Gauak
Eta zer geratu da hartaz?
Gau bat, ehunka,
harrizko paretaren aurka bermatuta,
aparra galdutako
garagardo bat eskutan,
barraren ertzean.
Iluntasunean ezkutuka,
alderik alde erdi galduta,
bizitzari tunel bat irekiz
egunerokotasunetik ihes egiteko,
antolatu genuen beste mundu batera
igarotzeko lurrazpiko bidea,
ustez mundu egonkorra
eta aldi berean lausoa,
etenik gabe luzatutako inauteria.
Oroimenaren zirrikitu batean
gordetako aztarna txikerra,
itsumandoka bildutako
gau beltzen argi zurbila,
arraunlari besamotzen antzeko
mila ziabogen zorabioa.
Ezer ez gehiago, agian,
bide ertzean ikusitako
gertaera guztien arrastoek
utzitako lore ximelak.

Mil esker hitz hauengatik. Bereziki “oroimenaren zirrikitu batean
gordetako aztarna txikerra” horrek pentsarazi nau.
Comment by Txabi — 2008 - 02 - 02 @ 6:36 pm