Liburuko orrien artean galdutako hutsune zuriak. Mahai gainean zegoen paper puska batean idatzita zegoen esaldia, mezu kriptografiko baten moduan, baina ez zuen gogoratzen noiz idatzi zuen, zertarako. Paper puska horren ondoan hamarnaka liburu zeuden pilatuta, ehunka orri, milaka hitz, eta haien arteko hutsune zuri guztiak. Ez zekien nola hasi zuriune guzti haietan adierazpen ezkutu bat bilatzen. Baina jarraibideak argiro erakusten zuen han bilatu behar zuela, liburuko orrien artean galdutako hutsune zurietan. Esaldiak aukeratzen hasi zen, batetik besterako igaroan ustekabeko mezua aurkitu nahian. Baina esaldi batetik bestera hutsune tipografiko bat bazegoen ere, irakurtzen jarrita hutsuneak desagertzen ziren, eta irakurraldiak aurrera jarraitzen zuen etenik gabe, tarterik gabe, zuriunerik gabe. Milaka esaldi irakurri zituen ziztu batean. Konturatzerako, ahapaldiak irensten ari zen, ehunka orri pasatzen, aurrerabidean, mezu ezkutuen bilaketa ahaztuta. Lehen liburua amaitu zuenean, albo batera utzi eta pilotik hurrengoa hartu zuen, beste hitz mordo bat, esaldi, paragrafo, kapitulu. Komunera joatea ere ia ahantzita, une batez begiradak mahai gaineko paper puskara jauzi egin zion: liburuko orrien artean galdutako hutsune zuriak. Eta orduan konturatu zen. Bera zen hutsune zuria, bera liburuetako orrien artean galdutakoa.