..
Comment by Xavier — 2008 - 01 - 23 @ 8:56 pm